Harrigarria da, eta ez da inondik inora ere harrigarri, Aro Modernoan hasi eta Aro Garaikidean osatzen den diziplinatze sozialak zeinen ongi egin zuen bere lana. Hain ongi, ze, agian, jartzera noan lerro hauek bistakoak bezain inozoak izango diren batzuentzat: xaloak bezain inuzenteak beste hainbatentzat.
Beti da plazer argigarria Amaia Nausia Pimoulierren eta Arkadio Profesorearen arteko hizketaldi bat aditzea La Linterna de Diógenes saioan. Halako batean (15x26, joan den ekainean argitaratua), Emakumea eta lana Aro Modernoan hartu dute gaitzat. Horko ideia bat geratu zitzaidan iltzatuta: nola estatu modernoak bere moldea zabaltzen duen pixkanaka gizartearen eremu orotara. Arrazoiaren eta ordenaren aitzakiapean, bizitzaren arlo guztien instituzionalizazio prozesu bat gertatzen da; bistan denez, herri antolakuntza mota guztien aurka doana (Amaiari kontsulta eginik, Gerhard Oestreichez eta hark garatutako sozialdisziplinierung kontzeptuaz argibide gehiago jaso nituen).
Molde horren arabera eraiki dira, beraz, azken mendeetako egiturak: instituzio pribatu nahiz publiko oro estatuaren ispilu txiki bat da bere baitan, barneratua izan dadin ordena naturala, berezkoa, horixe dela. Kapitalismoa, patriarkatua. Eguneroko bizitzaren atal bakoitza arautzea, bizitza ekonomikotik norberaren kontzientziaraino. Ordena hori da, eta ez beste bat. Beste ordena baten aukera irudikatzea bera ere lan nekeza bilakatu zen arte.
Chefa Alonsok 2007an ateratako inprobisazio askearen gaineko liburu gogoangarriko zati honekin harilkatu zen ideia hau: «Gaurko orkestra sinfonikoek XIX. mendeko gizartearen gogoa birsortzen dute: errepertoriotik hasita [...] hierarkiaraino. Jacques Attalirentzat, orkestraren eraketa eta antolaketa industria-ekonomiaren boterearen funtsezko figurak dira.
Musikari bakoitzak (anonimoak, hierarkikoki sailkatuak eta soldatapekoak) osotasunaren zati bat besterik ez du ekoizten, berezko baliorik ez duen zati bat. Programatutako lanaren irudia dira. Zuzendariak botere ekonomikoa adierazten du: ekoizpena antolatzen du, kaosa saihesteko beharrezko ordena sortzen du, baina ez du zaratarik egiten.
Klase menperatzailea zuzendariarekin identifikatzen da; ikusle arrunta, aldiz, bakarlariarekin, jendetzaren gainetik altxatzen den norbanakoarekin. Honela, ikusleak ez du anonimotasunaren edo boterearen artean aukeratu beharrik. Are metafora ankerragoa erabiltzen du Elias Canettik konpositorea Jainkoarekin, zuzendaria poliziaburuarekin eta musikariak zerbitzariekin identifikatuz».
Chefak berak dioen gisan, metafora hauek gehiegizkoak izan daitezke. Baina lehen aldiz musika «egiazki» jasotzeko «modu gorena» ezartzera datoz: egoteko modua hierarkia zurrun baten baitan antolaturik. Berriz ere estatuaren antolaketaren ispilua. Hau da, gaur egunean ere, kontzertu hitzaren adiera nagusia garai horretan ezarria da.
XX. mende osoan eta gaur arte, kontzertuaren eta ikuskizunen eredu hori aski zabaldua izan da. Musika beltza jatorri duen pop musika guztia ere antzeko salgai bilakatu du kapitalismoak. Hasiera batean dantzaldiak eta areto edo plaza txikiak izandakoak handituz joan ziren, soinuaren teknologiaren garapenaren eskutik. Rock kontzertu erraldoiaren eta kontzertu klasikoaren aldeak nabarmenak badira ere, oinarrizko irudia ez da, azken finean, hain diferentea: agertorkiaren eta ikuslearen arteko aldea igaroezina da, artistak berak ez badu, behintzat, eskuzabaltasun jainkotiar keinu batez bide hori irekitzen. Oro har, ikusleak ematen zaiona kontsumitu besterik ez du egiten ahal. Zer esanik ez makrojaialdietan, baina hori beste baterako gai bat da: hor kontsumogai dagoena esperientzia bat da, musikarekin harremana erpintxo batetik besterik ez duena.
Eskala kontu bat ikusten da hor. Eskala estatua bada, neurria jainkoak badira, herriak begiratu eta ametitu (edo, asko jota, alde egin) besterik ez du. Ordea, eskala gizakia bada, harremana zuzenagoa da.
Txikitasunaren apologia dator hemen beste behin ere. Izan ere, eredu txikiagoak, herri musikarenak, ez dira desagertu. Musikak bere gizarte funtzio hurbilagoari eusten dio hor. Kapitalak, edonondik onura bilatzeko makina horrek, behin eta berriz sartzen du muturra, noski. Ohiko adibide bat ematera, hip-hopa. Auzoko bestak autoantolatuak eta helburu komunitario argikoak izatetik izar sistema bat eta dirua sortzeko makina erraldoia izateraino bizi izan zuen eraldaketa begiratu besterik ez dago.
Horren aurrean, ordea, txikitasunari, hau da, giza eskalari eusteko asmo argia aurretik hartzen bada, posible da bestelako praktikak irudikatzea eta eustea. Nabarmena da sound system-aren kultura. Bere egiteko moduak berak neurri bateraino soilik hazteko bidea onartzen dio desbirtuatu gabe. Betiere horizontala izango da, operadoreak eta izan litezkeen abeslari edo musikariek soinu sistemaren parean eta altura berean izan behar baitute, entzulea bi puntu horien tartean kokatzen delarik. Gauza bera second-line eta, oro har, txarangekin, ez bada espazioaren orpoz orpoko hartzerik, guztiz bestelako gertaera bat izango baita. Hauxe da herri ihautea ere, gertaera bat, jendearen elkartze bat, ez ikuskizun soil bat.
Jakina, estatuak «gauzen ordena naturalaren aurka» doazen praktika hauei mesfidati ekiten die. Harrabots handirik gabe batzuetan, gezurraren eta indarkeriaren bidez askotan.
LAUHAZKA
Hariak eta hipotesi bat Reimyren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu