Auzo-elkarte txiki batean bizi naiz; bi eskuko lau solairu izanik, primeran moldatzen gara bizilagunok. Batzuk bakarrik bizi dira; beste hainbat, lagunen artean, bikotean edo familian. Elkar zaintzen dugu, norbaitek zerbait behar ote duen zain, edozein ezbeharren aurrean bat egiteko prest. Elkar batzen gaituen indar horrek berezi egin gaitu geurearen ondoko gainerako komunitateen aurrean. Eskean dabiltza beti, gure ur-kontagailu bera nahi dutelako, edo gure kontulariaren sistemaren inguruan konta diezaiegun, patioko loreontzi sendo zoragarriak zerekin ureztatzen ditugun galdezka, nondik atera dugun eskaileratik mugimenduarekin aktibatu eta desaktibatzen den argi-sistema hori, gure birziklatzeko, konpost egiteko eta hondakin materialetarako edukiontziak haiek ere erabili ote ditzaketen galdezka...
Izan ere, apaltasun osoz eta handikeriarik gabe, badakigu auzoaren inbidia garela. Horrek elkartu egin gaitu; berezi sentiarazten gaitu, eta horrexegatik zaintzen dugu elkar, zerbait preziatua garelakoan. Eta horrek ere zeresanik ematen du auzoan: elkarri zenbat laguntzen diogun, zenbat maite dugun elkar.
Bada zerbait berezia atarian, auzolan horren jatorria izan zena, duela urte asko, inork ez daki zenbat, baina hura zaintzearen ardura gurasoengandik edo etxejabearengandik jarauntsi duguna. Igogailua da; oso igogailu zaharra, inork ez daki noiz jarri zuten hemen; ez da komunitatearen paperetan agertzen ere. Egur landukoa da, ederra, botoietan brontzezko xehetasunak dituena, eta ate metaliko sendo zoragarria, kontu handiz ireki eta ixten duguna. Igogailuaren berri eman dugu herrian, argazki-erakusketak antolatu, bisita gidatuak egin... Izan ere, gure ondareaz harro gaude, eta luze daramagu bere alde lanean.
Hori da gure altxorra, urtetan arretaz defendatu eta zaindu duguna. Txakur inkontinenteetatik, bisitari erretzaileengandik, zenbait pizzero arduragaberengandik eta fardelen batekin zikindu edo kaltetu dezaketen banatzaileengandik defendatu dugu.
Kontua da auzokideak ez garela inoiz haserretu; ez diogu inoiz elkarri aurre egin, ez baitiogu inoiz elkarri kritikarik egin. Ondokoak egiten duen guztia ondo iruditzen zaigu. Norbaitek huts egiten badu, edo egindakoa txapuza bat dela iruditzen bazaigu ere, ez dugu eskaileran komentatzen, ezta auzoan ere: hori pentsaezina litzateke. Etxekoekin komentatzen dugu, ia isilpeka, inor enteratu ez dadin. Zergatik? Komunitate txiki berezi bat garelako, milaka urteko altxor baten zaindari. Geure burua besteen aurrean agerian utziz gero, bereziak izateari utziko geniokeelako. Gure altxorrak lilura galduko luke, auskalo.
Gauza da elkarri kritikarik egin ezean, beti ez dakigula zertan gabiltzan, dena bikain egiten dugulakoan. Kritikak geure burua hobetzen irakatsiko liguke, gure akatsak zuzentzen; gure lana konstruktiboki kritikatzeak mesede egingo ligukeelakoan nago. Baina ezer ez. Jendearen aurrean kritikarik ez jasotzea aspaldi barneratuta daukagu.
Joan den astean nire etxeko atea berdez margotzea otu zitzaidan, euskaldun petoa izanik mendia eta natura maite ditudalako, eta inori ez zitzaion gaizki iruditu. Inork ez zuen tutik ere esan; beraz, atea margotu nuen, eta, bide batez, baita eskaileretako baranda ere. Ikaragarria zen, baina inori ez zitzaion gaizki iruditu. Edo, behintzat, inork ez zidan esan, eta nire etxeko leihoak eta balkoiak margotzen jarraituko dut, artista sentitzen naizelako, berezia sentitzen naizelako eta, are gehiago, besteentzat berezia naizela uste dudalako. Nahiago nuke norbaitek bere iritzia ematea, ez baitakit kolore egokia aukeratu dudan, auskalo. Hala ere, ez nuke nahi inork era zatarrean tratatzea, bigarren solairuko ahizpei gertatu bezala... Gertatutakoak ez baitauka kritika konstruktiboarekin zerikusirik; guztiz kontrakoa ekarri duela esango nuke.
Mutil kuadrilla bat heldu berri da laugarren pisura, bertako bizilagunek alde egindakoan. Mutil kuadrilla zaratatsua da: musikariak omen. Hala ere, jatorrak eman dute hasieratik; auzoa haiekin berritu egin dela esango nuke. Jarrera apurtzailearekin barneratu dira gurean, eta, haiek saihestu beharrean, belaunaldi berrira moldatzea erabaki dugu bizilagunok, eta harrera ederra egin diegu haien kantuak auzoan zabalduz. Gauza da bigarren pisuko bi ahizpak ere musikan dabiltzala, lagun batekin batera. Musika berria egiten dute haiek ere, mutilena baino askoz ere lasaiagoa; ezin esan zehazki zein musika mota egiten duten gazte hauek, baina neskena melodikoagoa iruditu zait.
Joan nadin harira. Herrian badago musikan espezializatutako aldizkari bat, Soinu-mundua izenekoa, kanpoko musikariez aritzeaz gain gure auzokideen lanen edo berrien inguruan ere aritzen dena. Bertakoek elkarrizketatu dituzte mutilak, euren proiektu berriak liluratuta. Auzoko musika berriaren inguruan aritzean, ahizpak ere horretan dabiltzala aipatu diete, eta, haien iritzia galdetzean, mutilek oso modu itsusian erantzun dute ahizpek egindako musikaren inguruan, baita agertoki gainean duten jarrerari buruz ere. Ez dakit askok irakurri ote duten, baina nik behintzat hemen ez dut inoiz horrelakorik irakurri edo entzun, norbaitek beste baten lana horren modu gordinean gaitzetsi izana. Ezohiko zirrara zakar bat sortu zait barrenean, bereziki ahizpekin hitz egin izan dudalako, etxeko atarian aurkitu ditudanean haien proiektu berritzailea ilusioz atera dutela kontatu didatelako.
Izan ere, hau guztia kontatu dut gertatutakoa salatzeko asmoz. Gauzak ez direlako inoiz horrela egin, eta, desatsegina bakarrik ez, itsusia iruditu zaidalako. Egia da auzoan ez gaudela kritikak entzutera ohituta eta aireztatzen hasi beharko ginatekeela, esan bezala horrek norbaiten lana modu konstruktibo batean kritikatu eta hobetzen laguntzen badu.
Baina norbaiten jarrera apurtzailea izan edo ez, ez du zertan besteen ilusioa eta esfortzua apurtu. Igogailu zahar horrek egun arte barruan entzundakoa kontatzerik balu, zalantzarik ez daukat errespetuz egingo lukeela, pertsonak daramatzalako barruan. Auzoa edertzen duten pertsonak, artistak barne.
LAUHAZKA
Igogailua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu