Uda iristearekin, udako erritmoak inposatuko dira datorren astetik aurrera. Gezurra dirudien arren, azken hilabeteetan bizitakoa bat-batean ahaztu izan bagenu bezala, COVID-19aren krisiaren ondorioz normaltasunera itzuli ez diren guneetan egutegiak normaltasuna inposatuko du, irakaskuntzan batez ere. Udarekin oporrak helduko dira. Bitartean, irakaskuntzak dituen erronkak egunetik egunera handituz doaz; aurrerapauso gutxi gertatzen diren heinean, gero eta handiagoa delako egiteko dagoena.
Azkeneko hilabeteotako galderari eutsiz, «eta haurrak, zer moduz?», «ongi, eskerrik asko». Zaindu, maitatu eta erdigunean jartzen ez dituen gizarte (beste batzuek herri deituko lukete) batean bizi direla ikasten.
Tabernak irekitzea eta eskolak ixtea erabaki zuen gizarte honen aurrean sentitutako inpotentzia, sinestezina bada ere, apur bat lausotu zen Ministeriotik ratioak jaitsi eta jantokiak erabiltzeko modua aldatu behar zela entzun nuenean. Krisiak hobetzeko aukera emanen ligukeela pentsatu nuen. Gazitasuna berehala iritsi zen, ordea, Hezkuntza Departamentuetatik lehengo ratioetara itzultzeko eskatu zutenean. Jantokiez oraindik ez dute ezer esan.
Nire ahotsa ahots gehiagorekin elkartu zen, noski. Irakasle eta zuzendari askok adostasun eza adierazi zuten, itxaropentsu zeudelako, baina haizeak eramaten ditu hitzak eta kexak, ezertan gauzatzen ez badira. Sindikatuak langileen osasun baldintzez eta zerrenden handitzeaz arduratuta egon ziren bolada horretan. Guraso elkarteek, bestalde, hamarkadetako antolakuntza ahularen ondorioak sentitu dituzte inoiz baino gehiago hilabete hauetan, beraz kexu bazeuden, ezin hori ezertan gauzatu.
Sistema oso bat kolokan jarri du krisiak, eta nork eta Ministerioak egindako proposamen hori (beste hainbat bezala) defendatu ezin izateak oso modu agerian utzi du hezkuntzaren munduan, osotara, gauza asko oso sakonki aldatu behar direla, ez baita gaitasunik izan denontzat ona den zerbait gauzatu ahal izateko.
Aulkiak mugitu, gorputzak astindu, erosotasuna gainetik kendu eta denona dena birpentsatu, hezkuntzaren katebegi ahulena erdigunean jarriz, ikasleak jakina. Zeharkako moduan pentsatu eta biziak erdigunean jarri. Momentu honetan, esatea gogorra bada ere, hezkuntzan ez dago berdin jarraitzeko aukerarik. Komunitate osoaren porrota litzateke.
Irakaskuntzaren sistema osorako ona dena pentsatu, izendatu eta defendatu behar da. Horretarako, irudimenaren, komuna denaren eta berdintasunaren defentsa egin behar dira. Inor ez dago sobran prozesu horretan. Irakasleak, familiak, zuzendaritzak, sukaldariak, garbitzaileak, autobus gidariak eta, zer esanik ez, ikasleak behar dira.
Beldurra gainetik kendu eta adorea, errespetua eta komunitate berriak sortzeko unea da hau. Aukera paregabea dugu funtzionatu ez duten estrukturak berriz asmatzeko. Hezkuntza komunitatea izan dadila etorkizunean osasungintza COVID-19aren krisian izan dena, beraiengan errespetua sortu duen pertsona multzoa.
LAUHAZKA
Hezkuntza komunitatea berriz asmatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu