Euskaldunok, izan, ez garenez, badugu gurea kanpoan zabaltzeko halako gogo ezin bridatuzko bat. Eman ta zabal zazu mundua fruitua abesten zuen Iparragirrek, baina hark Montevideon ondu zuen Gernikako arbola, eta barkakizun da ahapaldi hori, bai eta Etxahunen «Montebidorat juailiak» berset erdiragarriak ere: «Hau da üskaldünaren sistima tristia / Hürrünian beitie bere sinhestia / Ustez aisago egin han aberastia / Deus estien lekian, zer aperentzia / Hori da arrantzüra larrerat juitia». Etxahunek Abadiak antolaturiko Lore Jokoetara aurkeztu zuen berset sorta hori, baina ez zen irabazle gertatu.
Nago gaur ere ez luketela sarituko Barkoxeko koblakaria, larrean arrantzan jarraitzen dugulako, eta, zer esanik ez, kanpoan dugulako sinestea. Politikan, bistan denez, hala izan da beti: JFKren esperantzan ziren jeltzaleak; Nazioarteko Bake Batzordeari begira gaurko abertzaleak. Literaturan ere bai, jakina, baina ez kanpotik barrura, ezpada barrutik kanpora.
Ulertzekoa da euskaldunok, izan, ez garenez bagarela erakutsi nahi izatea atzerrian. Hala, gure arteko baten baten liburua han edo hemen argitaratzen denean laster notizia dugu hedabideetan, baita literatura-aldizkaririk ezdeusenean pare bat poema plazaratu badira ere. Gure idazleek kanpoan lehiaturik erakutsi nahi izaten dute badirela nor, besteen pareko direla. Lagun itzultzaile batek behin kontatu zidan nola estutu zuen idazle batek erdarazko itzulpena hainbat lasterren amaitzeko, erdibana itzultzeko bere burua eskainiz. Larrimin hori bizi da letra-sortzaile askoren altzoan.
Larrimin horretaz luze eta zakar idatzi du Joseba Gabilondok bere azken liburuan, New York-Martutene saiakeran. Liburuan kanporako ari diren idazleak (Atxaga eta Uribe) eta barrurako ari direnak (Saizarbitoria) bereizten ditu dialektika lakandar halako batez baliaturik. Oharkabean pasatu da liburua, baina badu jakingarririk, zalantzarik gabe.
Gure txakolintasun-ean, ardo nahi eta ezin izate horretan, berriz, Etxepare Institutua sortu zen, eta, berriro ere, Cervantesen etsenplua hartu zuten gure agintariek, hura itxuratzean (Euskaltzaindia sortzean, Espainiako Errege Akademia eta Frantziako Akademia eredu izan zituzten ginoan). Eta hara, orain zer bururatuko, eta argitara dezagun Etxepareren liburua hamaika hizkuntzatan munduko bazter guztietako liburutegietan banatzeko (Deiak liburutegirik «onenak» aipatzen zituen, suhar).
Eta, hara, herri txikia gara, ez gara aberatsak (baten batek besterik uste bazuen, orain ez du dudarik izango), eta, hala ere, kanpoan jarduteak harrotzen gaitu, adoretzen gaitu. Berdin, euskalgintzan: «hiztungintza»-n dirutzak erabiltzen dira, baina euskaldun direnei apurrak baino ez zaizkie ematen gogoa alha dezaten.
Erantzun beharrik ez daukan arren, egin dezagun galdera: ez al da onuragarriagoa euskaldun sail bati kanpotik irakurgaiak euskaraz eskaintzea gure idazle baten liburu bat kanpoan argitaratzea baino? Ez al dugu bizi behar (kultura kontsumitzea ere bizi-premien artean da)? Tinko jarraitu behar al dugu euskaldun, hiztun kopuruak emendatu arte?
Eta esango didazue batak ez duela bestea kentzen, eta arrazoi duzue. Ez dago halako dikotomia zurrunik. Inportazioa eta esportazioa behar ditugu, baina ez dago kultura-inportaziorako berariazko politika sendorik, ekimen batzuk badiren arren. Bai, ordea, esportaziorako. Argazki kosmopolitak ederrago dira.
Bitartean, goikoen zain egon gabe, jendea lanean ari da. Sortu dira argitaletxe berriak (Pasazaite), podcastak (Xerezaderen Artxiboa), datu-baseak (Euskarari ekarriak), argitalpen digitalak (Armiarma), blogak (Elearazi)…
Gure berezitasunak ez gaitzala bereizi mundutik.
Literatura. Hirudia
Inportatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu