Emakume bat sartu da estankora segapototik mintzo eta, keinuka, gauloises blonden kutxatxoa eskatu du. Bi egunean behin-edo egiten duen gisan. (Bi egunean behin-edo egiten duen gisan, Mariusek bazkalorduan kontatu digunez, baina oraingoan esan dit egunkarian idazten dudan hurrengoan horri buruz aritzeko. Ez du horrela adierazi, baina emakume horrek ere lerro hauek irakurriko ez dituelakoan nago).
Izan ere, gaurkoan Mariusek zera erabaki du: ulertzen ez duenarena egitea. Bi egunean behin estankora sartu, eta beti segapototik ari dela keinuka gauloises blondak eskatzeak, zer esan nahi ote du? Horren dei garrantzitsua du egunero, une oro? Egiazki aurrean duenari hitz egin eta aditzea baina garrantzizkoagoa? Gero, duda sakona heldu da: benetan hizketan ari ote da? Marius begira gelditu zaio bestea geroz eta imintzio urduriagoz, baina segapoto lanak alde batera utzi gabe ari den bitartean. Azkenean alde egin du haserre antzean, auskalo hil ala biziko elkarrizketa horretan zer gertatu den gaurkoan.
Eta auzoan ostatu berri bat ireki dute. Moderno ustekoak-edo, ez dakit oraindik kontzeptu salgarriren baten aitzakian edo oraindik izenik gabeko tribu edo subkultura baten parte ote diren: ostatuan ez da soinu sistemarik. Egun osoz irekia da, baina ez da ez musika ez irrati ez telebistarik bertan. Jendea tar-tar izaten da. Tarteka edan ttanttokin poztuta (bertsolariak esan zuen gisan) kantuan ere hasten dira bertaratutakoak. Kontua da bolada zabalduz joan dela. Beste ostatuetan ere jarraitu egin diote bolada berriari.
Eskola heldu da ondoren. Aspaldian, haurren sartu irtenak deitzeko bozgorailuetatik musika ozena jartzen zen, aste bakoitzean gela batekoek aukeraturikoa. Baina gertatu da jendeak gustua hartu diola inortxok-ere-aditzen-ez-duen-musikaz inguraturik izateari. Horren ordez, astez aste, gela bakoitzak erabakitzen du zer egin: batzuek kantatu, besteek instrumentuak jo, beste batzuek bizikleta txirrinen orkestraz deitzen dituzte deitu beharrekoak. Eskolako fanfarreak jotzen du egun seinalatuenetan. Eta besta giroko egunetan, hamaiketakoa egin bitartean ez da hotsezko mihise ozenik ematen, baina hamaiketakoa bukatuta bai dantzarako doinurik.
Ohituraren indarrez, kutsadura naturalizatua da, uneren batean kutsadura dela begitandu arte. Orduan domino piezak bata bestearen segidan erori dira.
Sasi jakintsuren batek ikerketa jarri omen du abian. Urtean zehar halako eta holako energia aurreztea ekarriko omen du elektrika gutxiago erabiltze horrek. Beranduago saltokietan ere zaratari mugak jartzen hasi dira. Musikarik ez. Inork (dendariak ohikoenean) kanturako goga badu, kantu du egiten. Sukaldeko irratian, jakintsu bat auzoko kutsadura akustikoari buruz hitz potoloak esaten. Kutsadura akustiko hori musika inzidentala da bizi dugun honetan. Pentsamendurik gabeko ekintza laguntzeko zarata baino ezer gutxi gehiago.
Eta orain, auzo batzarrak aho batez erabaki du autoak direla onargarri ez den harrabots nagusiaren sortzaile. Auzoaren izkina batean autoendako parkinga antolatu da, kaleak libre egon daitezen. Kaleak libre egon daitezen auzokideek bertan egin nahi dutena egiteko. Hiri ttikia da hau. Oinez edo bizikletaz edo billabesaz hagitz bizigarriagoa. Auzo batzarrak, bide beretik, erabaki du hurrengo bestetan soinulariak ari direnean salbu, ez dela soinuaren beharrik. Horrek eztabaidak urritu eta soinularien lanari balio handiagoa emango diola.
Elektrikaren eta makinen hotsa apalduz joan da. Eta beste hamaika soinu gailentzen dira orain: gizakiak, mikak, airea. Makinen isiltasunak lasaitasun handiagoa ekarri du. Presaka ibiltzeari geroz eta jende gutxiagok ikusten dio abantailarik. Lan askoz gutxiagorekin bizitzea posible dela.
«Eta zer egiten duzue horrelako isiltasunarekin?», galdetzen dute inguruko auzoetakoek. Gure artean hitz egin eta kantuan aritu. Kolapsoa iristean, agian kantuan aritzea bizirik izateko oinarrizkoa izango da berriz ere.
Arrakalak topatu eta hor eragiteko modua antolatzea. Horrela esanda ez dirudi horren zaila. Arratseko azken unean, goizeko emakumea estankora sartu da bueltan. Barkamen eske-edo.
Goizeko gertaerak zer pentsa eman diola.
LAUHAZKA
Hotsa apalduz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu