Katixa Dolhare-Zaldunbide.
HIRUDIA

Irudimen berri baterantz

2016ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Duela bi aste, Txema Arinasek ohartarazi zuen ez zegoela idazle zinez gaiztorik euskal literaturan, eta joan den astean Patxi Zubizarretak ihardetsi zion «kulturaren egoera setiatzea eta gaiztotzea geure buru berez ahulari harrika egitea» zela. Ados naiz errateko idazle gehien-gehienen konbentzionalismoa aspergarri izan daitekeela, eta konbentzionalismoaz haratagoko autore batzuen postura itsuek, garai iragan batekoak irudi, nardagarriak diruditela. Adibidetzat eman nezake Manex Pagola idazle-konpositore-kantari famatuaren errana, behin adierazi zuelarik kantu erdaldunek ez zutela hunkitzen; etsenplutzat ere bai pastorala idazleen ohidura hondar kantuan euskal militante edo gudariak laudoriatzeko, berriki Maite Berrogain Ithurbidek Katalina de Erauso trajeria zoragarrian oraino egin duen bezala, gaiaz kanpo «gorazarre» eginez «Eüskal Herriko emazteer / Presondegietan direnak / Borrokan izan direner». Euskaldunak ez dezakegu ote emoziorik sendi beste hizkuntza batean idatzi poesia bat entzunez? Ez ote dakigu gutarteko edo atzerriko jendeaz urrikaltzen, euskal gatazkari atsulutuki lotu gabe?

Ez genuke beharbada idazle gaiztoren beharrik —gaiztakeriak herra eta etsipena baizik ez dakarzkitelako—, baizik eta idazle jostakinena, hau da hizkuntzaren barne arau eta euskal kulturaren konbentzionalismoarekin jostatuko litezkeenak, beste hizkuntza eta kulturak sarraraziz jokoan.

Berriki entzun ditut Patrick Chamoiseau eta Edouard Glissant autore martinikiarren elkarrizketak Les périphériques vous parlent argitaletxeak Identités et devenir deitu filmean, eta arrunt gustatu zait hortan azaltzen dutena. «Mundializazioa» munstro ikaragarria da, diote idazle horiek, multinazional harrapariek manatu errealitate deshumanisatzailea sorrarazi duelako. «Mundualitatea», aldiz, itxaropenez beteriko kontzeptua izan daiteke jendearentzat, horren irudimena zabalduko dukeelako. Chamoiseau eta Glissanten ustez, irudimena da funtsez jende egiten gaituena, eta mundializazioak eragin uniformisaziotik lehenbailehen salbatu behar duguna.

Aipatzen dudan filmean, Chamoiseauk azaltzen du bere baitako ibilbidea, kreole gisa. Frantsesaren nagusitasunak inposatu irudimen arrotzari aurre egiteko, uste izan du lehenik kreolera eta tokiko kultura beren baitako garbitasunean babestu behar zituela. Baina pittaka pittaka ohartu zen gisa horretara ere histen zitzaiola irudimena. Hizkuntza menderatua malgutasunik gabe neurrizgoiti mirestea hizkuntza menderatzailea goraipatzea bezala dela dio Chamoiseauk: bi posturek agortzen dute norberaren baitako irudikatzeko gaitasuna.

Chamoiseau eta Glissanten arabera, mintzaira bakarrari buruzko idolatria bazterrera utzita, salbamena etorriko zaigu gure hizkuntzaz umorez trufatzetik, eta ber denboran beste hizkuntzenganako desiotik. Kasu, ez dira ari hor gure buruarekiko gaiztakeriaz, ez eta eleaniztasunaz ere: norbera izan daiteke poliglota eta mentalki, bere irudimenari begira, mintzaira bakarrekoa; ari dira joera batez, hau da gogoz eta bihotzez hizkuntza guziak hein berean ezarriz, horien artetik jolasteko ukan daitekeen tirriaz.

Zoin dira bada bide salbagarri hori hartzen duten idazleak, Euskal Herrian? Nik izenda nitzake, Iparralde huntako, Itxaro Borda eta Ttittika Rekalt, inguruko hizkuntzak gogotik eta umorez gonbidatzen dituztelako beren mundu linguistikoan. Baina menturaz etorkizunean —eta hori eder litzaidake — urrungo herrialdeetatik gero eta gehiago etorriko diren etorkinekilako harremanen ondorioz, euskal literatura deus ikusterik ez duten hizkuntzen arteko jolasgunea bihur daiteke, gure irudimen pertsonal nahiz kolektiboa hedatuz eta mamituz, irakurleon salbamenerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.