Andoni Imaz
Donostiako 71. Zinemaldia. ILUNPEKO OHARRAK

Hilondoko keinuak

2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Kontu serioa da: auzi transzendental bat. Hildakoen artetik itzuli dira. Baten batek ispiluaren aurrean haien izenak errepikatu izan balitu bezala: Jean-Luc Godard, Raul Ruiz, Jose Val del Omar. Hiruren film berriak aurkeztu dituzte Donostiako Zinemaldian—Godardena Cannesen estreinatu zuten, baina beste biak lehenengoz erakutsi dituzte—: Film annonce du film qui n'existera jamais: 'Drôles de guerres' (Inoiz existituko ez den film baten trailerra: Gerra faltsuak); El realismo socialista (Errealismo sozialista); eta Festival en las entrañas (Jaialdia erraietan). Hirurek izen ederrak dituzte, nahiz eta Ruizen filmarena are ederragoa zen buztan eta guzti: El realismo socialista como una de las bellas artes (Errealismo sozialista arte eder baten moduan).

Serio jartzeko beharrik gabe, eskulan prosaiko bat ere bada: filmak aurkitu, garbitu, muntatu eta bukatu egiten dituzte.

Godarden mamua da guztietan nabarmenena, haren ahots nekatuak hitz egiten baitu, isilune luze baten ondoren, badena eta ez dena elkartzen dituen film horren erdian. Nola, baina? Bada, abiapuntura itzulita; zinemaren jatorriaren muinera. Irudi bat, eta gero beste bat, eta gero beste bat. Etxeko film bat da, estudioko bere mahaian egin zuenez gero, argazki eta testu puskak collage geldi batzuetan elkartuta, baina kanpoko auzi globalak ditu barnean, betiko gerrak eta historiak —Espainia, Palestina, Sarajevo—, galdu berri den hizkuntza baten azken oihartzunen artean.

«50 urte pasatu behar izan dira pelikula hau existitu dadin». Valeria Sarmientoren hitzak dira, Ruizen alargun eta lankidearenak. El realismo socialista lanaren izaera tragikoak erakusten du egileak zer gaitasun zuen gertatzear zena iragartzeko, Pinocheten estatu kolpeak eten baitzuen proiektua. Ordutik, filmak sakabanatuta egon dira, berreskuratu eta muntatu dituzten arte. Eta, hala ere, koherentzia harrigarri bati esker, gauza da iraultzaren konplexutasuna eta ezkerreko intelektualen kontraesanak irudikatzeko, begirada ironiko eta konplize baten bidez.

Urte batzuk lehenago, Val del Omarrek, teknika eta poetika inor gutxik bezala batzen zituen abangoardistak, Francoren Informazio eta Turismo Ministerioaren enkarguz egin zituen Festival en las entrañas osatzen duten bi piezak, proiektu zabalago baten barruan —lehenago, zinemagilea errepublikako Misio Pedagogikoetan aritu zen buru-belarri—. Zatirik dokumentalenean, turismoa sustatzen hasi berria zen Espainia bat ageri da; misteriotsuagoa da bestea, argi-itzalekin lortzen duen jolas fantasma, zinemarentzat zituen asmo utopikoen adibide polita.

Liluratu nauten bizidun guztien baimenarekin, hiru film horiek dituzte jaialdian orain arte ikusitako keinurik erradikalenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.