Aurtengo Zinemaldiko kartel nagusian ez dago irudirik. Hitzak, hizkiak eta zenbakiak besterik ez. Zinemaldi batek ez du sekula izan hain afixa literariorik. Eta irudi absentzia horrek, hain zuzen ere, hitz eta zenbakiak protagonista bihurtu ditu. Minimal gisa definitu du hainbatek. Nire aburuz, justu kontrakoa da. Hizki handi horiek gutxi dute minimaletik eta asko aldarrikapenetik. Zinemaldiak bere burua aldarrikatzeko erabili duen pankarta da aurtengo kartela.
Zenbakia. 62. Jubilatzen al dira Zinemaldiak? Hala balitz, Donostiakoari ez zaio gehiegi geratzen. Zorionez, gizakiak sortu eta desagertu egiten gara, baina pelikulek eta zinemaldiek bizirik diraute. Zorionez, kolore guztietako komunikabide eta herritar patetikoen txalo artean agurtu dituzten bankari eta enpresaburu zikoitzei ere, jubilazioa ez baina the end karteltxoa iristen zaie. Eternitatea, pelikuletan soilik lortzen da. Morel doktoreak bere asmakizuna martxan jarri eta gure mamuak berpizten dituenean. Beste guztia hutsala da.
Irudi absentziagatik, ematen du zer pentsatua aurtengo kartelak. Ehunka pelikula proiektatuko dituen ekitaldiak, pantailaren kolorea duen hutsunea irudikatzea erabaki du. Akaso ez. Ziurrenik, ez dute hainbeste hausnartu. Horrelako hitz-jokoak, datozen egunotan hitzez, hizkiz eta zenbakiz komunikabideetako hutsuneak gainezka egin arte beteko ditugunon burutazioak dira. Behin baino gehiagotan pentsatu dut zein ederra zatekeen zutabe hau, Plano subjektibo hau hutsik uztea. Paper koloreko hutsune eta amildegi. Igerileku huts bat hitzez landatutako belardian. Ziurrenik, irakurtzen ari zaren betelanak baino esanahi eta zentzu gehiago izango luke. Baina ez dago atzera bueltarik. Espazio zuri bat dagoen tokian ezin hutsunea bere baitan utzi. Bete behar dugu. Irudiz, hitzez, hutsaltasunez. Espazio hutsa. Espazio hutsala. Pantaila hutsa. Pantaila hutsala.
Egunotan Zinemaldira hurbiltzeko modu ezberdin ugari dago: Hutsuneaz gozatzera, hutsunea betetzera edo hutsalaren bila. Ia berdin idazten badira ere, ez dira gauza bera.
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. PLANO SUBJEKTIBOA
Huts ala hutsal
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu