Cira Crespo.
Lauhazka

Herri fededun

2024ko ekainaren 30a
05:15
Entzun

Gasteizko alde zaharreko mugaldean liburu-denda berri bat daukagu: Eva Forest Liburutopia. Hara joan nintzen goiz batean, eta salmahaia zaintzen ari zen laguna agurtu nuen, eta handik, nahi gabe bezala, buelta eman, eta bai, nobedadeen mahaira hurbildu nintzen, begiratzera baino ez. Baina, ezin begiratzera baino ez, eta ai ama, beti berdin, erosi nituen liburu bi! Pruden Gartziaren Euskaldun fededun (Elkar, 2024), eta James Baldwinen liburu mehe lirain bat, ia ezer ez, La próxima vez el fuego (Hurrengoan sua) (Capitan Swing, 2024), hain zuzen ere. Artean ez nekien bi irakurketa horiek elkar hain ondo osatuko zutenik.

Oso gustura irakurri dut Pruden Gartziaren liburua; azal ederra, edizio atsegina, eta oso ondo irakurtzen da. Are gehiago, hau da, nire ustez, euskal historiaren dibulgazio liburuen zaleok merezi dugun tonua eta hizkuntza. Gaia, Euskal Herria eta fedea; bereziki interesatzen zait, nik ere fedea, eta, zehazki, katolizismoa Euskal Herriko historia interpretatzeko gakoa dela pentsatzen dudalako. Eta, susmatu bezala, Gartziaren liburuaren irakurketak galdera asko iradoki dizkit.

Liburuan egileak Euskal Herrian euskal nortasunak katolizismoarekin izan duen loturari buruz egiten du hitz, eta tesi nagusia da Euskal Herrian katolizismoarekiko izan den atxikimendua Frantziako Iraultzan hasten dela, Kontrairaultzaren giroan; 60ko hamarkadara arte iraun, eta tarte hartan euskal identitatea ulertzeko funtsezkoa izan dela. Horrekin guztiarekin oso ados nago. Era berean, nire galdera hau asko interesatzen zait: zein baldintzatan eta zein arrazoi zeuden hori horrela izan zedin? Zeren eta uste baitut kontuan hartu behar dela zer esan nahi duen kultura gutxitu batean bizitzeak. Alde horretatik, ez nator bat Pruden Gartziarekin «gure historia eta Europako gainetiko herriena oso antzekoa» dela dioenean, ez baitut uste Frantzia, Espainia eta Alemania bat izan garenik inoiz.

(ID_17190785172335) Cira Crespo, lauhazka
'Euskaldun fededun' eta 'La próxima vez el fuego' liburuen argazki bat. CIRA CRESPO

Nik uste dut Euskal Herrian erlijioak eta katolizismoak izan duen eragin handia gutxituriko herria izatearen ondorio bat bezala konta litekeela. Bai, «euskal kulturaren heroi klasiko gehienak apaizak dira», eta hori ez da harrotzeko modukoa. Baina egon al zen alternatibarik, euskaraz zeuden liburu bakarrak bibliak eta eliza gaiak baziren? Hori Alemanian ere gertatzen zen? Eta Espainian? Nondik abiatu behar zen pentsamendua, unibertsitatean eta goi mailako ikasketetan euskal nazioaren hizkuntzan pentsatzea debekatuta bazegoen? Peru Abarka liburua ezin izan zen argitaratu bere garaian; ezkutuan gorde behar izan zuten, eta hori ez da anekdota huts bat, baizik eta euskal kultura sortzeko baldintzei buruz mintzo zaigun adibide garbi bat.

Honekin jarraituz, Gartziak dio Euskal Herriko kultura orokorrean kontserbadorea izan dela, batez ere, landa eremuetan gutxitua eta kapsulatua bizi izan delako urte askoan. Baina ez ote da hori baieztapen biribilegia? Nahiago herri kulturak eta gizarte tradizionala sakon aztertu dituen E.P. Thompson historialariak gomendatu gisa kontserbadore etiketarekin kontuz ibili. Eztabaida sakona da. Identitateak norbere alde edota besteren kontra eginez sendotzen dira.

Xabier Azkueren eskutik etxera iritsi zitzaidan Jesusa Gipuzkoakoa liburua. Georges Barbarinek egin zuen frantsesez, eta duela gutxi euskaratu eta berreskuratu da. Gipuzkoako kostaldeko herri batean kokaturiko eleberria. Familia protagonista errepublikarra da, eta, momentu batean, aipamen oso interesgarria egiten dute:

Errege-erreginen garaian ez ginen ausartzen mezatara huts egiten!

Eta orain? —galdetu nion.

Orain —hasi zen andrea, duintasun handizberdin-berdin joaten gara, baina nahi dugulako.

Elizara joaten ziren guztiak ez baitziren berdinak. Zeren, zein zen elizaren funtzioa? Agian, biltzeko leku bat izatea. Beharbada, identitate kolektiboa indartzeko leku apropos bat.

«Arazoa haratago doa, eta horretan hausnartzen saiatzen dira egun hauetan nire eskuetan izan ditudan bi liburuak. Arazoa herri zapalduena ere bada, porrotari aurre egin eta bizirauteko, aske dagoen herri baten parte sentitzeko alternatiba Elizaren harresietan aurkitu dutenak».

Liburutopian erosi nuen beste liburua James Baldwin pentsalari eta idazle afro-amerikarrena zen, oso gizarte fededun batekoa, alegia. Egileak fede galeraren prozesuaz hitz egiten du, intimitate hunkigarri batez, eta, une batzuetan, euskal kulturaren 'heroiak' izan diren 'apaiz atzerakoi' horietako batzuei hitz egiten entzuten ari naizela iruditu zait.

Uda hartan, zernahi gisaz, ni hezteko erabili ziren beldur guztiak, nire parte zirenak eta nire mundu-ikuskera kontrolatzen zutenak, munduaren eta nire arteko horma bat bezala altxatu ziren, eta elizara bultzatu ninduten (...) Esan nahi dudana da Elizan ez zegoela maitasunik. Gorrotozko, buruzentsurako eta etsipenezko maskara bat zen.

Baina ezin dut hor utzi: arazoa haratago doa. Hala eta guztiz ere, ihes egin nuen bizitzari [Elizari eta fedeari, alegia], plazer bat, poz bat, eta hondamendiari aurre egiteko eta bizirauteko gaitasun bat zerion, oso hunkigarriak eta oso ohikoak ez direnak. Agian han [Elizan eta fedean] denok bat egingo genuen gure zapaldu izaerarekin, hartu behar genuen arrisku multzo berezi eta bereziarekin; kasu horretan, muga horien barruan, maitasunarekin muga egiten duen askatasun moduko bat lortzen genuen han.

Ezin dugu hor utzi, dio Baldwinek. Arazoa haratago doa, eta horretan hausnartzen saiatzen dira egun hauetan nire eskuetan izan ditudan bi liburuak. Arazoa herri zapalduena ere bada, porrotari aurre egin eta bizirauteko, aske dagoen herri baten parte sentitzeko alternatiba Elizaren harresietan aurkitu dutenak; horrek dakarren arazo zamarekin (maskara, gorroto eta buruzentsura guztiekin), bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.