Metropolira migratzeak hiri-bitzitzaren parte izateko aukera eskaintzen zuen. Emantzipatu, imajinatutako bizitza abiarazi eta esperientzia berriak profitatzeko. Balio kultural tradizionalak astindu, artista bilakatzeko.
Kanpoaldetik zen irudikatua hiriaren fantasia, bere zoko eta paisaiaren bitartez eraikitzen zuen presentzia. Barruti geografiko gisa zen kokatua mapan eta handik at produktu kulturalez hedatzen zuen bizitza estiloaren eragina. Distantziak erakarri eta elikatzen zuen hiria kanpotik, etengabe handitzen zen horrela, biztanlez eta lehengaiz.
Baina masa kultura lausoak eta nonahiko irismenak berdindu egin dute zentro eta periferia bizimoduen diferentzia hura. Probintziako jendeak ez du gabezia kulturala pairatu edota politikoki jazarria izan beharrik hiri-bizitzarekiko antagonismoan euren buruak ahalduntzeko. Beste hainbeste metropoliko hiritarrek: ez dute kulturalki jantzi eta politikoki aurrerakoi irudikatu beharrik, sofistikazioa goresteko. Mugarik ez du hiri berriak.
Artistak ez du hiri berrian bizitzeko adina. Horregatik, edozeineko lana du ogibide berezitasun sozialak eman izan dion duintasuna kudeatu ahal izateko. Hiriaren garapenean gizarteak sakrifizio mota zorrotzak eskatzen dizkio artistari, honek bere buruari eutsi nahi badio. Aro zinikoan politikoki engaiatu, boterearen kontrolpean abileziaz maneiatu, ontasun morala eta gehiegizko anbizioaren efektu kutsakorra saihestea, esate baterako. Bien bitartean lana eta bizitza gainezarriz doaz, baina ez abangoardiek aldarrikatutako nortasun iraultzaile hartatik, ekonomia inmaterialaren demandaz baizik. Industria sortzaileak nagusitu direnetik artista da irabazlea langile prekario orokorraren ofizioan, artista deiturari uko egin gabe eutsiz prekario. Horrela, ekoizpenak bereganatu du sormenaren subjetibitatea. Baztertua da dagoeneko artista erromantiko eta drogazale hura, marketingean trebe bilakatu da orain sortzailea, hiri-bizitza garapenaren ikur.
Kultura nagusituarentzat komenigarri eta zuritzaile diren kontakizunek gainditu dituzte egia zail, tragiko eta zarpailak. Eraldaketa sozial eta artistiko konkretuak ordezkatuz hiritarra alienatu duten barne prozesuak doaz kokatuz egungo narratibaren erdigunean. Azpi-eginkizun horretan ez da nahikoa teknikarien ahalmena, artista jendearen balioak eta abstrakzio talentua kontratatu behar ditu botereak.
Hortik, sormenaren burgesteaz hitz egin izan da (bere burua oraindik saldu ez dutenen omenez edo). Garaiko birkalifikazio urbanistikoetan arteak eta kulturak betetzen duten funtziotik ei datorkigu jatorrizko malezia. Auzo konplikatu eta nahasiak, finantza ahuleko bazterrak, errotik dira barreiatuak eta ordezkatuak, hiri-bizitza homogeneo, itxurati eta garestiaren alde. Menderatzaileari menderatze aparatua estaltzen dioten prozesuak apaindu eta ahalbideratzen ditu artearen xalotasunak, beste modu batean esanda.
Ertzean bizitzea deklaraziotzat duenari berean etsi eta praktikotasunean integratzeko gonbidapena luzatuko dio hiri berriak, antisozialtzat hartuz egiaren defentsa setatia. Badela lekurik underground joerarentzat adostasuneko kulturaren aniztasunean, irudizko eraikultza apolitikoan parte hartuz. Hiri berria ezgai bilakatu da bizitzaren esperientzia errealaz jabetzeko eta erremediorik gabe istorio prefabrikatuez bonbardatuko gaitu etengabe. Bidegabeko ezarpenen trukean zoriontasun gentrifikatua jartzen zaigu eskura. Zoru hauskorrean zehar goaz norabaitera, geratuz gero hondoratu egingo garenaren beldurraz, dominazio pribilegioek lainotuta, daramagun bizimoduak botere ahulagodun jendearengan duen eraginaz ohartu behar ez izatearen pribilegioa, hain zuzen.
Bere kasa hedatuz doa lerraketa bihotzgabea, eraiste kulturalaren biolentzia isilak ez du itzulerarik. Jendarte-ondorio tamalgarriak jakinekoak izanik ere geure horretan darraigu, atzerako ahalmenik gabe, nolabaiteko garapena ezinbestean onartuta. Barne-indar sozioekonomikoak gure ahalamenaz gaindikoak iruditzen zaizkigunean norbanakoaren kontzientziari egingo diogu dei. Gero, artista indibidualak badu nahikoa lan bere barruko gogoeta azaleratzen.
LAUHAZKA
Hiri berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu