‘Polvo serán, más polvo enamorado’
Kasualitatea izango da, baina Hispanitatearen egunean letra hispanikoetan ikusten den idazle baten testuetan oinarritutako antzezlana ikusi dugu Burgosko (Espainia) konpainia baten eskutik. Eta ni pozik, e? Oso. Publikoak antzokia bete du, Morfeo taldearen kalitateaz jakitun eta, seguruenez, 2023ko martxoan antzoki berean eskaini ziguten Strip-Tease pieza gogoan. Garai hartakoan, Slawomir Mrozeken ipuinen absurdoen zaleen gisara agertu zitzaizkigun Morfeokoak; oraingoan, berriz, XVII. mendeko gangarilla moduko konpainia ibiltarien maneretan aditu bihurtuta.
Quevedoren (1580-1645) garaiko aktoreak direla irudikatu dute antzezleek. Lehenbiziko eszenan, zendu berri den lankidearen hilkutxaren inguruan paratuta daude. Une horretatik, bertatik txantxa adeigabeak hasten dira. Gorpuari buruzko barreak zein heriotzaren inguruko trufak. Hizkuntza burlatia da testuarena, eta gainera, bertsotan. Kontua izan da hildakoa ez zegoela benetan hilda, eta, bere onera etorri denerako, Herio bertan zegoela bere ustezko jabetza eraman nahian. Orduan, komikoek proposamena egingo diote inoiz irri egin ez duen Heriori: lortzen badute haien antzezpenekin barre egin dezala, segalariak libre utziko du laguna.
Eta, Quevedok Urrezko Mendeko inkisizioari desafio egiten zion eran, Morfeokoek laurehun urtez taularatu gabe egon diren hiru entremes antzezteko erronkari egin diote aurre, ofizio handiz. Eta horra miraria: El Caballero de La Tenaza [Suhatzen Zalduna], El Marion [Maritxua] eta El Miserable [Zekena] pieza labur irrigarriak suertatzen zaizkigu gaur egunean ere, batetik, hizkuntzarenmalabarismoak ondo ulertzen baititugu, eta, bestetik, Quevedoren unibertsoaren gaiek fresko dirautelako: zekenkeria patologikoa, senar-emazteen arteko talkak, generoen araberako izaera ez-normatiboak, gosea, pobrezia... Eta, horien guztien gainetik, aktore ibiltari batek aireratutako galdera bat, dena biltzen duena: «Zertarako balio du antzerkiak?».
Eszenografian oihal pintatuaren aldeko hautua egin izana txalotzekoa da. Argiztapenak ere merezi du aipamen berezia, nire ustez: oin-argiek kutsu vintage moduko bat eman diote eszenatokiari, eta iluntasunaren aldeko eginiko aukerak ondo laguntzen du giro egokia sortzen. Aktoreak ondo aritu dira talde lanean, eta aipatzeko modukoak dira eginiko bi antzezpen motak. Batetik, antzezleak burlati aritu ziren; Commedia dell arte-ko bufoiaren oihartzunak agerian, eta Espainiako antzerkiaren Urrezko Mendeko grazioso eran. Aitzitik, Herio, guztiz solemne aritu zen, XVII. mendean errege-erreginak antzezten zituzten modu handikian. Halaber, nabarmentzekoa dugu Herioren irudia, zeinak Ingar Bergmanen Zazpigarren zigilua (1957)filmean baitu inspirazio iturburu zuzena.
Amaieran, ondo merezitako txalo bero-beroak. Eta, irteeran, kultur transmisioari buruzko auzia etorri zait burura: zertarako balio du antzerkiak? Eta, zein kultur mota betikotzen du gure kartelerak? Eta, ni, Quevedo eta Morfeoren ateraldiekin pozik, e? Gainera, azaroan El alcaldede Zalamea dator, eta ni ere pozik, e?