Hotz egiten du Matadeixen, hankak izoztuta dauzkat, eserita nago, Koldo Izagirreren hitzaldia entzuten: Greenwichekoa ez da meridiano bakarra. Kasetean grabatu eta urte luzez autoan ibiliko dut bueltaka gero, auskalo non galdu arte, Jacques Ranciere eta bere disensoa deskubritu baino puskaz lehenago. Domaia da hitzaldi hori inoiz ez argitaratu izana liburu forman. Balio du gaur ere, gaur inoiz baino gehiago balio du, mundua meridiano bakar batek eta presidente bakar batek gobernatzen dutela ematen duenean. Ez dakit non ikusi nuen, Mega telebista katearen albistegiari ateratako argazki bat zen, kaptura bat, pantailazo bat: Donald Trump ari zen hizketan, eta behean hitzak: Donald Trump, Venezuelako presidentea. Hori da gauzak argi esatea. Edo mega-argi.
Koldo Izagirrek hitzaldi horretan aldarrikatzen zuena, azkar eta gaizki esanda, munduaren ordena naturala bere horretan ez onartzea zen. Nork bere kabuz pentsatzea, zaila bihurtu dena gaur. Jacques Rancière filosofoak tresna bat proposatu zuen horretarako: kontsentsuaren kontra, disensoa, diferente sentitzeko aukera, denok onartu beharko genukeen hori, datuak esate baterako, zalantzan jartzeko modua.
Ni behintzat geroz eta gehiago aztoratzen nau denok onartu beharko genukeen horrek. Esan nezake dotoreago akaso, baina orain ez da hori garrantzitsuena: faxismoa gure ateetan dago. Eta ez dakit nondik hasi...
Oso zeharkako kontu bat da, baina nonbaitetik hasteagatik, beti egin zait harrigarria bere jardunean, arte kritikan eta komisariotzan, hain zorrotz aritzen den batek hain lasai esatea bere jarduna eremu lokalean, nazionalean eta internazionalean gauzatu duela. Leku komun horiek dira izua eragiten didatenak, horiek hain erraz onartzeak.
Beti egin izan dit grazia, zerbait esatearren, Tabakalerak bere burua Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentro gisa definitzea, eta ez ikustea autodefinizio horrek automatikoki bere sintomak azaleratzen dituela, negatiboan.
Ulertzen dut, ulertzen da, akabo ba, kultura garaikidearena, baina ba al dago garaikidea ez den kulturarik? Urteak dira, baina denbora ez da distantzia, Edorta Jimenezek eta Erramun Landak erakusketa zirraragarri bat ondu zutela: Denbora ez da distantzia. Eta han ikasi nuen, harenak neuk irakurtzen ditudanean, Federico García Lorca poeta euskalduna dela, ni baitan, metabolismoz. Begietatik arimara ni baitan berpiztu egiten dela. Eta harrezkero badakit kultura oro garaikidea dela gaur.
Eta arrazoi berberagatik dakit denok, baita bere ziutatetik inoiz atera gabe hainbeste urte iragan eta gero ihes egitea erabaki zuena ere, baina baita bere etxetik inoiz atera gabea ere, den-denok garela geure baitan internazionalak, mundua bat eta bakarra baita. Eta edozein herritako liburutegi publikoa internazionala dela, baina baita liburutegirik gabeko herria ere, bere soilean, bere sotilean. Denok daramagu mundua gure baitan, eta internazionalak gara berez, munduko garen heinean.
Akordatzen naiz Hiru Trukuren kontzertuetan nola egiten zuen txantxa Ruper Ordorikak, Bob Dylan Euskal Herrian noiz ibili ote zen galdetzen zuenean, estatubatuarrak abesten zuen kantu bateko oso antzeko istorioa jaso baitzuen hirukoteak euskal kantu tradizional batean. Eta akordatzen naiz nola flipatu nuen Jaun Zuriano entzutean, Arturo Erregearen istorioan bezala harritik ateratzen zuelako ezpata.
Orduan, mundua bat eta bakarra baldin bada, eta istorioak antzekoak mundu guztian, ez dut ulertzen nola dagoen dena oraindik hiru esparru horietan sailkatzeko joera: lokala, nazionala, internazionala. Eta nola jan dugun diskurtso hori batere disensorik adierazi gabe. Eta nola egiten dugun euskaldunok hain erraz, ikusita gainera gure neurria eta artxipelago itxura, beste zatiketa zantar hori, herrikoa vs. nazionala, herrikoa herrirako bakarrik balitz bezala, eta nazionala nazio osoarentzat. Ez dakit zergatik erabiltzen ditugun oraindik hain eskema zaharrak. Bueno, jakin badakit, erosoa da.
Baina gure tragediaren neurria beharbada Harkaitz Canok azaldu du ongien Argia-n egin zioten elkarrizketan. Neu ere liburu horixe irakurtzen ari naizenez, hona ekartzeko tentazioari ezin izan diot eutsi: «Iván de la Nuezek argitaratu du liburuxka polit bat, Teoría de la retaguardia [Atzeguardiaren teoria], eta esaten du multikulturalismoa saldu digutela globalizazioaren kontrako erreakzio bezala, baina multikulturalismoa izan dela globalizazioaren barruko fase exotikoa, eta hori bukatu da. Eta iruditu zitzaidan esaldi bat, lapidarioa bezain egiazkoa: hizkuntza txikien eta kultura txikien ikusgarritasuna —hain modan dagoen hitza—, ekosisteman betetzen dugun edo bete uste izan dugun lekua, oso auzitan dago. Arrabola ikaragarria pasatzen ari da gainetik eta horrek eskatzen du erresistentzia heroiko bat, guri ez zaiguna arrotza, entrenatuta gaude, baina hor ikusten dut orain ere euskal kultura».
Eta ni ez nago hain seguru erresistentzia heroiko baterako prest ote gauden. Nahiago nuke. Tamalez, internazionalak izateko beste modu bat da urgentea oraindik ere, Arestiren itzulpenekoa.
LAUHAZKA
Internazionala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu