Txikiak ginela, kanpinean pasatu ohi genituen oporraldiak. Gurasoek lanekoak amaitu biharamunean bertan, aitaita zenak garajean zeukan karro-formako kanpin-denda hartu, behinola beraiek erabiltzen zuten huraxe bera, autoari —trastez goi-goraino— lotu eta abiatu egiten ginen. Astebetea, hamar bat egun bestela, pasatzen genuen Landetan, Galizian, Herrialde Katalanetan. Igerilekuan egoten ginen askotan, jendez goraino egoten zen, haietako asko euskaldunak eta gure adinekoak ziren eta haiekin igerian igarotzen genituen arratsaldeak. Gero kanpin-dendara itzultzen ginen, plastikozko mahaian afaltzen genuen, luzaz hitz egiten genuen. Egunerokotasun xume bat: zoriontasunak hori behar zuen izan.
Oporraldiko garaien esanahia literaturara ekartzeko saiakera onenetakoa iruditu izan zait beti John Cheever estatubatuarraren Igerialaria ipuina, Jasone Larrinagak Armiarmarentzat itzuli zuenetik sarean euskaraz ere irakur daitekeena. Igerilari batenak kontatzen ditu narrazioak, nola uda erdialdeko bestondoko goiz batez gizon batek erabakitzen duen auzoen igerileku guztiak zeharkatuz herriari buelta emango diola, eta lasai pasatzen dituen igerilekuak eta ezagutzen duen jendea, harik eta, abailduta, etxera itzultzea erabakitzen duen arte. Atea jotzen du urduri, baina han ez dago inor: ateak ugertuta daude, garajea hutsik dago, egun bat ez, hilabetea igaro dela dirudi.
Abuztua aurrera doa eta igerilariarekin akordatzen naiz. Atsedenerako aste batzuk hartu dituztenek ondotxo dakite oporraldia parentesia baino ez dela lanean edo ikasten pasatzen duten urtean. Bueltakoan, zer topatuko dute ikasturte berriaren ateetan jotzean? Zein esanahi emango diote etxe hutsari, ugerrari, nekeari?
MIRA
Igerilaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu