Paul Beitia Ariznabarreta.
MIRA

Irailean sartzea

2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Irailean sartzearekin, dena izan da bat: euri-hodeiak agertu dira eta galdezka harrapatu ditugu geure buruak bizi berri ditugun hiru hilabeteei udara dei ote dakiekeen. Nekeaz eta zamaz hizketan entzuten ditut ingurukoak azkenaldian, batzuetan ni neroni naiz mintzo dena, luzaroegi azalera itsatsita daramagun neke batez. Eta bat-batean iraila da.

Nik lanean igaro ditut udarakoak —ez du politikak atsedenik hartzen, ezta diru zorroak ere—, eta ahal nuenetan makurtzen nintzen libururen batera, atsedenaz haragoko beste zerbaiten bila. Kavafis berrirakurtzen aritu naiz, beti zait aringarri eta aldi berean asaldagarri, funtsezko irakurketek ohi duten eran. Ez dakit non ote nengoen Monotonia poema berrirakurri nionean. «Egun monotono bati», dio, «beste batek jarraitzen dio, berdina». Ez da berdin esaldi bat non eta noiz irakurtzen den: «Gauza bera gertatuko da / eta berriro da gertatuko. / Instante berek aurkitzen eta uzten gaituzte». Eta horrela, amaitu arte: «Atzokoaren zama da, / eta biharkoan bihurtzen da jada biharko ez dirudienean».

Monotoniak zamatsuagoa, neketsuagoa dirudi azkenaldian, zaharragoa, eta iraila da horren konstatazioa. Modu okerrean lotu ohi da iraila berriarekin. Nik etxe-atari zahar baten antz handiagoa hartzen diot: azulejo ajatuak lurrean, behinola biziak ziren koloretako altzariak, datari begiratzen ez diozun egunkari bat. Eta atea irekita.

Zaharrera itzultzea bezala da irailean sartzea, eta sentipena da aurten areago dela. Kavafis berrirakurtzen duzu, ordea: «Zure bizitza nahi bezala egin ezin baduzu, / saia zaitez bederen / ahal bezala egiten». Eta pentsa daiteke zaharrean leku berri bat egiteaz ari dela: «Ez ezazu bizitza/ [... ] eguneroko inozokeriaren menera jarri/ arrotz desegoki bihurtzen den arte». Irailaren ate irekian finkatzeko modukoa da poema.

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.