'nekropolia'
Badira, arrazoi bat edo beste dela medio, benetan bakanak diren liburuak, are haien harrera kritikoa zailtzeraino, irizpide orori iskin egiten dioten neurrian. Hori gertatzen da, besteak beste, memoriarekin lotutako lanekin, lekukotasunen sailean sar daitezkeenekin batik bat. Horrelakoetan, memoriak ezinbestean erantsitako –eta narratibitateak berezkoa duen– fikzio geruza batez bilduta ageri da historia. Zer esanik ez, lekukotasunok ukitu literarioa badute. Horixe da, hain zuzen, Boris Pahor idazle esloveniarraren 1967ko Nekropolia nobela autobiografikoaren kasua, Santi Leonek euskarara berriki itzulia, Alberdaniarekin.
1944an atxilo hartu, eta Dachauko kontzentrazio esparrura deportatu zuten Boris Pahor. Geroztik beste hainbat esparrutan ibili zen, Bergen-Belsenen zegoela aliatuek askatu zuten arte. Bizirik ateratako preso ohiak, 60ko hamarkadan, bere gatibualdiko egoitzetako batera egindako bisitarekin hasten da Nekropolia. Natzweiler-Struthofeko esparrura egindakoarekin, zehazki. Turista artean museo bihurtutako gunea bisitatzen ari dela, berehala etorriko zaizkio protagonistari atxiloaldiko irudiak, etenik gabeko kontzientzia-isuria abiatuz. Gogoeta horietan denbora-jauziak egiten ditu narratzaileak, esparruotako irudiak nahasiz eta hari kronologiko argirik gabe, oroitzapenak jazarriko balitzaizkio bezala. Tarteka orainaldira itzuliko da, jarraian atzera ere memoriaren ur sakonetan murgiltzeko.
Kontatzen duena ez ezik, autorearen kontatzeko estiloa bera ere nabarmentzekoa da. Deskribapen eta detaileekiko arretatsua, irudi eta konparazioetan aberatsa eta erritmo gihartsukoa da Pahorren prosa. Narrazioaren hasieran etenak ugariagoak badira ere, laster arnas betean egiten du aurrera kontaketak, irakurlearengan itolarria eraginez. Ezin konta ahala irudi gordin ekartzen ditu Pahorrek narrazioan, baina esango nuke autoreak lortzen duela begirada azalekotik aldentzea eta ezkutukoenari erreparatzea, gorputzen suntsipenaren irudi izugarriek barnean gordetzen duten egia are ikaragarriagoari, alegia. Holokaustoari buruzko literaturan horren ohikoa ez den gaia ere azaltzen da Nekropolia-n: bizirik ateratakoaren, hau da, betiko desagertu ez zenaren erru sentimendua. Lager-ean erizaina izan zen liburuko protagonista, eta, neurri batean, heriotzarekiko hurbiltasun harreman horrek ahalbidetu zion bizirik ateratzea. Sinestun bat aldarean nola, hil zirenen oroitzapenen aurrean belaunikatzen da, noragabe dabilela hildako mamuen eta bizidunen munduen artean harrapatuta.
Biziraulearen hustasun eta zauri eternoan hazka egitera kondenaturik dagoela jakitun, galderak egitea baino ez zaio geratzen idazleari, bere buruari «ez dakit, ez dakit» erantzutera mugatzen den arren. Bizirauleak heriotzaren lurraldera eginiko bidaia dakar Boris Pahorrek, mamuekin aurrez aurre eseri eta iluntasunaren hustasunari begietara begiratzeko; hartara, ondoren etorritakoei —liburuaren amaieran jolasean ari diren umeei zuzentzen zaie begirada— argi printzaren bat helarazteko.