Haur bat kale jendetsu batean zihoan. Bizardun bati iruditu zitzaion galduta zebilela, eta: «Neskatxo hau nor dugu?». «Neu!», erantzun zuen haurrak. O, bai! Ama non zegoen, eta «hor» erantzun zuen, atzerantz begiratuz. «Eta aita?». «Hortxe». Nola zuen izena, eta «Maddi». Zenbat urte, eta: «Hiru! Laster lau egingo ditut». Bai neska handia! Bizardunak Olentzeroren lehengusua zela esan zion, eta haurra poztu zela zirudien.
— Zuri zer ekartzeko esango diot Gabonetan?
— Pistola bat!
— O! Niri beldurra damait horrek!
— Niri ez.
— Amak nola du izena?
— Amatxo.
— Eta aitak?
— Aitatxo.
— Nongoa zara?
— Etxekoa.
O! O! Datu hauekin eta pistola bat eskuan, ez dago beldurrik galtzeko munduan. Bizarduna ez zen ohartu haurraren aita-amak albo hurbilean zetozela, dena entzunez. Tira! Lasaitu zen, eta denak lagun egin ziren. Maddi lehen aldiz ikastolara joan zen egunean, etxekoak arduraz zeuden haurra nola moldatu izango ote zen. Bueltan galdetu zioten:
— Zelan? Asko ikasi duzu?
— Ez, antza, ze andereñoak bihar ere joateko esan du eta.
Lau urte eginak zituela, etxeko gonbidatu-bazkari batean, Maddi harrotu zen eta ez zen isiltzen. Aitak esan zion:
— Baina, Maddi! Ez al dakizu handiek hitz egiten dutenean, txikiek isilik egon behar dutela?
— Eta txikiok hitz egiten dugunean, handiek zer egin behar dute?
Noizbait joan zen mahaitik, eta amak sukaldean:
— Maddi! Zer entzun dut? Uzkerra bota duzu!
— Baina atzerantz!
Bost urte zituela, haurra artega zebilen. Birramama falta zen. «Joan zela».
— Bakarrik joan al da?
— Ez, laztana! —asmatu zuen amak—. Hegaztirik politenek lagundurik joan da.
— Eta ez da etorriko?
— Ez, laztana! Birramama, seguruenik, ez da gehiago etorriko.
— Hil egin da?
— Bai, laztana! —esan behar izan zion—. Birramama hil egin da.
— Hobe! Horrela ez da galduta ibiliko.
PASCALEN IRRIBARRETIK
Hil da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu