Jean-Louis Davant.
Azken agurra Jean Haritxelarri. Iritzia

Haritschelhar gogoan

2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Euskaltzaindiak Zuberoako alkira deitu ninduen 1975ean. Beraz erakunde horretan Jean Haritschelharren ondoan egon naiz 38 urtez. Haatik aitzinetik ezagutzen nuen, eta zinez estimatzen. Iparraldean jadanik euskal kultura mugimenduko aitzindaria genuen, gure gidari eta babeslea, bide berriak barnatzen zituena, nagusiki Euskaltzaindian, Euskal Museoan, Unibertsitatean eta Ikasen, baina ez hor bakarrik, orokorkiago biltzar eta bilkura ezberdin askotan. Gainera fama handia zuen bulta hartan Zuberoan. Etxahun Barkoxekoaren egiazko historia paper zaharretan ikertu zuen auzitegiz auzitegi eta herriz herri, gero bi liburu gotorretan agertu, behin euskaraz, gero frantsesez. Ondotik Etxahun Irurikoaren laguna izan zen, eta bi aldiz bederen ohoratu du plaza betean. Lehen aldia 1977ko uztailaren 24an, igandekari, Atharratzeko pilota plazan, Xiberuko Zohardia elkarteak gure poetari egin zion omenaldian, Haritschelharrek hitzaldi hunkigarri batez goretsi zuen jende oste handi baten baitan, beti bezala notarik gabe mintzatuz. Bigarren aldia 1979ko urriaren hiruan, Pierre Bordazarre horren ehorzketan, Iruriko eliza mukuru betean : Haritschelharrek azken agurra egin zion, bere gorazarrea Irurikoak Barkoxekoari Etxahun koblakari pastoralean onduriko «bertset sarkor eta maitagarri» batean burutuz. Bi hitzaldi horiek ondoko egunetan agertu ziren Herria astekariko zenbakietan.

Pastoralaren maitale suhar eta fidela genuen, eta aurtengoa salbu, ez du bakar bat entzun-ikusi gabe utzi. Aldiro horien berri eman du lumaz, bereziki Herria astekarian. Artikulu eta mintzaldi anitz egin du antzerki mota horretaz ; hots, euskaldunen opera horren aditu hoberenetarik izan da, eta horretaz ere eskertzen dugu zuberotarrek, gure teatro zahar eta beti berriari noblezia bat eman baitio denen aurrean.

Beti euskaraz mintzatu naiz Jean Haritschelharrekin, eta euskaraz dakiten guziekin euskaraz hitzegiten entzun dut beti. Hori bera, etsenplu ederra, jarraiki behar duguna.

Azkeneraino buruz azkar, indartsu, argi eta zuhur ikusi dugu. Berriki, oraindik osasuntsu zegoela, bere karguetan ez gehiago agertzeko deliberoa hartu eta bete du. Gorputzez bezain gora zen espirituz, eta beti baikor, beti jo aurrera, gutiz gehienetan umore onean, behar zelarik araberako bizitasunarekin. Baigorriko Haritza erori zaigu, bizitza ongi beterik. Horren arima bakean dabilela Nafarroa guziko bortuen gaindi, eta esperantzaz bete gaitzala euskararen aldeko borrokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.