Musika

Hegaldi librea Viktoria Eugenian

Idoia Asurmendi musikariaren irudi bat. BERRIA
Idoia Asurmendi musikariaren irudi bat. BERRIA
Joserra Senperena.
Donostia
2024ko maiatzaren 21a
08:14
Entzun

Idoiak Viktoria Eugenian atzo emandako kontzertua dela eta, ekitaldi historiko batera joan nintzela iruditu zitzaidan. Bere hastapenetik, sailetik kanpoko artista bat ikusteko pribilegioa izan nuela esango nuke; 23 besterik ez, eta bigarren diskoa aurkezten ari zen.

Espero liteke lehen diskoarekin arrakasta izan duen artistak bigarrena komertziala egingo duela; ikus-entzuleria zabalago batengana iristeko aukera bilatuko duela, bere tokia baieztatzearren. De amar y desandar disko ausarta da. Egilearen azken bizi-esperientzietatik abiatzen dira abestiak, eta modako hit-etan ohikoak ez diren bihurguneak eta mailaketak bilatzen ditu. Idoia ausartzen da kantatzera, hizki larriz esanda. Ausartzen da forte, piano, a capella; ausartzen da falseteak egitera, ritardandoak egitera, testu bat off-ean errezitatzera… Kontatu nahi duena kontatzeko eta kantatu nahi duena kantatzeko behar diren baliabide guztiak erabiltzen ditu.

«Kontatu nahi duena kontatzeko eta kantatu nahi duena kantatzeko behar diren baliabide guztiak erabiltzen ditu [Idoiak]».

Hori guztia estiloen gainetik hegan eginez eskaintzen du, eta horietako bakar bati ere konturik eman gabe. Aramaioko musikariak popetik abesten du, souletik, hegoamerikar musikatik edo Gaztelako folketik pasatuz, naturaltasun osoz abesten duelako, pasabide ikusezin batean soilik handiek egiten duten moduan. Eta bere melodiak aske doaz, ez dago grabitaterik; akordeak, konponketak eta instrumentazioa desagertu egiten dira, eta abestiak hegan doaz. Musika.

Atzoko kontzertuan Txus Aranburu (teklatuak), Karlos Aranzegi (bateria), Ander Ederra (gitarrak) eta Joanes Ederra (baxua) izan zituen lagun, guztiak ere prestigio handiko musikariak. Bukatutakoan, ikus-entzuleek zutik agurtu zituzten oholtza gainean zeuden bost musikariak.


Gutxitan ikusi dut zuzenean Idoia bezalako musikaririk. Konposatu, abestu, pianoa eta gitarra jo egiten du, eta soiltasun harrigarri batez komunikatzen da. Publikoa bi ahotsetara kantari jartzeko gai da. Zortekoak gara, bere karrera hasi besterik ez baita egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.