Ba omen da madarikazio txinatar zahar bat, hala dioena: «Bizi ditzazula garai interesgarriak». Bizitza gorabeheratsua edo arazotsua desio zaio horrela madarikatuari, lasai eta baketsuaren kontrakoa. Nahiko ezaguna da ustezko juramentu hori, eta han-hemen topatu izan dut batean baino gehiagotan. Latinetik datorren hitza izanik interesgarri, neure buruari galdetu izan diot zein hitz erabiliko zen txinerazko jatorrizkoan, baina berriki Zizeki irakurri diodanez, Txinan inork ez omen du madarikazio honen berririk, eta, beraz, berak dio litekeena dela Mendebaldeko asmakuntza izatea.
Ahoz aho zabaldutakoekin gertatu ohi den legez, hurrengo gertaera hau ere ez dakit zehazki nola izan zen, baina iritsi zaidan bezala kontatuko dut: eskultura baten aurrean omen zegoen jende talde bat, artistak denak, artearekin hainbesteko gertutasunik ez zuen bat izan ezik. Azken horrek esan zuen «polita» zela aurrean zutena, eta gainontzekoek erantzun, gutxienekoa zela hori, beste nonbait zegoela garrantzizkoena. Haserretu egin zen, eta geroztik esaten omen du ea zer esan behar ote den ba, ezin bada «polita» esan. Maialen Lujanbiok ere, Euskadi Irratiko Faktoria saioan egiten zuen kolaborazioan, honakoa zioen 2016ko urtarrilean, Arte eta jende garaikideez izenburupean: artelan baten aurrean ez dela komeni originala, kuriosoa edo polita dela esaterik, eta zer esan ez badakigu beti geratzen dela ondo samar interesgarria dela esatea. Bistan da ironiaz ari zela.
Aurreko anekdota hori gorabehera, arazorik gabe erabiltzen dira polit edo eder nire inguruko arte testuinguruan. Hala ere, interesgarri hitzaren defentsa egingo dut hemen, hitzaren ulerkera ederra baitakar aipatutako madarikazioak: gorabehera eta arazoetatik pasatutakoa. Eta zentzu horretan erabiliko dut interesgarri hemendik aurrera artikulu honetan.
Artelan baten aurrean gehien esker dezakegun gauzetako bat artista zikilisaltsatan eta olatu nahasietan sartu izana da, eta egoskor ibili izana norbere lanarekin kalapitan. Interesgarria den zeozer eginez gero, polit izateak ez dio trabarik egiten interesgarritasunari. Polita baizik ez izatea da arazoa, edo zehatzago esateko, estetika oso ezagun eta errepikatu bat elikatzea, erraza izan baitaiteke helburu hori besterik ez duen zerbait egitea. Adimen artifiziala ere irudiak sortzen hasi den honetan, adibidez, ordenagailu batek azkar egin dezake polit kontsidera dezakegun zerbait. Baina adimen artifizialak bere kabuz ez daki ezer interesgarririk egiten, ezin du bizitako denboraren arrastorik utzi, eta, beraz, hutsalkeriak egingo ditu. Kopiatuko du estetika bat, egingo ditu bariazio batzuk horren barruan, eta bistarako gustagarria den zeozer egin dezake, baita ausaz arrarotasun bereziren duen zerbait ere, baina hori besterik ez.
Hutsalkeriarako beste bide bat izan daiteke, bestalde, lanaren balizko kalitatea gai konkretu batekiko loturan zuztartu nahi izatea. Desmuntatzeak eta ornamentuak argitalpenean Damaris Pani egindako elkarrizketan datorren bezala, «mainstream diren hainbat diskurtso-aldarrikapenetara hurbiltzeak dezente emankorra dirudi egun, gai batzuek berez lanaren kalitatea bermatuko balute bezala». Garrantzitsua ez baita zer gai aukeratu den, hura nola landuta dagoen baizik, bidean pasatutako arazoen arabera. Eta ez da beharrezkoa gairik egotea ere.
Zerbait hutsala den edo ez, ez dago neurtzeko araurik. Intuizioz nabaritzen da, eta landu egiten da intuizio hori, asko ikusiz, konparatuz, gainontzekoekin hitz eginez, iritzi ezberdinak aztertuz, etab. Polita izatea gutxienekoa zela esan bazioten lehen aipatutako pertsona horri, aurrean zuenaren konplexutasunaz kontziente ez zela iruditu zitzaielako izango zen, eta horretaz konturatzen lagundu nahiko zioten, polit hitzaren aurkako ezer izan gabe benetan. Haserretu egin zen, ordea. Ez dakit zer-nolako harremana izango zuten euren artean, ezta zer tonu erabiliko zuten ere, baina haserre horrek erakuts dezake, agian, zail izaten dela askotan artea serioski hartua izan dadin, artearen ingurukoak ez direnen aldetik. Hemen beste noizbait esan izan dudan bezala, proportzio bertsuetan nahastu ohi dira erreberentziazko begirunea eta burlaizea. Bi mutur dira horiek, eta tartean legoke puntu osasuntsuena.
Esan dezadan Maialen Lujanbiok buelta eman ziela gero bere hitzei, Euskadi Irratiko kolaborazio horretan bertan. Artea errazegi kritikatzen eta erridikulizatzen dela esan zuen, eta hau ere bai: «Kezka behar da, ikusten ikasi behar da, eta lantsua da». Ikusten ikaste hori ez da aurrez ezarritako irizpide zehatz batzuk barneratzea —agidanez, adimen artifizialak ere egin dezake hori—, norbere intuizioa lantzea baizik.
LAUHAZKA
Interesgarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu