Neguko egun ilunenetan, Berlinen Siberia aldetiko haize zakarra dabilenean eta bertako Wedding langile-auzo zaharrean zero azpiko hotza dagoenean, xarma berezia bereganatzen dute hainbat kaleren izenek: Togo-, Ghana-, Kongo-, Sansibar-, Senegal-, Ugandastrasse... Halakoetan iruditzen zaigu afrikar izenen oihartzuna gai dela Afrikako beroa eta argitasuna guganaino ekartzeko. Eta, une batez, lasaialdia hartzen dugu, oroitzean eguzkiak egunero sortzen jarraitzen duela, urrutiko beste kontinente batean bada ere.
Baina adi! Hotza saihesteko ihesaldi txiki hori ez zaigu zilegi, berehala ohartuko baikara Wedding auzoko kale-izenek alemaniar kolonialismo eta bortizkeriarekin dutela zerikusirik.
Bada, aski ezagunak dira XX. mendeko lehen genozidioa zein izan zen argitzeko azken urteotan egondako eztabaidak. Izan ere, nazismoak juduena gauzatu aurretik, turkiar inperioa armeniarrak desagerrarazten saiatua zen: eskuarki, 1915 urtea jotzen da armeniarren genozidioaren hasieratzat. Hala eta guzti, genozidioen lehia kronologikoan maiz ahazten da herero eta nama herriei beren lurraldeetan —gaurko Namibian— hamarkada bat lehenago gertatua. Aipatu bi herriek zapalkuntza gupidagabea jasan zuten alemaniar kolonizatzeari aurre egiteagatik; areago, alemaniarren helburua nama eta hereroen populazio osoa deuseztatzea izan zen. Agindu horixe jaso zuten-eta Alemaniatik Hego-mendebaldeko Afrikara bidalitako militarrek.
Herero eta nama herrikoen gehiengoa desagertu zen ondorioz: milaka, basamortuan setiatuta, egarriz; beste horrenbeste, Bigarren Mundu Gerrakoen aitzindari izan ziren kontzentrazio-esparruetan, gosez... Nahiz eta nama zein hereroak kultura eta jakintza handikoak izan, europarren begietan, aldiz, behe mailako alprojak eta ergelak besterik ez ziren. Hots, eragozgarri bat zibilizazioaren bidean, bai eta diamante-meategietan—besteak beste— berebiziko irabazkinak lortzeko arazoa ere.
Hortaz, alemaniar kolonizatzaileek, darwinismoaren irakaspen eta argudioak nahierara ezarri eta afrikar «ahulen gainbehera» azkarragotzeari ekin zioten. Jakina, garaian garaiko goranahiak edozer egiteko eta esateko prest egoten dira aberastu eta aginpidea izateagatik. Zentzu horretan, berezko makurkeria mota bat egokitu ohi zaio aro bakoitzari, hurrengo belaunaldikoek—agian— arbuiatuko dutena, beste berri batek haren lekua bete dezakeen artean.
Ildo beretik, zer hobe, hurkoa beheratzea baino, norbera goi-goian agertzeko? Hala bada, lehen kolonoek hotentote izen iraingarria eman zieten afrikar herri haiei. Hotentote izena nola sortu zen ez dago guztiz argi. Baliteke onomatopeia moduko batetik etortzea, nama herriaren hizkuntzak—khoisan hizkuntza-familiakoa izanik— munduan bakana den fonologia-egitura baitu, mihiaz egindako klaska eta klik hotsak barne hartzen dituelarik. Edonola ere, hotentote hitzaz osatu esapideak erabiltzen dira egun zenbait hizkuntza europarretan, betiere nahaspilatua eta basatia den zerbait edo norbaiti buruz mintzatzeko; alegia, herri haien ezaugarri nagusiak omen zirena.
Alemaniako sozialistek —Rosa Luxemburg eta August Bebel tartean— gogor salatu zituzten, behinik behin, hotentoteen aurkako guda bidegabea eta beronen gastu militarrak. Hain garrantzi handia bereganatu zuen aferak, non 1907an hauteskunde berrietarako deialdia egin behar izan zen Alemanian, hain zuzen, Hotentoteen bozak deiturikoak. Zoritxarrez, sozialistek boto anitz galdu zuten hartan.
Nork daki zenbat genozidio izan diren historian. Genozidio hitza bera August von Platen XIX. mende hasierako alemaniar poetaren sentiberatasunari zor zaio. Platenek, poloniarren askatasunaren aldeko borrokaren harira egindako oda batean baliatu zuen genozidio hitza lehendabiziko aldiz, Austria, Prusia eta Errusiak Poloniako herrialdea zatikatu eta betiko irensteko asmoa gaitzetsi nahian.
Bestalde, bi mende geroago Raphael Lemkin poloniar eta judutar legelaria genozidioa zer den zehazteari lotu zitzaion. Naziengandik ihes egin eta Bigarren Mundu Gerra ostean, berriz, UNO erakundeari lege-zirriborro bat aurkeztu zion; berau aho batez onartu zuten Nazio Batuek 1948an, aurrerantzean genozidioa eragotzi eta zigortzeko itxaropenetan.
Geroztik ez da atsedenik izan. Genozidioez gain, era guztietako gatazkek makina bat herritar egotzi dute haien herrialdeetatik. Wedding auzoan, esaterako, gero eta ugariagoak dira afrikar jatorriko etorkinak eta iheslariak. Honezkero, kale-izenak aldatzeko batzordea osatu eta, bederen, kendu egin dira hiru kolonizatzaile nagusiren omenez bataiatutakoak. Halere, hotza ez zaigu erraz gainetik kenduko.
LAUHAZKA
Hotentoteen zoria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu