Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako presidentetza hartzeko ekitaldiaren biharamunean ari naiz hau idazten, irudi espantagarri horiek Adolf Hitlerrek Nurenbergen 1927an eman zuen hitzaldiko irudiekin erkatzea ekidin ezinik. Konparazio gehiegizkoa irudituko zaie askori. Maiz entzun dugu egungo egoera ezin dela 1920-1930eko hamarkadetakoekin alderatu. Historiak eta zientzia politikoak esango dute zein neurritaraino konpara litezkeen, zehaztasunez, bateko eta besteko gertakariak, baina, halakoetan, egokiagoak izan ohi dira bestelako diziplinak zientzia (haren ikusmolde zurruna, bederen) ailegatu ezin den humus sakonekora iristeko: filosofia, literatura… Eta, lagunok, XX. mende hasierako filosofo eta idazle handiak irakurtzen baditugu saihetsezina da gaur egunaz hitz egiten ari direlako sentipen gorria edukitzea. Zinema eta irratiaz ari ziren orduan, sare sozialez ari gara orain; propagandaren indarraz ari ziren haiek, algoritmoaz gu; politikaren estetizazioaz mintzo ziren orduan, eta gu ari gara estadio mukuru batean Trumpek lehenengo neurriak nola sinatzen dituen ikusten. Mamuen izara koloreak aldatu dira akaso, baina mamu izaten jarraitzen dute: komunismoa orduan, feminismoa eta LGBTIQ+ mugimendua orain.
AEBei, Gazari, Argentinari begiratu eta urruneko kontuak iruditu dakizkiguke, baina arestian aipatutako humusa noranahi barneratzen da, lanbroa bazter ezkutatuetan sartzen den bezalaxe. Begirada sobera goratu gabe, bertantxe egingo dugu topo harekin. Ez bakarrik azken boladan han-hemenka azaldu diren pankarta eta pintada arrazista horietan, ez bakarrik X sare sozialean bolo-bolo barreiatu diren ideia transfoboetan, ez bakarrik bizilagunari, merkatuko ilarako morroiari edo taxistari entzun diozun komentario horretan, zeinari behar bezala erantzuteko adorerik edo abilidaderik ez duzun eduki.
Jakina da nazien hauspotzean zelako papera izan zuten enpresari handiek (Agfa, Allianz, BASF, Bayer, IG Farben, Krupp, Opel, Siemens, Telefunken…), Eric Vuillarden L'Ordre du jour liburuan azaldu gisara. Orain, hortxe ikusi ditugu Amazon, Apple, Google, Meta, Tesla eta abarretako buruak Trumpen aldamenean. Baina, gertuago, Zedarriak enpresari-foroak argitaratu duen txostenaren berri izan dugu, industria militarra garatzeko eta energia nuklearra bultzatzeko unea dela dioen hori, ponperiaz komunikabide nagusietan zabaldu dena, eta Eusko Jaurlaritzak, antza, «positibotzat» jo duena.
Literatura eta liburuei dagokienez, ahazteko gaitzak dira faxismoak antolatu zituen liburu-erretze masiboak eta idazleen kontrako jazarpen eta razzia-k. Zoritxarrez, gure herriaren azken hamarkadetako historia petralak ere luze-zabal ezagutu ditu komunikabide, liburu denda eta idazleen kontrako jazarpenak: atentatuak, torturak, erasoak, mehatxuak, egunkarien zigilatzeak, atxiloketa arbitrarioak, mendekuak…

Orain humusa aldatu egin da eta gehiago gaude humus global batean errotuak, baina ondo legoke gogoraraztea liburu batek batere graziarik egin ez diezazukeela, eragin diezazukeela baita higuina ere, baina inongo idazlek ez duela merezi mezu anonimorik jasotzerik, audio tupusteko bortitzik entzun beharrik, mehatxuak, presioak eta talde-indarrak ematen duen jazarpen krudela jasan beharrik. Lotsagarria eta injustua irudi dakizuke ipuin batean irakurri duzuna, baina horrek ez dizu eskubiderik ematen plaza, denona den hori, erraz eta herraz kakazteko, banako bat kikildu eta oinazetzeko.
«Mundu geroz eta bortitzagoan bizi gara, gerraren kanpai hotsak geroz eta sarriagoak dira, eta makropolitikan ikusten duguna erraz nabari dezakegu mikropolitikan ere; egunerokoan, keinu txiki eta ustez antzemanezinetan»
Gogoan dut idazten hasi nintzen garaian, postmodernitatearen ospakizun giro txepelean, uste zabaldua zela liburu batek jada ezin zuela inolako erreakziorik eragin; denak ematen zuen erraz asimilatua izatekoa, ordurako denok denaren jakitun, ororekiko bihozgogorrak bihurtu bagina bezala. Harrigarria da ikustea urte gutxiren buruan nola irauli den egoera. Orain pairaezintasun sakoneko batek jan gaituela dirudi, alarmak etengabe pizturik edozeren aurrean asaldatzeko eta oldartzeko prest.
Mundu geroz eta bortitzagoan bizi gara, gerraren kanpai hotsak geroz eta sarriagoak dira, eta makropolitikan ikusten duguna erraz nabari dezakegu mikropolitikan ere; egunerokoan, keinu txiki eta ustez antzemanezinetan. Indarkeriaren sukar kutsakorra da: konturatzerako, geure buruak ikus ditzakegu olde arriskutsu honek aurretik eramaten gaituela. Izan daiteke ezustean oldearen pairatzaile bihurtu garelako, edota, kasu, akaso kontzientzia handirik gabe, oldearen sustatzaile bihurtu garelako. Hain baita erraza!
Ez dezagun ahaztu jendarte bizigarri baterako maite duzuna zaintzea bezain garrantzitsua dela, kantuak dioen bezala, gorroto duzuna zaintzea. Ez ditzagun sustraiak errotu humus kutsatu honetan.