Kirmen Uribe.
Literaturako Nobel Sariak. IRITZIA

Hegazkinen abiadura

2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Hegaldiak (ingelesez, Flights) du izena Mendebaldean itzuli den Olga Tokarczuk-en azken nobelak. Nobelak hamar urte lehenago ikusi zuen argia polonieraz, eta iaz argitaratu zen ingelesez. Bai, halaxe da. Atera eta berehala, baina, hegazkinaren abiadura hartu du liburuak. Itzulitako liburu onenaren Man Booker nazioarteko saria lortu zuen lehenik eta orain Nobel saria. Hegaldiak liburu konplexua da katedral bat bezain, desberdina erabat. Autofikzioa, pertsonaia erreal eta fikziozkoak, erudizioa, asmazioa, dena batera dator. Ez du pertsonaia nagusirik, ahotsak eta gaiak lotzen dituzte hara eta hona dabiltzan narrazioek. Liburuaren gaia: desplazamendua, bidaia. Europan. Brooklyngo liburutegian aurkeztu zuen Tokarczukek liburua iazko udazkenean. Hogeiren bat lagun baino ez ginen izango bertan. Autofikzioaz galdetu ziotenean berak esan zuen: «Ahotsa? Tira, batzuetan ni naiz eta beste batzuetan ez». Anatomiaren obsesioari buruz egin ziotenean itauna: «Beti kezkatu izan nau ez jakiteak zer gertatzen ari den nire gorputz barruan. Izarrei buruz badakigu, planetei buruz, baina gure gorputzei buruz ia ezer ez. Horregatik estudiatu nuen anatomia». Poloniako egoera politikoari buruz: «Ez dut gaizki hitz egin nahi nire herriari buruz kanpoan nagoela». Ez da aukera txarra euskaldunontzat ere. Susmoa dut Tokarczukek «zergatik ez?» esaten diola bere buruari idazten ari denean. Zergatik ez idatzi libre, atzera begiratu gabe, beldurrik gabe, irudimenari hesirik jarri gabe? Bada hori egin du Olgak. Eta horrexegatik eman diote saria, libre idazteagatik, libre izateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.