Katixa Agirre.
LAUHAZKA

Isilik geratzen bagara, entzungo dugu

2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Txikitan, eskolan, irakasle batek esan zidan bazegoela, teorian behintzat, iraganeko soinu-uhinak errekuperatzeko aukera. Alegia, soinu-uhinak ez zirela inoiz guztiz desagertzen, transformatzen baizik, eta errekuperazio teknologia egokiarekin, posible izan zitekeela, adibidez, Kleopatraren ahotsa berreskuratzea, haren azken hitzak entzuteko, edo gure birramonaren birramonaren kantu bat, gu lokarrarazteko.

Nerabezaroan, bihotza hunkituta bisitatu nituen, besteak beste, Shakespeareren jaiotetxea Stratforden, eta Mozartena, Salzburgon, haiek eragindako soinu-uhinek, oharkabean pasatu arren gure pertzepzio ahalmen mugatuaren erruz, han jarraitzen zuten ilusioarekin. Turista oldeaz babestu eta izkina ezkutu batean, Will txikiaren jolasak entzuten saiatzen nintzen, edo Mozart bera, serenata bat txistukatzen.

Heldutan konprobatu nahi izan nuen teoria honen funtsa, eta Googlek azkar esan zidan ez zela posible: termodinamikak ba omen ditu bere lege mugiezinak, eta behin energia ordenatu bat, adibidez soinua, energia desordenatua bihurtzen denean, ez omen dago atzera-bueltarik. Kaosaren eta entropiaren garaia da, eta entropiak aurrera egin dezake, baina sekula ezin du bidea desegin eta atzera egin.

Hala ere, ideia inposiblea buruan sartu zidan irakaslearentzat esker oneko hitzak baino ez ditut orain. Historia ulertu eta sentitzeko modu oso berezia eskaini baitzidan. Azkar esanda, iraganeko pertsonaiak benetako pertsonak izan zirela ulertarazi zidan. Ez diskurtso historikoak edo melodia ahaztezinak produzitu zituzten indibiduoak soilik, baizik eta mundutik ni bezala mugitu eta denetariko soinuak atera zituzten gorputzak: barreak, zizpuruak eta are puzkerrak ere. Eta horretan, beraz, berdinak zirela Shakespeare eta birramonaren birramona.

Gaur bizirik gaudenok hildakoen soinu difuminatuen itsaso bare batean nabigatzen dugu, konturatu gabe. Mantendu dut, urteetan zehar, iraganeko norbaitentzat inportantea izan zen tokia bisitatzeko ohitura, arrasto edo aura hura hor dagoela jakitun. Existitu zen pertsonaia bat nire fikzioetara ekarri nahi izan dudanean, ezinbestekoa egin zait hura egon zen tokiren bat bisitatzea, eta bertako airea arnastea, belarriak zabal-zabalik. Benjamin Brittenen pausoak jarraitu nituen Aldeburghetik Brooklynera, Atertu arte itxaron izeneko eleberria idatzi bitartean. Sylvia Plathen azken etxearen bila aritu nintzen Londresen, Amek ez dute idatzi baino lehen. Eta Parisko Meslay kalean egotea eta Marais auzo guztia korritzea ezinbestekoa iruditu zitzaidan, inguru hura Berriz zentauro nire azken nobelan agertzen den Mary Wollstoncraften bizilekua izan baitzen Frantziara heldu zenean, iraultzaren garaian. Asko hunkitzen naute oraindik horrelako bisitek, eta pentsatu nahi dut soinu-uhinei esker dela, urteen poderioz maiztuak eta transformatuak, neure barne mintzetan taupadaka.

Antzeko sentsazioa eduki dut egunotan, Agirre lehendakariaren biografia bat irakurtzen aritu naizenean (La política como pasión. El lehendakari José Antonio Aguirre, Tecnos argitaletxearena). Udaberriko egun eguzkitsuak aprobetxatuta kalera atera naiz irakurtzera, Bilboko zuhaitz urrien abaroa bilatuz. Berehala gertatu da magia, ordukoaren eta oraingoaren arteko teilakatzea, tokiak berberak baitira, eta saltoka baitabiltza uhin suntsiezinak oraindik Gurutze kaletik Deustuko unibertsitatera, eta handik Carlton hotelera, Moyua plazan. Bat-batean, esku artean dudan liburuan ere udaberria da, baina ez 2023koa, baizik eta 1937koa. Eta Europak XX. mendean eman duen okerrena, batuta eta airetik, Bizkaia suntsitzen saiatzen ari da.

Oso apalduta iristen zait bonben hotsa, baina zer edo zer iristen zait, eta bibrazio minimo horren baitan neure zorteaz ohartzen naiz beste behin ere: 2023ko udaberrian bizi naizelako, eguzkiaz disfrutatzen nagoelako, lasai irakurtzen asteazken buruzuri batean. Eta ez aterpe batean, sabaia dardarka, edo nire etxeko hondakinen artean, seme-alaben bila, edo Errepublikako gobernuari telegrama desesperatuak bidaliz, arren abioiak bidal ditzaten, nazi eta faxistei aurre egin ahal izateko.

Horrek guztiak, baina —bonba kriminalek, oihuek, telegrafoaren zotin intermitenteak, Caproni eta Heinkelen motorren burrunbak— gure inguruan jarraitzen du, entropiaren zopa kaotikoan errebote perpetuoan. Eta egia izango da entropia horretatik ezin dela ezer erreskatatu, ez dela oraindik asmatu eta agian ez dela inoiz asmatuko iraganeko soinu-uhin horiek guztiak berreraikitzeko tramankulua. Baina badugu imajinazioa, eta fikzioaren bulkada, entropiaz eta kaosaz salbatuko gaituen erreminta bakarra, gizakia bezain zaharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.