Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Ihesaldiak eta disrupzioak

2024ko abenduaren 15a
04:30
Entzun

«Ihes egitea obligazioa da». Horrela irakur daiteke Angel Amigok 1978an idatzi zuen Operación Poncho izeneko liburuaren hasierako orrialdeetan. Bi urte lehenago, beste 28 preso politikorekin batera Segoviako espetxetik ihes egin zuen Amigok berak. Xehetasunez kontatzen da liburuan nola izan zen operazio horren kronika, parte hartzaileen testuekin, argazkiekin eta garaiko dokumentuekin. Egunotan liburua berriz bisitatzeak sortzen du irakurlearengan halako lilura bat, nolatan izan zen erreala, imajinagarria sikiera, hain ekintza zoroa gauzatzea. Imanol Uribe zinema zuzendari gazteak aipatu liburua irakurri zuen, eta oinarri harturik, erabaki zuen 1981ean bere fikziozko lehenengo filma egitea.

Hala, Segoviako ihesa testuinguru kaotiko hartan errodatu zen, gertakariak pasatu eta bost urte eskasera, memoria historikotzat hartzen den hori oraindik osatu gabea eta ezegonkorra zen unearen beroaldian. Memoria kontuekin gabiltzanok sarritan egiten dugu galdera batekin topo: zenbat itxoin behar da gertaera jakin bat kontatua izan dadin? Nelly Richard autore txiletarrari entzun nion behin batzuetan beharrezkoa dela ibilbide laburreko memoria bat osatzea eta gertakari —ustez historiko— guztiek ez dutela errelato handien unearen esperoan egon beharrik. Egia esatera, ongi dakigu hemen hori, denborak oroitzapen gehiegi uzten baititu etorkizuneko kontaketa epikoen esku, eta horregatik —besteak beste—, eragotzi ditzake unean uneko azpitramak eta potentziak.

Uribek orduan erabaki zuen Segoviako ihesa egin beharreko filma zela, eta Angel Amigok berak ekoizle gisa lagundurik, zinez korapilatsua izan zen proiektu zinematografikoa abiatu zuten. Donostiako Maria Cristina hoteleko areto batean jarri zuten ekoizpen bulegoa —hotela egun baino dekadenteago zegoen garaian—. Jakina da Guardia Zibilari eskatu zizkiotela filmerako benetako armak eta autoak, eta hauek erabiltzeko baimena tramitatu zutela, hain zuzen ere, Tejerok kongresuan «quieto todo el mundo, al suelo» ahoskatu zueneko goiz hartan bertan. Uribek eman omen zien gertakari horren berri aktoreei —haien artean polimili batzuk baziren—, eta kontatu ahala, ekipoaren erdiak hanka egin omen zuen, badaezpada eta atzera begiratu gabe.  

(ID_17339101915495) \'Segoviako ihesa\' filma
Imanol Uriberen Segoviako ihesa filma.

Ihesaldi haren kapitulu dramatikoena taldea Nafarroako iparraldera iritsi zenean gertatu zela badakigu. Iritsi ziren kamioi batean ezkutaturik mugatik metro eskas batzuetara, gauaren lainopean, eta ez zen mugalaririk agertu haien bila. Orduan erabaki zuten mendiratzea eta ahal bezala korri egitea bestalderaino. Han zegoen Guardia Zibila zelatan, eta tiro egin ostean MIL-eko militantea zen Oriol Solé katalana erail zuten —Uriberen filmean Ovidi Montllor—. Haren arrastoari segika, eta ia berrogei urte geroago, haren iloba Gemma Serrahimak The Segovia Big Band lan dokumentala egin zuen, 2013. urtean hain zuzen ere.  

Zinema dokumentalean ohikoak diren elkarrizketen bidez, ihesaldian parte hartutako hainbaten gogoetak biltzen ditu aipatu lanak [The Segovia Big Band]

Zinema dokumentalean ohikoak diren elkarrizketen bidez, ihesaldian parte hartutako hainbaten gogoetak biltzen ditu aipatu lanak: nola prestatu zuten ekintza birritan, zein zen euren motibazio politikoa garai hartan, eta zein, orduan, borrokaren zentzua, ETAren jarduera armatuaren zilegitasuna eta abar. Badago testigantza horien artean benetan disruptiboa den bat, eta hori da ekintza horretan parte hartu zuen eta elkarrizketan dagoen emakume bakarraren hausnarketa. Haren doinua ez da ozenena, ez dago loriarik haren hizkeran; ostera, zorrotza da, labana baten modukoa. Halaxe dio: «[Iritsi ez ziren mugalarien zain geundela] Proposatu nuen kamioitik ez ateratzea [beste norabait joatea, mugaren kontrako norabidean], baina denak hasi zineten oihuka, ezetz, hiltzea nahiago zenutela atzera egin baino; euforiko zeundeten. Ni haur bat besterik ez nintzen, denen artean gazteena, eta pentsatu nuen astakeria bat esan nuela. Besterik gabe, ateratzeko erabakia atera zen aurrera [bozketan] eta hori izan zen gure errorerik handiena». Libre geratu zen bakarra izan zen, eta urteetan erru sentipena harekin eraman zuela dio: «Arduradun sentitzen nintzen zuen aurrean, zineten marabunta horren aurrean, nire iritzia inposatzeko gai ez izateagatik». Mahaikideek behera begiratzen dute, badakite arrazoi dutela.

Hitzik gabe geratu dira mahaiaren bueltan; eten da une batez errelatoaren kadentzia, zinez adierazgarria den isilunean. Halako isilaldiekin ere kontatzen da ostera historia.

'The Segovia Big Band' filma
The Segovia Big Band filmeko irudi bat.

'SEGOVIAKO IHESA'

Zuzendaria: Imanol Uribe.

Urtea: 1981.
Iraupena: 108 minutu.
Non ikusgai: Primeran plataforman.

'THE SEGOVIA BIG BAND'

Zuzendaria: Gemma Serrahima.

Urtea: 2013.
Iraupena: 67 minutu.
Non ikusgai: Youtuben.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.