Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Internet I (Johan Röhr)

2025eko martxoaren 9a
04:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dizuet gezurrik esango: etorkizunean teknologiak izango duen eraginari buruzko aurreikuspenek ez naute bereziki kitzikatu sekula. Txipak geure garunean, robotak lanpostu ia guztietan, droneak eguneroko banaketa lanak egiten. Halakoak auto hegalariei buruzko iragarpenen antzera jaso izan ditut, sinesgaitz. Laster ez dugu lanik egin beharko, bai, ziur, hala izango da zuk badiozu.

Ez da izaera kontu bat soilik: gogoan ditut iraganeko zenbait etorkizun: Second Life, adibidez, matraka ederra eman ziguten horrekin. The Sims tankerako zera digital horretan geure abatarrak izango genituen denok, saihetsezina izango omen zen simulagailu horretan murgiltzea. Gaspar Llamazares politikari espainiarrak mitin bat ere eman zuen bertan, aitzindaria beti gizona. 2007 zen orduan, baina berriki antzeko sentsazioak sortu dizkit Zuckebergen Meta-ren kontu horrek guztiak ere.

Dena den, iritzia aldatzen hasia naiz azken aldian. Eta ez Musk bezalako jendilajearengatik soilik. Orain gutxi ezagutu dut Johan Röhr, eta bere ibilbideak txundituta utzi nau. Röhr ez da superizar bat, baina 656 izen ezberdin ditu. Bere klon digital horiek 2.700 abesti inguru dituzte argitaratuak Spotifyn eta denek batera Michael Jackson, ABBA edo Metallicak baino entzunaldi gehiago dituzte. Röhren izenak bost axola du: «piano lasaia», «estresaren kontrako musika» eta halakoak sortzen ditu; zerbait egin bitartean martxan izateko musika da, giro musika. Spotifyk zerrenda arrakastatsuetatik talde ezagunak kendu eta halakoekin ordeztu izan ditu eta, artista hauei baldintza pertsonalizatuak eskaintzen dizkienez, abesti gatzgabe horien bidez konpainiak dezente aurrezten duela suposa dezakegu.

Gastuak murrizte aldera, zergatik ez zuzenean AA bidez sortu musika? Utikan artista apetatsu horiek. Jada badaude hainbat softwarerekin saiakerak egiten ari diren enpresa handiak eta Udio eta Suno bezalako webguneek emaitza txukun askoak sortzen dituzte —ikus Las Nenas taldearekin gertatua, adibidez—. Oraingoz ezin dira halakoen bidez sortutako lanen egile-eskubideak erregistratu eta eskerrak; zaila da langileon baldintzak estutzeko teknologiak izan ditzakeen erabilera irudimentsuek ez larritzea. Emadak «erlaxatzeko bat», Röhr.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.