Cira Crespo.
Lauhazka

Hemen eta orain

2024ko ekainaren 2a
05:20
Entzun

Elkartu ginen azken aldian zuhaitz mardul baten gerizpean ginen. Duela hilabete bat izan zen, Benita Gorostizuk asmatu zuen leku hartan; gogoratzen zarete? Zuhaitz mardul baten gerizpean, hizketan ari garela, gauza asko gerta daitezke gure inguruan. Txori kanta entzun daiteke, agian. BERRIAn Amaia Igartuak argitaraturiko erreportajeaz gogoratzen naiz orain, zuhaitz zaharren enborretako zuloei buruzkoa, nola zulo horietan ura pilatu eta uraska bihurtzen diren eta nola uraska horiek tankera prehistorikodun izena daukaten, dendrotelma. Intsektuentzako oasi omen dira, besteak beste. Eta baliteke kantuan entzun ditugun txoriak ere ura edatera gerturatzea. Eta pentsatu nahi dut gerturatzen diren txorien artean egongo dela habiatik atera berri den txori txikiren bat ere.

Nik Atxagak hizketan imajinatu zuen bezalakoa irudikatzen dut (bide batez esanda, inoiz irakurri dudan nobela hasierarik ederrenetakoa iruditzen zait).

«Bada Mintzo bat barnetik sortzen zaiguna, eta Mintzo horrek agindu bat eman zidan uda hasieran, artean inozente, mizpira arbolatik sekula atera gabeko txoria nintzela. Mintzoa entzun aurretik, mizpiraren hosto ilunak eta mizpiraren aldamenetik zihoan ibai txikia ezagutzen nituen; beste guztia ez nuen ezagutzen. Badira mendi harritsuak –esaten zidaten lagunek–, badira etxeak eta bideak, eta bada gure ibai txiki hau baino milaka eta milaka aldiz handiagoa den beste ibai bat, itsasoa esaten zaiona, non biltzen diren gure ibai txikiaren urak eta beste askorenak. Baina nik ez nituen ezagutzen».

Joan den Korrikaaldia-ri amaierari hitzak jarri behar zitzaizkiolarik, Garazi Arrulak ere naturaz mintzo ziren irudiak eskaini zizkigun:

«Hegazti harrapari guztiek ehizatzen dute zozoa, gautarrek nahiz egunerokoek. Ez omen du primaderan kantatzen, eta gure lurretan urriago dira pinu eta eukalipto birlandaketetan, tokiko baso autoktonoetan baino. Arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa».

Uste osoa dut garaiak naturaren aldeko gerturatzea eskatzen digula. Hobe genuke natura hobeto ezagutu, eta horri buruz hitz egin eta pentsatu. Nola, baina?

Uste osoa dut garaiak naturaren aldeko gerturatzea eskatzen digula. Hobe genuke natura hobeto ezagutu, eta horri buruz hitz egin eta pentsatu. Nola, baina? Jokin Bergarak, nolabait ere, auzi honetan barneratzeko lorratza eskaintzen digula esango nuke Adaxka lehorrak liburuxkan.

«Utopia ekosozialaren irudi erakargarria mahai gainean jartzea ez da ariketa antzua. Gutxienez, ezin dugu marraztu ezinezko absolutu bezala. Herrian biziki den gizarte bat, komunitate bizitza aberatsetan integratu, lurraldeari errotua, autonomia material altuarekin, bizitza kulturala eta espirituala sakon lantzen dituena eta ingurugiroarekin harmonian bizi dena. Bizitza lasaiagoak, mantsoagoak, baina zoriontsuagoak erreproduzitu ahalko dituen gizarte forma».

Klima larrialdiaren aurrean, hau da, Bizitzak munduan gaur arte ezagutu duen aldaketa handienetako baten aurrean, iruditeria aldatu (edo berreskuratu) beharrean gaude, naturaren eta gizartearen arteko mugak lausotzen diren kontakizunak asmatu, nik uste. Baina nola egin hori? Nola berrasmatu gure narrazioak? Nola pentsatu zer mundu behar dugun? Txorien izenak ahaztu ditugun horiek gara-eta... Landareen koloreak, txindurrien soinuak, zuhaitz mardularen usainak nola izendatu ahaztu dugun horiek gara-eta... Nola egingo dugu? Zuek badakizue zein lore diren lehenengoak loratzen? Udan iristen diren lehen xomorroak zein diren? Eta azkenak? Badakizue begiak ireki eta ingurura begiratuz, zein urtarotan gauden esaten? Eta begiak itxita, soinuak adituz soilik esaten?

Kontu hauek gogoan nerabiltzan, eta bi liburu ezin egokiago iritsi zitzaizkidan etxera. Lehenengoak Hemen eta orain du izena, eta liburu ilustratu itxurako altxorra da. Honela hasten da, hain zuzen ere: «Zatoz zuhaitz batean gora eta behera inurri langileen atzetik segika, ikusi nola lehertzen den izarputz onddoa euripean, eta liluratu zaitez kolibriarekin nektar gozoari hurrup egiten dion bitartean...». Ireki liburua, pausatu begirada bere orrialdeetan, eta, jada, hasieratik, lasaiago egongo zara, adiago.

COSTA RICA ANIMALES
Marisorgin bat, artxiboko irudi batean. Jeffrey Arguedas / EFE

Bestea liburuak Xomorroak du izena, eta Julià Guillamonen Les cuques liburuaren euskarazko bertsioa da. Asko maite dut nik liburu hori, asko gozatu nuen katalanez irakurri nuenean, eta euskarazko soineko berriak ezin hobeto ematen dio. Arazotxo bat dauka, hala ere: zaila da definitzen. Ipuin bilduma bat da? Ez dut uste. Eleberri bat? Ezta ere. Saiakera literarioa? Ezta zehazki hori ere. Baina hori guztia ere bada. Atalez atal, Julià Guillemonek bere bizitzako xomorroekin loturiko pasadizoak kontatzen dizkigu. Adibidez, abuztuaren amaieraren definizio ezberdin batekin hasten da atal bat: «Marisorgina (Mantis religiosa) abuztuaren amaieran jaisten zen herrira: uda bukatzen ari zela iragartzen lehenengoetako bat zen. Hormetatik gora igotzen zen, haurrek ikusi eta atzamarrez seinalatzen zuen: 'Mantisa!, mantisa!'.Marisorginak jaramonik ez, goi hartan helezin».

Naturara hurbiltzeko modu asko saiatu dira. Gurean ez dut uste beharrezkoa izango denik Kanadaraino joatea, ezta Korfura ere, ez dago zertan Thoureau edota Gerrald Durrell txiki izan... Hobe etxean gelditu, auzoa eta auzotarrak ezagutu, eta natura eta gizartearen mugak lausotu. Zuhaitz mardul baten azpian eseri, lagunartean, akaso, nahi baduzu. Begiratu adi han dauden xomorroei, agian zulo interesgarri hartan daude. Orduan, non zauden konturatuko zara, zein urtarotan, eta baita zein garaitan ere. Hemen eta orain, zein beharrezkoak diren koordenatu hauek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.