Haizea Barcenilla
Begiz

Hiru hitz, hamaika eduki (II)

2024ko apirilaren 23a
05:15
Entzun

Aurreko astean Erromako Kapitolioko Museoen sotoan ikusi nuen estela bat aztertzen hasi nintzen. Hilarri bat zen, eta hiru hitz besterik ez zituen, bata bestearen azpian:«Antiochus/libertus/pictor» esaten zuen, alegia, «Antiochus. Libertoa. Margolaria». Aurrekoan Antiochus izenari eskaini nion zutabea, eta gaurkoan libertus hitzak zer kontatzen digun arakatzea dagokit.

Libertoak askatutako esklaboak ziren; erromatarren pelikuletan agertzen denaren kontra, esklabo askok ez zuten bizitza osoa egoera horretan ematen, nahiko ohikoa baitzen uneren batean askatuak izatea, zerbitzu onen ordainean adibidez. Gehienetan, horrek ez zizkien eskubide politikoak ematen baina bai askatasuna eta lanbidearen bidez dirua irabazteko bidea, eta aberasteko aukera bera ere bai: horren adibide da Erromako Porta Maggioreko Eurysacesen hilobi monumentala, okindegi-labeen forma duena bere jabeari oparotasuna ekarri zion lanbidearen omenez.

Gure Antiochus ez zen aberastu, bere hilarriaren tamaina ikusita, baina nahikoa diru izan zuen hilobi txiki propio bat izateko, eta argi zuen egoera sozial hori bere lanbideari zor ziola. Libertoa izanik, esklaboen osteko klase sozialik baxuena, norbere lanaren bidez bizirautea zen gizartean leku bat eman ahal zuen gauza bakarra. Horregatik aukeratu zuen Antiochusek pictor hitza libertus-ekin batera espazio txiki horretan txertatzea.

Dena dela, gure ikuspegi garaikideak ez dezala interpretazioa aldrebestu. Erraza da pentsatzea artista izateak estatus soziala emango ziola Antiochusi, baina beste aldera doa bidea: liberto izateak erakusten digu pintoreak —eta artistak oro har— mailaketa sozialaren oinarrietan zeudela, beste edozein eskulangile bezala. Izan ere, estatus sinboliko altuagoa zuen Eurysaces okinak, jaten ematen zuelako, ogia biztanle gehienen funtsezko elikagaia izanik, eta aberastu zelako. Eta litekeena da Antiochus libre izan aurretik jada pintorea izatea, liberto gehienek esklabo garaian burutzen zuten lanbidean jarraitzen zutelako aske geratzerakoan. Alegia, Erromako artistak ez zirela aristokratak; batzuetan libre jaiotako pertsona xumeak ziren, eta askotan, haientzat lan egiten zuten liberto eta esklaboak.

Jeinuaren ideia ez zen existitzen Erroman. Artea ez zen jaiotzez pertsona gutxi batzuei zegokien zerbait, ikasten zen lanbide bat baizik. Horrek ez du esan nahi emaitza artistikoak apreziatzen ez zituztenik. Alderantziz: eskulangilerik onenak bilatzen zituzten, eta prest zeuden haien lan ona ordaintzeko. Baina pertsona horiek langile onak kontsideratzen zituzten eta ez jeinuak, guk egun iturgin edo igeltsero bat kontsidera dezakegun modu berean. Datorren zutaberako geratzen zaigu aztertzea, beraz, nolakoa zen pictor jende xume horren lanbidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.