Iritzia ematea izan daiteke botaka egitea. Izan daiteke zartailua atera eta dominatrix bihurtzea. Iritzia ematea izan daiteke obretako hesien bestaldetik esaldirik nagienak botatzea. Izan daiteke granada bat jaurtitzea. Edo murru erraldoi bat eraikitzea. Iritzia ematea izan daiteke murruaren bestaldetik ageri diren eskuak ebakitzea. Izan daiteke edozeren aurrean bandera eta kolore jakin batzuei eustea.
Izan ere, ez dut uste bereziki erakutsi zigutenik iritziak eraiki eta artikulatzen, eta are gutxiago gure iritzia aldatzen (ze mozolo klasek egiten du hori?). Horren ondorioz, ez dut uste beti asmatzen dugunik bereizten sentipena eta susmoa, gorrotoa eta asmoa, zer den gurea eta zer dagokion parekoari. Gogoan ditudan lezio bakanak ingelesekoak dira, batik bat: sarrerako paragrafoa, aldeko argudioak on the one hand, kontrako argudioak on the other hand, eta sintesia to sum up. (Ez al da kuriosoa euskara ez den beste hizkuntza batean ikasi izana norbere iritziari kortsea jartzen?). Egitura horrek sinpletu egiten du eztabaiden egitura: alde batean dago hau, beste honetan bestea, eta erdibideko zerbait esango dugu ongi geratzeko.
Zaila da gauza esanguratsuak artikulatzen saiatzea mundu zaratatsu honen erdian, kultur mundu azeleratu eta kapitalismoaren meneko honen erdian. Zaila da agerikoaren atzeko hori igarri eta garbi adieraztea, ikusten dugun horren atzean dautzan engranajeak azaltzea. Ez dut uste begirada kritiko batek bizitza errazten duenik, eta ez dut uste gizarte osoan halakorik modu orokortuan garatzeko interesik dagoenik.
Askoz ere eraginkorragoa da «Bueno, hori zure iritzia da» esaldi magikoa erabiliz azken ukabilkada ematea arerioari, argudiorik gabe geratzen zarenean. Halako adierazpideak labanarik zorrotzena dira nire garunaren erdian; iritziak ez baitira sakratuak ez totemikoak, eta ez dira beti errespetatu behar (ikus LGTBIQfobia, xenofobia, arrazakeria, matxismoa, etab.). Covidaldiak errotik aktibatu zuen iritzigintza orokortua, eta ordutik, askoz gehiago kostatzen zaigu onartzea sinetsi nahi genukeenak ez duela zertan EGIA izan, eta gure iritziak gure historia pertsonalaren ondorio zuzenak direla: gure bizipen, gatazka, bizimodu eta bizitzako garai konkretuaren emaitza. Sarritan, munduaren aurrean posizio konkretu bat hartzeko modurik errazena da iritzi sendo eta higiezin bat hartzea. Totem edo idolo bati helduta, askoz ere errazagoa da haize-boladetatik astindurik txikiena ere gabe ateratzea.
Eta zutabe hau bezalako espazio bat duzunean, zer egin? Orain, atzera begira, ez dakit nola eman diodan zilegitasuna neure buruari bota ditudan batzuk botatzeko, halako espazio bat erdi-lasai hartzeko. Ziur asko ikusten ez zaituztedalako egin ahal izan dut hori; eta ze adierazgarria den hori izana nire babesa: mezua bota, eta nora eta nori heldu zaion ez ikustea. Iritzi bat ematen duzunean parekoari begietara begiratu behar ez izateak zenbat salbatzen gaituen, eta zenbat arintzen duen gure kontzientzia, onerako eta txarrerako. Iritzigintzaren zirkuko partaide zeinen erraz bihurtzen garen: munduko txiolariak, zutabegile ausart bezain inozoak, tabernetako barrari helduta futbolaz mintzo diren jubilatuak, telecircoko tertulianoak... Denok gara zirku horren parte.
Eta azkena dudan honetan, nik ezer gutxi dut zuei esateko. Izatez, nahi nuke dagoeneko isildu banintz. Isilik egon nahi dut une batez, Twitter, hesi, barra, telebista eta zutabeetatik aldendu, eta iritzirik ez artikulatu. Ez dut ezer esan nahi dagoeneko, lehortu zait iritzien iturria, isildu dira orakulu zaharrak eta piztu dira berriak, gure ordenagailuetan. Nork behar du iritzi-emailerik gaur egun? Nori interesatzen zaio ChatGPTk sortu ez dituenak?
Iritzia ematea izan daiteke botaka
[egitea.
Izan daiteke zartailua atera eta
[dominatrix bihurtzea.
Iritzia ematea izan daiteke
[obretako hesien bestaldetik
esaldirik nagienak botatzea
Izan daiteke granada bat
[jaurtitzea.
Edo murru erraldoi bat
[eraikitzea.
Iritzia ematea izan daiteke
[murruaren bestaldetik
ageri diren eskuak ebakitzea.
Izan daiteke edozeren aurrean
[bandera eta kolore
[jakin batzuei eustea.
Baina iritzia ematea izan daiteke
[aldamio pisutsuak hartu
eta mundu konplexu eta
[zail honetan
eutsiko dion zerbait eraikitzen
[saiatzea.
Eta hori da zailena:
oinarri soil eta malgu bat
[ezartzea.
LAUHAZKA
Iritzi-emailearena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu