Paul Beitia Ariznabarreta.
MIRA

Ihesaldia

2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Hemen goitik, irailaren hasieratik, itsasoa ikusten da. Eta jendea lasai ederrean pasieran eta jendea presaka lanerako bidean eta ikasturte hasierari ahal duen bezala heltzen jendea. Askok gustura hartuko zuten eguraldi aldaketa, azkenaldiko bero-egunak, oporraldiko azken egunez gozatzeko edo lanera bueltan sartzea arinagotzeko hondartzan igarotako arratsaldearekin. Giroak badu, ordea, zerbait susmagarria ere.

Estatubatuarrek «udara indiarra» esaten diote sasoiz kanpoko udarari, iraileko abuztuari, udazkeneko beroaldiari. Salingerrek horrelakoxe garai batean kokatzen du Bederatzi ipuin bilduma gogoangarriko pieza zoragarri bat. «Laurak pasatxo ziren udara indiar bateko arratsalde batez» hasten da, eta agertzen zaizkigu bi neskame laku ertzeko etxe bateko sukaldean eztabaidan. Etxeko jabearen semeaz ari dira. Lau urte ditu Lionelek eta joera bitxi bat: etxean liskarrik edo gatazkarik dagoen aldiro, etxetik alde egiten saiatzen da. Ipuinak ere horixe kontatzen du, hain zuzen, nola topatzen duten haurra amarratutako txalupa batera igota, ihesaldirako prest, eta nola konbentzitzen duten azkenean gera dadin.

Aurrekoan galdetzen nuen pasa berri diren hiru hilabeteei udara dei al dakiekeen. Munduak ez du atsedenik hartu: desalojatu dituzte gune okupatuak, jipoitu gaituzte gazteok, sakondu da langileon miseria. Lionelenak egiteko tentazioa izan dezakegu, gatazkaren aurrean ihes egitekoa, gertatu denari eta etor daitekeenari ezikusi egitekoa. Baina ez da posible izango: irailak eta munduak beren bideari ekingo diote eta heldu egin beharko diegu nahitaez, azken eguzki-egunek engainatu nahiko bagaituzte ere, esanez bezala: hemen ez da ezer gertatu, hemen ez da ezer gertatu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.