Kritika. Musika

Intimitatea agerian

2024ko ekainaren 11
05:10
Entzun

EUSKADIKO ORKESTRA

Zuzendaria: Robert Treviño. Sopranoa: Elena Sancho-Pereg.

Egitaraua: H. Dutilleuxen Correspondances: pour soprano et orchestre eta R. Straussen Sinfonia domestikoa.

Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: ekainaren 7a.

Sortu, eraldatu, suntsitu eta berregiteko gaitasuna duten eskuak hartu zituen hizpide Euskadiko Orkestrak azken kontzertu-birarekin amaitutzat eman duen denboraldian. Programa honen bidez, intimitate hurbilera ireki nahi izan digu atea, fereka fisiko eta animiko eztiak zein egunerokotasunaren keinuak nagusi diren eremu pribatura, sekretuen etxera. Baina aurretik, programaz kanpo, Euskadiko Orkestrak eta Musikeneren hitzarmenaren baitan sortutako Jorda Gelan orkestra zuzendaritzako praktikak egiten dituzten ikasleei egin zitzaien tokia, Ludwig van Beethovenen Fidelio operaren obertura zuzendu zezaten. Oraingoan Sara Litonek hartu zuen batuta, baita keinu ziur eta kementsuaz hartu ere.

Hainbat idazleren eskutitzetan eta olerkietan oinarrituta dago Henri Dutilleuxen Correspondances obra, 1983 eta 2003 artean idatzia. Oso bestelakoak izanik ere, pasarte guztiek batzen dituzte –bai hitzen zentzuan, bai orkestraren tratamenduan–, subjektuaren bi muturrak, poeten ihespuntuak: ni-aren gertutasuna eta infinituranzko joera. Orkestraren sekzioak han eta hemen gailentzen dira, testu bakoitzaren nortasuna agerraraziz. Sopranoaren parte-hartzeak egoki ebatzi zituen Elena Sancho-Peregek, askotan erosoa ez den tesituran beti egonkor, ahoskera eta espresio bikainarekin.

Ehun urte lehenago estreinatu zuen Straussek Sinfonia domestikoa, bere bizitzaren erretratua osatzeko orkestra handiarekin erabiliz. Ostiralean, obra amaituta, txaloen artean, diagnostiko azkarra egin zuen nire alboan eserita zegoen emakumeak: «Hau sinfonia domestikoa baldin bada, a zer nolako giroa izan behar zuen honek etxean!». Straussen partituran antzematen dira, izan ere, familiartean senti daitezkeen babesa eta lasaitasuna, baina baita liskarren eztandak eta saihestu egin diren elkarrizketen tentsioa ere. Agerian geratu ziren horiek orkestraren jardunean, esaterako, zurezko haizeen goxotasunean, metalen ia ez gehiegizko parte hartzeetan, harien baturan. Etxe barruan burutzen dira, batzuetan, iraultzarik handienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.