jokin azpiazu
Lauhazka

Independentzia

2024ko urtarrilaren 28a
05:10
Entzun

Ikustekoen zerrendan nuen aspalditik Esplendor Geometrico talde industrialari buruzko Geometría del esplendor dokumentala. Arlo politikoan, sorpresa handirik ez: norbanakoari egindako gorazarrea, eta bazterretan egotearen erromantizazio handiegia, nire iritzirako. Baina dokumentalak balio handia du, bai irudiengatik eta baita taldearen balio estetikoagatik ere. Esanguratsua da dokumentalean hitz egiten dutenen generoari erreparatzea: bi emakume, pertsona ez-bitar bat eta hamabost gizon. Faltan hartu ditut estatuko musika industrial eta ruidistan ibili diren emakumeak, ez dira-eta gutxi. Bere ibilbide eta adinagatik, adibidez, Rosa Arrutik asko esan zezakeen taldeaz eta bere testuinguruaz.

Duela gutxi utzi gaituen Karin Ohlenschläger arte historialaria da filmean agertzen diren emakume horietako bat, eta bere hitzek eman didate hausnarketarako oina. Zintak ordu eta laurden pasatxo daramanean egin du emendakina: jendeak eszena musikalen independentziaz hitz egiten duenean beti pizten zaiola argi gorria, ez duela sinisten. «Interdependentzia handia dago, benetan, arte eta sormen eszena horietan, kolaborazio sare eta egitura estuak», bere hitzetan. Azkar eraman du komentarioa materialtasunera: «Batek zeukan beste hark behar zuen kamera, eta beste hark erritmo-kutxa, eta azkenak argiztatzeko foku bat». Aditzak iraganean jokatu ditu; normala, Esplendor Geometricoren hastapenak 1980. urtekoak dira-eta, baina jokoa eman dit pentsatzeko ez ote garen ari irudikatzen interdependentzia material hori iraganeko kontu gisa, hain zuzen ere, une horietan baliabide materialak oso urriak zirelako. Euskal Herriko punk taldeen inguruan egin diren kontakizunetan, RIP taldeari buruzko Punkaren 25 urteko historia bizia dokumentalean edo Zona Especial Noise liburuan adibidez, oso ohikoak dira antzeko kontakizunak, bost talderen artean bateria bat edo gitarra bat konpartitzeari buruzkoak. Interdependentziaren ideia hori pikutara bota nahi izan du merkatuak, kolpe bakarrez, musika egiteko tresna guztiak denon eskura daudela aldarrikatuz: bakoitzak badu bere gitarra, ordenagailua, mikrofonoa. Langile klasearentzat kontsumo-produktu bat gehiago dira. Ez merkeena, noski, baina tira, autoak ere ez dira merkeak eta jende gehienak badu bat.

Horretaz hitz egiten du nolabait dokumental berean Francisco Lopez esperimentalistak (eta bere ahotsak maitemindu nau berriz ere), dioenean ezberdindu egin behar direla teknologiaren sozializazio masiboaren alderdi politikoak eta sozialak. Alegia, beretzat une horretan aldaketa esanguratsuena horrek ekarri zuela, lehenago erabat ukiezinak ziren teknologia batzuk jendearen eskuetara heldu zirela (kasete grabagailuak, sintetizadore merkeak, irratiak...), eta horrek eman ziola aukera eszena horri independentea izateko, ez zentzu politikoan, baizik eta tekno-sozialean. Alegia, bere aburuz, gauza bat da independentzia aldarrikatzea, norberak gauzak nahi duen moduan egiten dituela esatea, eta bestea de facto-ko independentzia izatea. Adibidez, talde askok euren diskoak kaleratzeko ez zuten jada diskoetxe, estudio eta bestelako azpiegituren beharrik, haien diskoen ehunka kopia egin zituzten etxean kaseteak kopiatuz pletina bikoitz batean. Hortaz, eszena hori teknologikoki independentea izateak eragin zuen estetikoki (eta, nolabait, politikoki) independentea izatea. Tramankuluak dakar egoera, eta ez alderantziz.

«Eszena hori teknologikoki independentea izateak eragin zuen estetikoki (eta, nolabait, politikoki) independentea izatea».

Independentziaren inguruko bi ikuspegiok materialtasunari egiten diote erreferentzia. Batek dio materialtasun horrek batzen zuela eszena hura, elkarrekin ikertu, pentsatu eta egin zutela musikari guzti haiek, eta ez banaka. Bigarrenak, berriz,, halabeharrez, aldaketa teknikoek (eta, gehituko nuke, aldaketa horiek gaur-gaurkoz bultzatzen dituen sistema ekonomikoak) eragin zuzena dutela sortuko den emaitzan, bere aukerak eta mugak erakutsiko dituztela, alegia. Guri tokatzen zaigu ideiotatik abiatuz galdetzea: ze independentzia du posible gure musika esparruak, merkatuak interdependentzia oro ezabatzeko promesa egin, eta guk promesa hori erosten dugunean? Nola sortzen ditugu, azken finean, Ohlenschlägerrek aldarrikatzen zituen kolaborazio-sare eta egitura horiek? Azentua egitura hitzean jarriko nuke. Sare kontzeptuak, modan egon arren, deus gutxi dio gaur egun: berdin esaten diogu saretzea kolektibo bat sortzeari, kontzertu osteko parrandari edo kalean bizilaguna agurtzeari. Egiturak zentzu indartsuagoa eta, dagokigun gairako, esanguratsuagoa du. Egiturek dependentziak eta interdependentziak sortu ditzakete eta, garrantzitsuagoa dena, hor jarraitzen dute norberak alde egin duenean ere.

Garrantzirik eman gabe ia-ia, lehen elkartzeak Ateneo Libertarioan egin zituztela aipatzen du Lopezek, Madrilgo Prosperidad auzoan, anarkistek martxan jarritako espazio batean. Materialtasun horrek sortutako interdependentziatik ere etorri al zen independentzia ditxosozkoa?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.