Poztasun handiko egunak pasatu nituen joan den astean. Hertzainak taldeak asteazkenean Bilbon emandako kontzertua izan zen arrazoia. Ez naiz bereziki mitomanoa, ezta melomanoa ere (badakit tabu bat dela gaur egun horrelakorik esatea), baina bereziki gustuko nuen musika talde hori gaztetasunaren hastapenean. Urte intentsu batzuetako soinu bandaren parte izan zen Hertzainak, eta beste hainbesteri gertatu zitzaion bezalaxe, nire biografiaren motxilan txoko bat du. Beraz, Bilbon kontzertua emanen zutela ikustean, sarrerak hartu nituen, eta bertara joan nintzen lagun min batekin.
Ez dut gezurrik esanen, ez nuen uste momentuak gehiegi emanen zidanik, ordu on batzuk baino ez. Sarrerak hartu genituenean, zirrara handi bat sentitu nuen, baina kontzertura arte pasatu ziren hilabeteetan ez nuen bereziki presente izan hitzordua. Bilborako bidaia egiteko momentua gerturatzen ari zelarik, kirioek dantzaldi ederra zuten. Hala ere, buruari eusten nion, ezereztearen poseari eustearren, dezepzioaren beldur.
Euskalduna jauregira heltzean, ordea, urduritasuna nagusi zen; ez bakarrik gure kotxearen barnean. Jendea barrezka, lasterka, zegokion sarrera atearen zenbakiaren bila ontziolaren izena duen jauregi labirintikoaren barruan.
Areto barruan emozioa. Giroan elektrizitatea. Orduan ohartu nintzen momentuaren dentsitateaz eta garrantziaz.
Abesti zerrenda, gonbidatuak, nahiz bertsoen letrak garrantzitsuak izan ziren, baina niretzat behintzat, horren gainetik daudenak gertatu ziren. Momentu politiko baten nolabaiteko berpizte bat sentitu nuen. Ez naiz ni 80ko hamarkada bizi duen horietakoa, baina horren ondorioen usainak jaso nituen. Gatazka politikoak beste eduki batzuk zitueneko garaiak ezagutu ditut. Horren argiak eta itzalak. Ñabardura ezberdinetako izpiak, hobe esanda.
Autonomia hitza, ezker abertzalekoak ez zirenen ahotsa eta zilegitasuna, amaitzen ari zen mundu industrial baten azken arnasketak, drogak... Eta horrekin batera, abestien letra sexistak, ia gizonezkoek bakarrik betetako esparru publikoa, hipotesi politiko baten porrota... Mundu hori agertu zitzaidan berriz. Hertzainak momentu politiko baten alde ederrenaren eta kaxkarrenaren ondorio zen (edo da). Osotasunean zuen zentzua.
Ez nuke malenkoniaz begiratu nahi atzera, baina egia da momentu onek lehenaren gauza onak (abestien letra sexistak alde batera utzita) ekartzen dituztela orainera. Hitz horieizentzua aurkitzen diogun askok egin genuen topo Euskaldunan, eta gure egunerokotasunetik urrun egon arren (sarrerako bertsoetan esan zen bezala, lehen trosko, txino anarko, eta orain alkate edo gerente) osotasun baten parte sentitu genuen. Belaunaldi bat. Zentzua zuen munduan egoteko modu bat.
Konparazioek ez dute zentzurik, beste mundu batean bizi ginelako, baina garai horren alde onei beren balioa emateko momentuak zoriontasunera gerturatzen gaitu. Horrelakoetan ikasten da garena maitatzen eta sinisten dugun horri balioa ematen. Egunerokotasun politizatuagoa, ahots propioa defendatzearen balioa edo txikiaren garrantzia. Hori etorri zitzaidan burura, eta gogoetok musika ederrarekin eta dantzarekin dastatzeko plazerak eragin zidan egunetako zoriontasuna.
2016an Angela Davisek Bilbon esandako hitzak etorri zaizkit burura, behin eta berriro, kontzertuaren ondoren: «Elkarrekin musika disfrutatzen sentitzen dugun pozak lagun gaitzake pentsatzen nola senti gintezkeen aske izaten».
LAUHAZKA
'Inun baino alaiagoa izanen da'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu