Nahiko sinetsita nago literaturak moraltasunaren zirrikituetan erdiesten dituela emaitzarik onenak. Askotan amorragarria bazaigu ere, aspaldi konturatu ginen moralitatea zerbait kontingentea, historikoa, kulturala eta, honenbestez, erlatiboa dela. Horrek ez ditu ezeztatzen, jakina, bere zerizana eta funtzioa, baina literaturak, hain justu, erlatibotasun horretaz kontziente eginarazten digu; horregatik, ez du oso estimutan izaten jende dogmatikoak eta, oro har, egia absolutuetara iritsi direla uste duten fededun itsuek. Moralak arauak eta legeak ezartzen ditu han eta hemen, literaturak arau horiei galde egiten die, izpiritu sokratikoz, «bai, baina ez al duzu uste hori auzitan jar daitekeela kasu konkretu honetan? Edo beste hori…». Hala, literatura bereziki da interesgarria moral bikoitza seinalatzeko. Idazki moralek zer egin behar dugun esaten digute, literatura egin behar dugunaren eta egiten dugunaren arrakalan ernatzen da.
Sally Rooneyren literatura adibide ona da horretaz jabetzeko. Bere begirada zoli eta ironikoak beti egiten du hazka leku jakingarri eta ez agerikoetan. Denok dakiguna berresteko badaude literatura baino leku hobeak, dirudi esaten digula.
Azkeneko nobelan, Intermezzo-n, aita hil berri zaien bi anaiaren istorioak kontatzen dizkigu. Nagusia Peter da, giza eskubideen abokatua; diskurtsoa ezin hobeki dominatzen du, irabazle bat da nolabait, nahiz eta aitaren heriotzak goitik behera zafratu duen. Ivan, anaia gaztea, berriz, xake jokalari artetsua da baina giza jokabidearen arau oinarrizko ugaritarako baldarra; incel bat kasik.
Nobela, neurri batean, bi gizonok emakumezkoekin duten harremanetan ardazten da eta, o sorpresa, kontua lehen begiratuan dirudiena baino konplexuagoa da. Berez, irudi dakiguke Ivan izango dela pertsonaia gorrotagarriena, besteak beste feminismoaren kontrako bere iritzi lauak tarteko, baina, hara non Rooneyk, abilezia handiz, berekiko enpatia sorrarazten digun Margaretekin duen amodio istorio ezin goxoaren bitartez. 36 urte ditu Margaretek, Ivanek baino hamalau urte gehiago, eta hasieratik gure moralitateak esaten badigu ere harreman desegokia dela, haien artean urte tarte handiegia dagoela, bien arteko desorekak handiak direla, eta botere harremanak, eta tartartar… Literaturak kontrakoa erakusten digu, hots, haien arteko harremana Peter sermoi zale eta feminista autodenominatuak neskekin dituen harremanak baino puskaz eder, samur eta atsegingarriagoa dela. Agerian beste behin moralitateak arau orokorrekin egiten duela lan (eta behar behar ditugu horiek ere, baiki) eta literaturak, aitzitik, partikularrarekin, detailearekin.
Literatura bereziki da interesgarria moral bikoitza seinalatzeko. Idazki moralek zer egin behar dugun esaten digute, literatura egin behar dugunaren eta egiten dugunaren arrakalan ernatzen da. Sally Rooneyren literatura adibide ona da horretaz jabetzeko.
Ivan eta Margareten arteko maitasun istorioa nola dagoen eraikia izan da nobelatik gehien gustatu zaizkidan gauzetako bat, nola diskurtso —eta erretolika— geruza guztiez landa, badagoen ikusezinagoa den zerbait bi gizaki atoan ulertzera eramaten dituena, pronostiko guztien kontra gainera, dena dutelako printzipioz kontra: Ivanen trakeskeria, zuzentasun soziala, begira dituztenen begiluzeen epaia... Dena aitortzen hasita, ekidin ezina suertatu zait haien arteko harremana eta Frank O´Hara poetaren eta Vincent Warren dantzariaren artekoa erkatzea, ez soilik badakidalako Rooney O´Hara zale amorratua dela, baizik eta momentu batean, Ivanen gorputza eskultura greziar batekin erkatzen duenean, O’Harak bere poemetan Warrenen gorputza deskribatu zuen modu oso antzekoan egiten duelako.
Intermezzo gazteleraz publikatu berritan nonbait idatzi nuen etsigarria zela liburua euskaraz irakurtzeko aukerarik ez izatea. Katalanez, esaterako, aldi berean argitaratu zuten. Nola da posible ez edukitzea urtean literatura garaikide oneneko 5-10 titulu euskaraturik? Jatorrizko hizkuntzetan argitaratu eta hilabete gutxira esan nahi dut, gaztelaniaz eta frantsesez argitaratzen diren une berean. Duela urte batzuk argitaletxe zenbait (Alberdania, Meettok...) hasi ziren halako saiakera txalogarriak egiten baina mota horretako proiektu batek erakunde publikoen sostengu irmoa beharko luke.
Horregatik, eskaera xumea luzatu nahiko nioke Imanol Pradales lehendakariari. Literatur jendea zibilizatuak izaten gara eta ez gara protesta-bide likitsetan kateatzen. Lasai egon zaitezkete, ez dizkiegu txintxetak ipiniko ziklistei, ez ditugu autopistak kolapsatuko, ez gara mehatxu, irain eta indarkeria zale. Prest ditugu argitaletxeak, editoreak, itzultzaileak, eta diruz ere sos gutxirekin egingo genuke halako bilduma bat. Ertzainei eman berri diezuenaren zati ñimiño batekin aski genuke urteroko mundu zabaleko literatura onena euskaraz edukitzeko.
