Danele Sarriugarte
HIRUDIA

Hiztegi bat norberarena

2017ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Izkiria ezazu hiztegi propio bat, azken plazerretako bat da». Joao Vagalumek halaxe ei zioela esaten da Hitzen Ondoeza liburuaren hasieran, eta, hain zuzen, horixe dakarkio irakurleari Sarrionandiaren liburu horrek atariko aipuaren ostean: 400 orri bete termino eta definizio, autorearenak propio.

Azken plazeretako bat ote den ez dakit, hala ere, ondo ulertzen dut zer dela-eta zaion idazleari erakargarri egunerokoan darabiltzagun hitz maiz higatuak bere ikuspegitik biziberritzeko aukera, zer dela-eta nahiko lukeen idatzi edozeinek, egia esan, hiztegi bat norberarena. Zuk zeuk zehaztuz gero hitzek zer esan nahi duten, zuk zeuk taxutuko baituzu zeure ingurua, zuk zeuk markatuko joko arauak (metafora higatuez ari garela).

Bata dela, bestea dela, statu quo-a eroso ez bazaizu, are inportanteagoa zaizu esanahiak zaintzeko langintza hau, diskurtsoa zeuk eraikitzea eta ez ordea beti ibiltzea bestek zutaz dioena, errealitateaz dioena, ezeztatzen. Sarrionandiaren hiztegi honek, gainera, badu abiapuntuan halako zerbait, hitzak ondoezik daudela iradokitzen du eta, ele eriekin gabiltzala, eta esango nuke saiatzen dela antidotoren batzuk ematen, batzuetan labur eta hertsiki definizio emaile, beste batzuetan, berriz, istorio-historien bidez. Adibide bat aipatzearren, karaktere askorik erabili gabe eta sekula agortuko ez den gaiaren bueltan, honako hau esan zuen bakeaz iurretarrak, orain dela ia hogei urte: bakezale asko daudela bai, baina bakegile gutxi.

Idazle euskalduna ez ezik, idazle emaztekoia ere lotu zitzaion noizbait eta buru-belarri ariketari: Monique Wittigek maitale emakumeentzako hiztegi bat zirriborratu zuen 1976an, Sande Zeig amorantearekin lau eskutara gainera, eta Grasset argitaletxearen eskutik kaleratu (Brouillon pour un dictionnaire des amantes).

Baina ez dakit ezagutzen ote duzuen Wittig. Fikzioan abiatu zen haren ibilbidea, ospez abiatu ere: 1963an argitaratu zuen lehen eleberria, L'opoponax, eta Medicis saria jaso hari esker. Besteak beste, maisu-lantzat jo zuen Marguerite Durasek. Beste bi eleberri argitaratu zituen ondoren, eta, hala ere, zer diren gauzak, saiakera-bilduma baten ondorioz (The straight mind) ezagutu genuen askok, eta gogoan gorde. Jakin-mina pizteko modukoa da, inondik ere, Wittigek artikuluetako batean dioena, lesbianak ez direla emakume, alajaina. Kategoria politikoak baitira emakumea eta gizona Wittigen arabera, eta, beraz, bizia gizonaren arabera eta mende antolatzen duen hori baino ez da izango andrazko.

Saiakera-bildumako ideiak, noski, ez zitzaizkion hutsean sortu, sumatzekoak ziren horien izpiak aurreko literatur lanetan ere. Esaldi polemiko horretako subjektu lirateke Les guérrillères eleberriko protagonista borrokalariak eta, jakina, harira etorrita, hiztegi-zirriborroko maitaleak ere, halako mundu utopiko batean bizi baitira, maitaleen mundu eder batean, toki batean non geure mintzoko hitz arruntek guztiz bestelako zerbait esan nahi duten.

Adibidez, mundu horretan badaude halako zulo batzuk, nagiaren zuloak: hondarrean hondeatuz egiten dira, eta bi maitale edo gehiago bizi ohi dira bertan. Toki egokia dira nagia jorratzeko, eguzkiak jotzen duenean eta itsasoari soinua eta usaina darionean.

Adibidez, maitaleek badute obulurik, baina ez dituzte zehatz-mehatz geuk bezala erabiltzen: maitale ugari dira obuluen zale, hilekoen garaian jaten baitira. Arraroak direnez, banaka jaten dira, gozamen handiz.

Adibidez, bada erreginarik ere maitaleenean, ez dira ordea geurean titulu hori daukatenen modukoak: antzinako amazonen artean erregina esaten zitzaion, bolada batez edo luzaroan, eskualdeko edo tribuko gerlaririk ausartenari. Amazonen artean beti zeuden bi erregina aldi berean, bi erregina kide. Elkarren maitale ziren, eta elkarren alboan egiten zuten borroka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.