Suzko infernua izuzko ipuin bat zela sinesten hasita geundenean, hondamenak iritsi ziren: Biescas (ura), Ondarroa (amoniakoa), Zaldibar (zaborra)... Hondamen infernalak, ipuinak izateko ere lar beldurgarriak. Saiatu ginen hitz egokien bila, eta ez genituen aurkitu. Lehenengoan, apaizak «Jainkoaren burubide misteriotsuak» aipatu zituen. Plazan, koplariak ebidentzia bat kantatzea erabaki zuen, labur, soil:
Ez dago ezer esplikatzerik
hitz minberenak esanda.
Kantuz biltzeko baino hondamen
handiagoa izan da.
Itxaroten ez zituen txalo batzuk entzun zituen. Bigarrenean, apaizak «Jaunaren probidentzia ezkutua» aipatu zuen. Plazan, koplariak kantatu zuen:
Baldin Jaunaren probidentzia
bada hain adimentsua
berak azaldu beharko digu
zorigaitz honen zentzua.
Hirugarrenean, apaizak gogoratu zuen Jainkoak oso era ezberdinak dituela bere seme-alabei «aitaren etxera deitzeko». Koplariak, plazan, kantatu zuen:
Fedeak dio joan direla
Jainkoak berak deituta.
Ez al zezaken deitzeko era
xuabeago bat hauta?
Zenbat eta hondamen handiagoa izan, hainbat argiago gelditzen da bizitza dela arazoa, ez heriotza. Horretan ez da auzia askorik aldatu, lehen gizakia arrazonatzen hasi zenetik. Artzain bat ospakizun samingarri haietako batera jaitsia zen. Elizkizuna amaitzean, apaizak, bera ere gertaerek zanpaturik sentitzen zenak, artzainari goibelki esan zion:
—Dohatsua zu, ia zerua jotzen bizi zaren hori!
—Ez dut, gorago joan nahi, jauna-erantzun zuen artzainak-. Nahiago nuke berorren parean ibili.
—Behe honetan ez dago lainoa eta samina besterik. Zuk, goiera horietan, Jainkoa garbiago nabaritu behar duzu.
—Fedea gutxitzen ari da orduan, jauna —irribarre egin zuen artzainak—, goietara datozenak berehala itzultzen baitira.
Eguneko irribarre bakarra izan zen.
PASCALEN ESFERATIK
Hondamenen Jainkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu