Amagoia Gurrutxaga Uranga.
IRITZIA

Igitaiaren ahoa itxi den honetan

2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Benetako artistak trikiti jotzaileak direla, ez panderistak. Bueno, panderista batzuk baietz, artistak direla —Landakanda bat, esaterako, edo Egañazpi bat—, baina bera ezetz, ez, ez, ez, berak ez zeukala kanturako eztarririk... Oholtzan gelditu eta isildu gabe ikustetik ezagutzen nuen plaza gizona umil plantak egiten ari ote zitzaidan pentsatu nuen hasieran, baina ez; liburua argitaratu gabe ere bera lasai asko legokeela braust bota zidan egunean konturatu nintzen ezetz, benetan uste zuela berea adur kontu hutsa zela, ez zuela merezi hainbeste jendek adierazitako miresmena. Plazarik plazako ibileretan hartutako gozatuak egindako lanaren balioa indargabetuko balu bezala... «Panderoa jotzeko zure era berezi hori ikastera etorri izan zaizkizun gazteak zertara hurbildu ote dira orduan Iturbidera, Imanol?». Tarte labur bat egin zuen, isilik, galdetu nionean. Ez dut gogoan zein, baina badakit pasadizo bat kontatzen hasita aldatu zidala gaia.

Imanol Iturbidegatik balitz, izan ere, pasadizoz betetako zaku handi-handi bat litzateke haren biografia. Zenbat eta gehiago galdetu bere sentimenduez, gorabeherez eta ezinez, orduan eta txiste gehiago kontatuko zizkizun. Festa eta bizipoza hitzekin lot daiteke Imanol Iturbide. Haren pandero-jotze saioak, bereziki.

Igitai baten ahoan kabitzen zitzaion doble-konpasaz, iturbidetarren pandero-jotzaile kastaz, jasandako debekuez, lorezain lanaz, trikitiaren loraldi aroaz, Loiola Irratiko grabazioez, musikari gisa jasotako sosez, belaunaldi berriko trikitilariekin izandako zaputzez, bizi gogoaz... bazuen zertaz hitz egin. Igitai jolea deitzea proposatu nionean, txantxetan ari nintzela pentsatu zuen hasieran, liburua elkarrekin aurkeztu aurreko juntadizoan hamaikagarren aldiz errepikatu zidanez. Hori bera ere bere bizitzako pasadizo bihurtuta zeukan ordurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.