Kritika. Musika.

Harien dirdaia

2024ko maiatzaren 11
05:00
Entzun

euskadiko orkestra

Zuzendaria: Ari Rasilainen. Biolontxeloa: Alban Gerhardt. Egitaraua: A. Clyneren This Midnight Hour, E. Laloren Biolontxelo eta orkestrarako kontzertua re minorren eta A. Dvoraken 7. sinfonia, op. 70. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Maiatzaren 8a.

Euskadiko Orkestrak aurtengo denboraldiaren azken-aurreko kontzertu-birari ekin dio kolorez betetako programa batekin; Lina Gonzalez-Granadosek gidatu behar zuen, baina Ari Rasilainen finlandiarrak hartu zuen batuta. Azken orduko aldaketek ezinegona sortu dezakete musikariengank eta, dena dela, kontzertu distiratsua izan zen hasieratik bukaerara arte.

2015ean eman zen lehenengoz Anna Clyneren This Midnight Hour (Gauerdian), eta geroztik mundu osoko orkestren errepertorioan ohiko bihurtu da. Ez da harritzekoa, soinuaren trataera efektista proposatzen baitu, ur-jauziak eta saiakera estereofonikoak tartean, Juan Ramon Jimenezen eta Charles Baudelaireren bi poematan inspiratuta. Hari baxuek luzimendurako aukera profitatu zuten guztiz, indar bizia azaleratzen zuen soinu trinkoaz.

Biolina eta orkestrarako idatzi zuen Sinfonia espainola-z gain —Pablo Sarasatek estreinatu zuena—, Laloren gainontzeko ekoizpena apenas den ezaguna; 1877an idatzitako biolontxelorako kontzertua izango da akaso salbuespena. Pozgarria da gurean entzun ahal izatea; izan ere, Alban Gerhardten norabide zentzuaz gozatzeko marko ezin hobea suertatu zen, Lalok berariazko espazioa eta denbora eskaintzen baitizkio biolontxelo bakarlariari, musika herrikoien oihartzunak dakartzan pieza zirraragarrian. Orkestrak ere gau osoan nagusitu zen oreka eta osotasun sentsazioa hedatu zituen. Eta zeinen soinu goxo eta fina, zeinen lerro melodiko garbi eta zentzuzkoa marraztu zuen Gerhardtek J. S. Bachen Biolontxelorako 6. suitea-ren preludioan; bisa ez, altxorra.

Bigarren zatian, Antonin Dvoraken espresibitate sotil zein dramatikoaren erakusgarri, Euskadiko Orkestrako sekzio guztiek eraiki zituzten goresteko moduko uneak: Allegro maestoso-aren irekieran biolontxelo, biolak eta klarineteak samurtasuna eta misterioa batuz; Scherzo-an, dantza bohemiarraren erritmo jolasean eta zurezko haizeen presentzia ederra fortissimo-aren gailurrean, eta, noski, Finale-aren amaierako kadentziaren apoteosian, Rasilianenek bortizki azpimarratuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.