Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. IRITZIA

Irribarre erdia

2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun

Astebete lehenago Elizondoko saio beroan gozatu ederra hartu bagenuen, bestelakoa izan zen atzo Donibane Garazin bizi izandakoa. Bertso saioek oro har, eta txapelketa formatukoek bereziki, hori dute, azken finean: etorkizun iragarle abilenak ere nekez asma dezakeela hasi aurretik zein bide hartuko duen. Osagai guztiak zituen, izan ere, Donibane Garaziko saioak, gogoangarri horietakoa bilakatzeko: frontoi goraino betea, seikote erakargarria eta aurreko asteko erreferentziak. Baina...

Ikusi gehiago:Lorratza utzita, aurrera

Saioaren balorazio orokor bat egin beharko balitz, sei bertsolariak euren onenera hurbiltzeko ahaleginean ibili, ibili zirela esango genuke, baina denak ere txapelketa honetan eurengandik espero den mailara iritsi ezinda bezala. Saioaren amaieran bertsozaleen aurpegiak ikusi besterik ez zegoen, irribarre-erdi behartu xamarrak aurpegian, nork bere bertsolari gustukoenak bere egunik onena izan ez duenean marrazten diren horietakoak. Puntuazio eta sailkapen orokorrari begirada azkar bat, atzokoaren argazki gisa: Oihana Iguaran irabazle, Amets Arzallus bigarren puntu erdira, baina biak ere Elizondon goi mailan aritu zen Joanes Illarregirengandik urrun xamar, eta zer esanik ez Alaia Martinengandik. Kontuak atera, finalerako txartelak zeinen garesti egongo diren.

Gotaine-Irabarnen latz egin zuen bertsotan Oihana Iguaranek, eta Donibane Garazin ere sendo ikusi genuen saio osoan zehar, nahiz eta dirdira apur bat falta izan zitzaion lehen faseko saioan emandako maila ikaragarrira iristeko. Haren bertsoaldien artean ganbarakoa nabarmendu zen, goi mailako betelana doinu eder bezain zailarekin, azkeneko bi puntuetan efektu magikoa lortuz. Lan txundigarria. Finalean egoteko lehenengo urratsa egin du amasarrak; espero bezain urrats sendoa ez, ordea, aurreko asteko emaitzak kontuan hartuta. Nork dauka hemen seguru gaur-gaurkoz, baina, Iruñeko oholtzan aulkia? Aurten, ikusten ari garenak ikusita, Maialen Lujanbiok bakarrik.

Amets Arzallusi galdetu, bestela. Atzokoaren gisako saioetan sekulako erakustaldiak eman izan dituen txapeldun ohia gozakaitz sumatu genuen saio osoan zehar. Seiko motzeko ariketan piztu zen, eta hara non ariketa horretako bigarren bertsoan, bere arratsaldeko bertsorik onena izateko bidean zen horretan, zer eta poto egin! Kandelario-kalendario-hilario, joko-zoko-barroko... Bertsozaleon iruditeria kolektiboan iltzatuta dauden ahapaldiak, ume batek pilota batekin nola, errimekin jolas egiten duen jenio batek soilik kanta ditzakeen horietakoak. Bigarren itzulian latz egin beharko du bertsotan emaitza irauli eta Iruñean kantatzekotan. Okerragoak ikusi izan dira.

Koxka egon zen lehenengo bietatik hirugarrenera. Nerea Elustondok poto baten faltan bi egin zituen, eta horrek kondenatu zuen legazpiarra sailkapenean. Ganbarako ariketa ederra oparitu zigun, edonola ere, eta Iguaranekin ere bertsoaldi dotorea osatu zuen zortziko nagusian adinean aurrera doazen lora saltzaile biren larrutik. Asier Azpiroz, Haritz Mujika eta Aitor Etxebarriazarraga puntu kopuru antzeko xamarrarekin sailkatu ziren. Garaziko arratsalde epelaren biktima izan ziren hirurak ere: entzuleak gozarazi nahi baina erabat asmatzera iritsi ezinda, ziztu bizian bata bestearen atzetik igaro ziren ofizioei benetako zukurik atera gabe. Irun eta Durango falta dira. Bertan kantatu behar duten bertsolariak ariko dira, dagoeneko, aizkorak zorrozten. Ez da gutxiagorako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.