Migel Zeberio
IRITZIA

Harribitxiak pizgarri

2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Aurten ere jatorri askotatik kantuak sortzen dituzten proiektu ugari, ikusgarri eta askotarikoen oihartzuna iritsi da, hego haizeak ekarririk, kurriloen hegaldiarekin batera. Mendebaldarron globalizazio ereduaz haratago, kultura eta herri askotako ñabardurek ematen diote udazkeneko kolorez jantzitako doinuen basoko hostajeari kolore esparru aberatsa, eta inoiz baino gehiago biziarazten digu Itzaltzuko sorginak Gartxoti errandakoa: «Kantuak bizipoza ematen du». Hala, Ukrainako gerra girotik etorri da berria; paradoxa dirudi, baina hala da, eta ez du zerikusirik entzuleen enpatia izugarrizkoarekin eta zalapartarekin.

Zirrara dario kantaerari: soka bakoitzeko tinbre eta harmoniko aberatsen betekada, eta horiek mendean hartzeko malgutasuna eta jakinduria; arnasketaren erabilera nabariezina; gaitasun guztiak elkarrekin uztartzeko maisutasuna. Horrenbeste baliabide eta ñabardura biltzeko gai den talde bat entzuteak kasik beste galaxia bateko kontua dirudi. Tradizio bati lotuta doazen azken arrastoak ote? Gurean ere, kutsadura akustikoak espazioa jaten ez zigun garaietan, kantatu ohi zen, eta baziren ahots sendoak...

Esloveniako Stanislav emakume abesbatzak merituz eta dohainez lortu du bigarren postu bikoitza. F. Zupancic zuzendariari gerrialdetik darion indarra biderkatzen dute bere kantariek: orekatuak diren ahots guztietan tinbre atsegina bilatzen du, esaldiak musikaltasunez gidatzeko eta josteko, eta oholtzan ikuste hutsak iradokitzen du egiteko gai direna.

AEBetako Brigham Unibertsitateko abesbatza gustura hartzen ditugun ahalmen askoren jabe dugu: kantari gazteak, tinbre distiratsu bezain indartsuak, Andrew Crane zuzendariaren zehaztasuna eta keinuaren energia... Igortzeko eratik hasita, oholtza berean maiz izan dugun Gary Graden maisua zekarkidan oroimenera.

Talde dublindarraz, bere samurtasuna azpimarratuko nuke, eta gustuko dut berotasun hori; perfekzioaz gain, beren neurriko egitarau oparo eta askotarikoa dute, bi saioetan gorantz indartuz eraikia. Aldiz, Letoniako Maska taldeak kontrako irudipena eragin zidan, kolore bitxiak eta soinu neurritsu antzerakoak zerbait gehiago emateko gai izan zitezkeelakoan.

Haurren sailean, berriz, sei talde, aukera-aukerakoak, helburu eta abiapuntu desberdinetatik sortu eta garatutakoak, kalitatezkoak denak, nagusiki neskez osatuak.

Letoniako taldea gailendu da, musikalki helduena, nire iritzian: Rigako Tiara, beren naziotasunean kantuak duen adierazgarri oparoa aldarrikatu zuten udaberriko txori kanten efektu liluragarriaekin gailurrera iritsiz. Stockholmdarrek, berriz, perfekzioz jardun zuten, baina artea berotasun edo intimotasun gehiagoz jasotzea eskertuko genieke.

Beharbada giro aldetik gertuen ditudalako, Kataluniako eta Asturiasko taldeak nabarmenduko nituzke, jakin badakidalako ez dutela horrelako proiektuetan aurrera egiteko bidea xamur; emaitza, berriz, txalotzekoa. Biak ala biak espresibitate handikoak dira, naturalak, musikaren gozamenerako aproposak. Amics de la Uniokoek talderako mutilak ere lortu izana harrotzekoa da. Adierazpenean gorputzari eta oro har askatasunari lehentasuna eman izanak beste esparru batzuetan ordainarazi egiten diote —afinazioan eta dinamiketan, besteak beste—, baina zein ederra ikuskizuna. Leon de Orokoen gaztetasuna harrigarria da, gaitasuna horren bikaina izanik. Amaren sabeletik kantuan trebatuak behar dute izan! Bi koru horiek Elberdinen kantetan jo dute goia; paperean ideia ondo islatua dagoen seinale izanen da hori, ziur.

Entzuleen jarrera gogotsua azpimarragarria izan da, nabari da bertaratzen denak gozatzeko eta festarako gogoz egiten duela, eta balioa ematen diola kantarien lanari, txalo zaparradak etengabeak baitira. Horrek, era berean, gero eta gehiago berotzen du giroa.

Talde guztiek lortu dute erakarpena, arrazoi batengatik edo bestearengatik, eta, gehienetan, espero gabeko harribitxiak eskaini dizkigutenean gertatu da hori. Zenbat doinu berezi, norberaren kulturaren nortasunari lotuak: hizkuntza, aire eta kolore ezohikoei esker, saioa xamurra eta pizgarria egiten zaio ordu luzez antzokian izango den zaleari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.