Everest zen Paul McCartneyk nahi zuen izenburua The Beatlesen azken albumerako (Abbey Road), mundu honetan lor daitekeen kota altuenari erreferentzia eginez, horixe baitzen bere asmo artistikoa. Munduko tontorrik garaiena Himalaia mendikatearen zati bat da, zortzimilako gehien biltzen dituena, The Beatles taldeak poparen gailur gehien biltzen dituen bezala. Brad Mehldau aurretik ere ibili zen horietako batzuetan (And I love her, Blackbird, Dear Prudence...), eta oraingo honetan, Parisko Philamonieren gonbidapena jasoz, taldearen beste hamar tontor zeharkatzeari ekin dio Your Mother Should Know: Brad Meldhau plays The Beatles azken diskoan.
Aurreko aldietan bezala, aukeratutako abesti gehienak Paul McCartneyk idatziak dira, eta pianistak Schubertekin konparatzen du, bai melodien konpositore bikain gisa, bai alderdi liriko, rockzale eta espiritualaren harmonizatzaile gisa. Maccaren konposizio-barietate horrek aukera ematen dio Mehldauri eremu desberdinetan sartzeko eta sakonki aztertzeko, emaitza desberdin eta beti apartekoekin. Eta pianoan bakarrik egiten du, kontrabaxu eta bateriaren heldulekurik gabe, murgiltzea —edo igoera—, sakonagoa izan dadin.
Melodia askoren interpretazioaren sinpletasun desarmatzailea; baita konplexutasun harmonikoa ere (Maxwell´s Silver Hammer); ezker esku rock-and-roll zalea (I Saw Her Standing There); ezkerreko eskuaren noizbehinkako agerpen kontrapuntistikoa; eskuak teklatuaren eskala mugakideetara modu zorabiagarrian irekitzea; I Am the walrus-en groove-a; Golden Slumbers-enharmonia pedaldun gospel airea; interpretazio birtuosistikoa, zeinak, bere nolakotasun atletikoagatik baino, kontentzioagatik ematen duen arreta...
Han goian, itsas mailatik metro askotara bakarrik senti daitekeen edertasunaz eta askatasunaz gozatzera darama horrek guztiak.
IRITZIA
Himalaiatik paseoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu