80ko hamarkadako talde mitiko bati 2012an egindako elkarrizketa batean irakurri nuen, duela aste batzuk. Elkarrizketatuak zioen jada ez dagoela hiri edo gune jakinetako eszenarik —Bostongoa, DC-koa, Chicagokoa, San Frantziskokoa aipatzen zituen—, hiperkonexioa dela eta. Isolamendua behar duela soinu batek jaio dadin. «Irudipena dut Internetekin ideia berriak horren azkar entzuten eta asimilatzen ditugula ezen ez baitago aukerarik bakardadean gara daitezen».
Retromania liburuan Simon Reynoldsek goibel zioen mende berrian historiak etenda zirudiela. Orainaren taupadak ez omen zituen sentitzen. Artxibo mugagabe bat eskura izatearekin lotzen zuen hori, besteak beste; iragana orainaldiarekin, uztarri berean, lotzearekin. Rockak, popak, ez omen zuen garaira egokituko zen eta garaia moldatuko zuen forma berririk aurkitzen. «Abiaduraren eta paralisiaren konbinazio paradoxikoa», horra Reynoldsek zekusana.
2011 zen kazetari ingelesak iragandako hamarkadaren diagnostiko hura egin zuenean eta bistakoa da garaion ezaugarri batzuk ederki identifikatu zituela. Posible da 60ko hamarkadak abiatutako pop paradigma etengabe berritzaileari agortze zantzuak sumatzea, baina agian kontua gehiago da berria ez zela espero gisara ernaldu. Internet da tokia (hemen eta inon ez), Internet da unea (orain eta inoiz ez). Eszenak bertan sortzen dira, vaporwave delakoa kasu, baina are orokorrago, artista askoren eraginak ez dira albokoari ikasiak: sarean ehizatutako moldeak dira, munduko bazter ezberdinen arteko truke ikusezinaren bidez garatuz joan direnak.
Diskoak etxean grabatu, abestiak sarera igo, atzerriko diskoetxe batek argitaratu e-mail bidez hitz egin ostean; gauza arruntak dira horiek denak. Sare sozialak dira egun barra ertz, berripaper, plaza, txoko. Hala igotzen ditugu afixak bertara, non jarri bestela.
Iltzatuta geratu zitzaidan datua: 2017an egindako ikerketa baten arabera, Estatu Batuetan bikotekidea topatzeko modurik erabiliena ez da inor kalean ezagutzea edo lagunen edo familiaren bidez egitea: Internet da bitartekorik erabiliena. Halaxe dira kontuak: Interneten gaude eta Internetek egiten gaitu. Gure musika, nahi ala ez, horren araberakoa izango da.