Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

Heriotzari aurre eginez

2024ko abenduaren 22a
04:00
Entzun

Funtsezko partaide baten heriotza mugarria izaten da talde baten ibilbidean. Tristea da honela esatea, baina bigarren mailako kide batzuen desagerpen fisikoak ez du, normalean, taldearen biziraupena zalantzan jartzen: showak jarraitu behar du, eta postu horretarako beste bat bilatzearekin (mertzenarioagoa, edo ez horren mertzenarioa) nahikoa izan ohi da aurrera egiteko (eta, hala ere: Stereolabek, arauzko doluaren ostean, horixe egin zuen kamioi batek Mary Hansen gitarrista/teklistak gidatzen zuen bizikleta jo eta emakumea hil zuenean, eta are beste hiruzpalau disko grabatu hura gabe, baina esango nuke taldea ez zela guztiz osatu orduz geroztik). Baina kantaria edo giltzarri den beste partaide bat hiltzen denean dilema argia da: desegitea, ala aurrera jarraitzea, ordezkoarekin edo ordezkorik gabe. Bigarren aukera, onartu behar da, ez da gehienetan ondo ateratzen, eta sosak biltzeko aitzakia izaten da, emaitza artistiko urriak ematen dituena (elepeetan neurtuta, batez ere), edota zuzenekoen arnasketa lagunduaren bitartez eusten diona, tarte batez sikiera. The Doorsen ibilbidea, Jim Morrisonen heriotzaren ostean, estudioko bizpahiru album nahikoaahazgarrirekin eta ordezko kantarien erabilera zalantzagarri zenbait barne (tartean The Cult taldeko Ian Astburyrena, besteak beste), nahiko esanguratsua da, alde horretatik. Antzeko parezido esan daiteke Freddie Mercury osteko Queenez (Bad Companyko Paul Rodgers errekrutatu zuena, garai batean), Stuart Adamson osteko Big Countryz (kasu horretan The Alarm taldeko Mike Petersen laguntzarekin), edo Michael Hutchence osteko Inxsez (denbora luze batez J.D. Fortune izen artistikoko kantari bat kontratatu zutenak, garai batean Elvisen imitatzaile lanetan aritu zena, horretarako propio antolatu zuten CBS telebista kateko reality batean alajaina). Gaurko Zimiterioan, ordea, halako hiru kasu «arrakastatsu» bilduko ditut, nahikoa salbuespen direnak.

AC/DC taldearen Back In Black diskoaren azala
AC/DC taldearen Back In Black diskoaren azala

AC/DC

Bon Scottek ezin izan zuen une okerragorik aukeratu sekulako aitzurra harrapatu eta bere gonbitoak itota hiltzeko: Highway To Hell (1979) arrakastatsuaren osteko bira amaitua zen, eta AC/DC, bat-batean, kantaririk gabe zegoen. Esaten da, atsekabetuta, taldea desegitearen aukera haztatu zutela besteek, baina Malcolm eta Angus Young anaien lanaren etika protestantea eta ibilbidearekiko konpromiso irmoa ezagututa, nekez sinetsi daitekeen zerbait da: berehala Geordie glam taldeko Brian Johnson errekrutatu zuten, Scotten antzeko eztarri bat, nahiz eta agian ez horren urratua. Taldeak behar zuena, agian, aurreko hiru albumetan zehar abiatutako bere blues-rock oinarriko musika zikinosoaren estandarizazio prozesuan sakontzeko: ze, bai, heavy metaltzat har dezakegu AC/DCren estiloa, baina, aldi berean, genero bat bilakatu zen, bere horretan. Eta Back In Black destilazio prozesu horren gailurra da: entzun kanta homonimoa, You Shook Me All Night Long edo Hells Bells, sarrerako kanpaia soinu elegiako horiekin (Bon Scotten heriotzari egindako keinu ia bakarra, akaso, albumaren azalaren lutozko kolorearekin batera: haren izena ez da inon aipatzen). Ea, albumaren izpiritu matxunoa hor dago, eta kanta batzuen letren sexismoa nekez jasaten da egun. Baina, zer nahi duzue esatea,What Do You Do for Money Honey-ren egitura erritmikoa hain da perfektua, ezen dena barkatzen baitzaio, are basikotasun hipermaskulino hori. Hortik aurrera, jakina, formula nagusitu zen, eta albumen kalitatea eta sorpresarako ahalmena maldan behera hasi ziren (nahiz eta guztietan aurki daitekeen distira egiten duen bitxi bat edo beste). Baina zer axola zion: estadioko banda erraldoiaren estatusa eskuratua zuen taldeak, sekula gehiago ez abandonatzeko. Badakizue: hilak lurpera, biziak mahaira.

New Order taldearen Power, Corruption & Lies diskoaren azala.
New Order taldearen Power, Corruption & Lies diskoaren azala.

NEW ORDER

Ian Curtisek bere buruaz beste egin ondoren, 1980an, Joy Division taldeko gainontzekoek hiru gauza egin zituzten: izena aldatu, partaide berri bat inguratu (Gillian Gilbert, teklista) eta prestatzen ari ziren albuma, Movement, amaitu (1981). Berez, esango didazue, horixe izan beharko litzateke gaurkoa, ezta? Ba ez, zeren eta New Order ez ziren de facto New Order bihurtu bigarren album honetara arte: Movement Joy Divisionen azken albumtzat har daiteke. Eta ez du guztiz funtzionatzen: kanta horiek Curtisen ahotserako ziren; Sumnerren eztiagoak beste zerbait behar zuen, eta, bila eta bila, bigarren album honetan aurkitu zuten: siniestrismotik synth-popera salto eginez hain justu. Gakoa Gilbert andrea da, eta bere sintetizadoreen ekarpena. Eta, ausartuko nintzateke gehitzera, bere ziurtasuna, eta normaltasuna: garai hartan gizonez osatutako talde batera batzen zen emakume asko ez bezala, bere irudia sexualizatzeari uko egin zion, adibidez. Pieza bat gehiago zen, operario kraftwerktar bat gehiago. Eta emaitza album hau izan zen, oraindik ez agian taldearen onena, baina bai hurrengo guztiak definituko zituena. Ados, oraindik aurki daitezke Joy Divisionen iluntasunaren oihartzunak (We All Stand), baina giroa oso bestelakoa da, Age of Consent lehenengo kanta jauzikaritik hasita, The Village OMDzaletik, 5 8 6 eta Ecstasy house-diskotekeroetatik igarota, Leave Me Alone berriz ere ilunera heldu arte. Eta hori abestirik onena, garai honetan bertan grabatu zutena, aparte argitaratu zutela, albumean ez sartzeko luxua xahutuz: Blue Monday loriatsuaz ari naiz, noski, inoizko maxi-singlerik salduena (eta, ondorioz, dantzatuenetarikoa). Gehitu Peter Savilleren azal ikonikoa, eta bingo joko duzu. Berrasiera txarra ez, tragedia baten errautsetatik sortutako Fenix hauentzat.

Manic Street Preachers taldearen Everything Must Go diskoaren azala.
Manic Street Preachers taldearen Everything Must Go diskoaren azala.

manic street preachers

Batzuetan talde baten izpiritua gidatzen duen kideak ez du zertan kantaria edo konpositore nagusia izan, elementu «aske» bat baizik. Hori zen, agian, Manic Street Preachers talde galestarreko Richey Edwardsen kasua: gitarra erritmikoa «baino» ez zuen jotzen (ez bereziki ondo, gainera), eta (inportanteagoa dena) letren egile nagusia zen. Eta gizon torturatua, depresiboa, autozauritzen zena. Taldearen lehenengohirudiskoen soinu urragarri eta klasifikagaitzak (art punk? Glam metaliko samarra?) asko zor zion, dudarik gabe. Hirugarrena grabatu ondoren, eta AEBra bira egitera joateko bezperan (Ian Curtis bezala, alegia), txas, desagertu zen arte, arrastorik gabe. Eta taldeko gainontzeko hiru kideak zer egin ondo jakin gabe lagata. Bada, hirukote bezala jarraitzea erabaki zuten: azken batean, ez zen lehenengo aldia zintzilik uzten zituena, eta bolo batzuk hura gabe egin behar izan zituzten. Beraz, Edwards gabeko laugarren album bat grabatu zuten (izenburu ezin esanguratsuagokoa: Dena joan behar da), taldearen soinua dezente iraulita, hots, aurreko ertz latzenak alboratuta, eta melodia gehiago, sintetizadore eta soka gehiago (harpa bat eta guzti!) eta epikotasun gehiago sartuta. Beren ohiko gai politiko ezkertiarrek (A Design for Life), erreferentzia historikoek (Interiors: Song for Willem de Koonig) edo animalien eskubideen defentsak (Small Black Flowers That Grow in the Sky...) hor segitzen zuten arren, diskoa irisgarriagoa da, eta bat egin ahal izan zuen bolada betean zegoen Britpoparekin. Baina, ordainetan, konbentzionalagoak bihurtu ziren (eta masiboagoak, eta hiperproduktiboak). Edonola, urte askotan zehar jarraitu zuten irabazien laurdena Edwardsen kontu korrontean ingresatzen. Eta kontzertuetan mikrofono huts bat ipintzen, haren omenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.