Gizon intelektualaren etikaz jardun genuen aurreko Lauhazkan, eta uste dut aproposa izan daitekeela literatura eta etika kontuekin jarraitzea, besterik ez bada, fakultatean irakasle izan genuen Alfredo Bayon zenaren hitzak berrestearren: «Etika eta estetika, ezin da bata bestea gabe entenditu».
Bernardo Atxagaren azkeneko liburua, Paradisuaren kanpoko aldeak, irakurtzen ari nintzela hausnarketa aski interesgarri batekin topo egin baitut, kasu honetan idazlearen etikari loturikoa, nolabait. Atxagak kontatzen du nola unibertsitatea bukatu berritan, artean hogeita gutxi urteko idazle berde zirelarik, han ibiltzen ziren Gai Nagusien bila, ostutako hitz hanpatuak baliatuz ez gutxitan, eta bizitzaren zentzu tragikoa aipatzen ez ezik ederresten maiz: «Harribitxiak balira bezala gordetzen genituen, gainera, hurbileko dramak, unibertsitateko kide baten suizidioa edota dantzaldiren batean ezagututako neskaren historia, nahastu egin zela burutik eta psikiatriko batean hertsi zutela hogei urterekin».
Idazten eta, batez ere, publikatzen gazte hastearen ausarkeria kometitu duten askok sinatu ditzaketen hitzak dira, literaturan tradizio luzea duen sormen-etika bat erakusten dute-eta. Erro luzeak ditu, baina XIX. mendeko Parisen bueltan idazle eta artisten inguruan osatutako mitoa da horren adibide behinena. Charles Baudeleraireren gaitzaren loreak, hiri modernoaren hondakin, droga-zale, prostituta eta bestelakoez inguraturik, zentsuraren aho zorrotza pairatu zituztenak; Paul Verlainek, maitemin suntsitzaileak jota, Arthur Rimbaudi tiro egin zionekoa Bruselan, gerora biziko zuen bizitza ez-bizigarri baten (espetxea, alkoholismoa, gaixotasunak, pobrezia) goiburu; Rimbaud bera, literatura abandonatu eta abenturazko bizitza baten bila, harik eta Yemenen laketu zen arte merkataritza tratuetan aritzeko (ezaguna denez, arma-trafikoa barne). Soka luzea izan du mito horrek XX. mendean zehar, Beat Belaunalditik punk mugimendura, oraindik ere liluratzen gaituen bizitza dekadentedun Artistaraino.
Literatur-eite (ethos) gorenak tragedia, makurkeria, gaitza, keinu mukerra direla konbentziturik, hor doa mitoa irentsi duen idazlea, artista, dena delakoa, maluraren pozetan itotzera, idazteko besterik izango ez balu bezala. Atxagak dioen gisara, gainera, besteren hitzak (eta bizipenak) maileguz hartuak gehienetan.
Literaturaren kiribilak ezusteko eta, batzuetan, arriskugarriak izan daitezke halaber, eta mito horren azkeneko errebuelta honetan datza: hura sorkari estetiko moduan erabiltzea bainoago bizi-eredu moduan erabiltzea. Literatur motibo eta figurak eredu etiko gisa hartzeko joera zorigaitzezkoari jarraiki, dekadentismo estetikoa dekadentismo etiko bihurtzen deneko horretaz ari naiz, non, bazterra, hondakina, eta gaitzaren loreetan mozkorturik, bat bizitzaren makurra sinetsi, aldarrikatu eta are ederrestera igarotzen den. Laburbilduz, beren burua Michi Panerotzat jo izan duten gizon horietaz ari naiz, zeinek, malurak malura, obra estetiko gorentzat beren bizitzak dituzten, haiek idatzitako ezer baino gehiago.
Auzi honetan ere genero aldagaia hor dago, esan gabe doa. Errazki liluratzen gara arestian aipatutako figura gizonezko horiekin, baina ez digu lilura bera sortzen emakumezko idazleekin lotutako mito ilunak, haien buru-osasun kaskarrarekin eta suizidiorako joerarekin zertu izan denak. Gupida bai, atsekabea, errukia sortzen dizkigute Alfonsina Stornik eta Sylvia Plathek eta Virginia Woolfek eta Alda Merinik, baina inor gutxi horditzen da haien oinazea ederretsiz. Zorionez, esango nuke, zeren ez nekike zer esan, demagun, Beirazko kanpaia irakurri eta Esther Greenwood protagonistaren sufrikarioarekin atsegin hartzen duenari buruz.
Figura femenino horiekiko errukizko jaidura etikoa ez da eredugarria, baina, gutxienez, ez du idazle mukerraren etikak duen ozarkeriarik, eta esango nuke norabide hobea seinalatzen duela. Gupida kenduz gero gaitzarekiko hurbilpen bidezkoagoa adierazten du, seriotan hartzen duelako gutxienez, eta ez da artearen amarru arriskutsuenetako batean erortzen; estetizismoan, alegia. Izan ere, idazten duen edonork eduki beharko luke errezelo hori, hitz eta formen bidez apaindu behar ez dena apaintzekoa. Dudarik ez, Baudelaire eta enparauek ez zuten ezer apaindu, baina haien zenbat supporter ez dira erori, beren zein ingurukoen zoritxarrerako, idazle mukerraren etikan? Jakina da, literatura, neurri batean, distantzia hartze bat da, hots, bestelako hitz-joskurek eskatzen ez duten distantzia bat hartzea. Ez litzateke kalterako idazle mukerraren mitoarekiko distantzia hartzen ikasiko bagenu.