Hariari jarraituz

Eva Lootz artistaren 'Korapilatu, zimurtu eta hariari jarraitu' erakusketako irudia
Eva Lootz artistaren 'Korapilatu, zimurtu eta hariari jarraitu' erakusketako irudia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2024ko maiatzaren 21a
05:05
Entzun

'Korapilatu, zimurtu eta hariari jarraitu'

Gogoan dut Eva Lootzen lanak lehen aldiz ikusi nituenekoa. Power Point bateko irudiak ziren, unibertsitatetik kanpo egin nuen arte garaikideko ikastaro batean. Oso kalitate txarreko irudiak ziren, marroixka kolorekoak, xehetasunak argi ikusten uzten ez zituen halako patina batekin. Ez dakit zergatik, baina irudi haiek ez ditut gerora inoiz ere ahaztu, eta Kubo Kutxa aretoan Lootzen banakoa zetorrela ikusi nuenean, ezin joan gabe gelditu; memorian nituen lan horietakoren bat ikusteko parada eduki al nezakeen hainbeste urteren ondoren?

Areto honetako erakusketa gehienak Euskal Herriko zein Espainiako ibilbide luzeko artisten banakoak izaten dira, eta erakusketa honek ere ildo berari jarraitzen dio; izan ere, nahiz eta Eva Lootz jaiotzez austriarra izan, 30 urte bete aurretik Espainiara joan zen, eta ordutik bertan bizi da. Arte garaikideko ikastaro hartan bere lana ikusi nuenetik, Lootzen ekoizpena bereziki 70eko hamarkadari lotuta kontzebitzen nuen, iraganean iltzatutako artista bailitzan. Hau, nik uste, askotan gertatzen zaigun joera da; alegia, artista bat hamarkada zehatz bati lotzearena. Honek gertaerak, lanak, eta artistak kronologikoki ordenatzen laguntzen digu, ezbairik gabe, eta bereziki lagungarria da artistak denboran kokatzeko –ez dut gezurrik esango–. Baina badu beste alde ilunagoa ere, eta hori zera da, askotan badirudiela artista jakin horiek ez direla existitzen atxikita gelditzen diren hamarkada hartatik kanpo, edo eta zabaltzen da halako zurrumurrua seinalatzean duena hamarkada horretatik aurrera burututako lana ez dela hain kalitate onekoa izan. Eta hau bereziki emakumezko artistekin gertatzen den fenomenoa da. Ordea, erakusketa honek, zorionez, joera murriztaile eta baztertzaile hori apurtzen du, erakusgai dauden lanik zaharrenak 90eko hamarkadakoak baitira.

Espazio aldetik, lanak ezin hobeto aukeratutakoak dira. Kubo Kutxa aretoan izan den edonork gogoratuko ditu bertako espazio zabal eta handiak, eta haien erabilera ezin egokiagoa egin du Lola Duran Ucar komisarioak erakusketa planteatzeko garaian. Izan ere, espazio txikiagoetan erakutsi ezin diren dimentsio handiko lanen aukeraketa fin bat proposatu du; areto bakoitzerako lan protagonista bat aurkeztuz. Hain zuzen ere, sei artelan handik osatzen dute erakusketa, ondoren hauen arteko loturak fintzen dituzten beste zenbait ekoizpen txikiagorekin osatzen direnak.

Erakusketa amaierako bideoan Lootzek berak aipatzen duen moduan, korapiloak hasiera irudikatu izan du hainbat eta hainbat zibilizaziotan; komunikazioaren hasiera, narrazioaren hasiera. Eta hala izan da erakusketan ere.

Erakusketa amaierako bideoan Lootzek berak aipatzen duen moduan, korapiloak hasiera irudikatu izan du hainbat eta hainbat zibilizaziotan; komunikazioaren hasiera, narrazioaren hasiera. Eta hala izan da erakusketan ere, Entre manos (2011) bideoan, Mendebaldean komunikazio mota honekiko gelditzen zaizkigun arrasto pizarrak bildu baititu, esanahia galduta eta jolas gisara, irudi gisara gelditu zaigun horien inguruko gogoeta bultzatuz; egun esparru sinbolikoan gelditu den denbora-pasaz ari da, esku artean soka hartu eta hauekin irudiak egiteaz, sokak eskutik eskura etengabe mugiarazten diren horretaz. Eta azken ideia honekin zuzenean lotuta dago erakusketako lanik erakargarriena ere, La habitación de Manila (1993) izenekoa. Artistaren hitzetan, eskura zituen zeta eta manilazko paperekin ia denbora-pasa modura egindako piezek osatzen dute instalazioa. Gorputz azal zatiak diruditen objektuek osatzen dute; zimurrez eta uzkurduraz betetako paperak dira, kolore zuritik hasi eta laranja-arrosa argi tonalitateen artean mugitzen direlarik guztiak. Ahulak eta hauskorrak dirudite, baina giza azalen gisara babesteko gaitasun ikaragarria duen materiala omen da manila, bereziki bere erresistentziagatik. Hain zuzen, sokak ere egiten ei ziren harekin, nahiz eta egun –soken komunikatzeko gaitasunarekin gertatu den moduan–, ezagutza hori ere galdua den, tamalez.

Aitortu beharrekoa da halako azpi diskurtso osaturik gabeko erakusketa dela, baina berau osatzen duten piezen aukeraketa bikainak halako lotura sotil, intuitibo eta iradokitzaileak sortzen ditu haien artean, gorputzei eta horien arteko harremanei egiten zaizkien etengabeko keinuen bidez, baina baita haietan presente dauden materialen bidez ere: harea eta elkar biltzen dituzten sokak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.