Zuek lerrook irakurri aurretik adiskide bati pasatzeko ohitura dut, ez baita komeni ageriko plazara agertzea aurretik besteren iritziak jakin gabe. Eta gaurko alea bidali nionean, halako kezka bat sumatu nion, gogortxo ari ote nintzen. Hartara, adiskideak halakorik gomendatu ez arren, izenen ordez siglak erabiliko ditut (Julian Barnes-ek teknika postmoderno horren efektismo kaxkarra salatu arren), Zimeria txikia baita, eta irakurleak berak bilatu dezala nortaz ari naizen, horretarako gogorik izanez gero.
Horrenbestez, labur beharrez, zutabearen abiabururako prest nuen intelektualen zereginari buruzko paragrafoa kendu behar izan dut. Ezabatu, besteak beste, nola Octavio Paz mexikar poetak zioen idazleak engaiatua izan behar duela, baina oharkabean —alegia, ez berariaz—, pastixerik edo panfletorik sortuko ez badu. Ezabatu, gisa berean, engaiatutik engainatura alde bakarra letra bat dela, kontsonante sudurkari bat hain zuzen (hitz-jokoa onegia zer sastarretara botatzeko; barka).
Kontua da asteotan zimeriar intelligentsiak eman dizkigula intelektual ez denaren zenbait adibide. Erakusgarriok aditzera emango digute zer ez den batere intelektuala. Izan ere, xinplea ez da intelektuala. Esan liteke atzera egin dugula, orain muina ez dela intelektuala engaiatua den ala ez; gakoa besterik da: intelektualak ezin du sinplekeriarik esan. Izan liteke eskuineko edo ezkerreko, baina ez sinplista.
A1 antzerkigile-antzerkilariak dakarkigu lehenbiziko adibidea: «Itzulpenek ez dute balio, artifiziala geratzen delako. Fikzioa guk sortu behar dugu, zimerieraz, horrek elikatzen duelako eguneroko zimeriera, zimerierak baditu horretarako tresnak». Topiko bat da hori, adierazpen mailegatu bat, ez gogoeta beregain bat. Uste dut jarrera hori bakarrik pareka daitekeela otomandarren itzulpen-politika ataka-estuarekin, esentzialismo beranduko batekin edo beste zaharkeria gutxi batzuekin.
Hala ere, A1ek hitzok esan egin zituen, eta gaitz erdi, nahiz kazetari batek idatziz jaso zituen zorigaitzez (scripta manent). Zimeriar sortzaileen aldeko aldarriek buru-beroturiko baten adierazpenak izan daitezke, zeren, azken batean, A1 orain erakunde publiko baten buru ari baita, zimeriar kultura atzerrian zabaldu guran.
Intelektualtasunaren gorena, ordea, A2 idazle-komunikatzaileak jo zuen, ordenagailuz jo ere, aurrez pentsaturik eta maltzurkeriaz, eta hala argitaratu zen Zimeria diglosia egunkarian. Hasteko eta bat, etorkinen bizkar uzten du zimerieraren iraupena: «Kanpotik etorritakoen kopurua % 6 izan arren bakarrik, etorkizunari begira, portzentaje hori zaintzea benetan esanguratsua izango da gure herriko hizkuntzen bizikidetza orekatzeko». A2k ez die erreparatu, nonbait, klase ertaineko funtzionario-jendearen hizkuntza-ohiturei. Pobreak beti dira errudun merke.
Horrainokoak kultura politiko jakin baten ondorengo izan daitezke (izan gaitezen onberak), «jel»arekin garbituriko mundu batenak, baina hortik aurrera idatzitakoek paroxismoraino goratzen dute arrazakeria. Kirolaz ari da, eta afrikar kirolarien nagusitasunaz, beltz izenondoari buruzko umorezko aipu eta guzti: «Bestetik, […] Nazioarteko Kros Txapelketan, urtero lez, beltzak nagusi […] (kasu honetan uste dut ondo dagoela beltza terminoa erabiltzea, inork ez duela gutxiestetzat hartuko, alegia, korrikalarien artean bi mundu lehiatzen baitziren: beltzak eta gainontzekoak) […]».
Intelektualak jakin behar luke beltz terminoa aspaldi bere egin zutela afroamerikar kontzientziadunek, black panther, black power eta black nation lekuko, diskurtso arrazistaren sinplekeria, amorragarri izateaz gainera, irrigarri izan ez dadin.
Bidali egin beharko nion nire adiskideari artikulua berriro, zuenganatu aurretik, baina Zimeria urrunegi dago.
Literatura. Hirudia
Intelektual-ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu