Kritika. Literatura

Haragi bete min

Beñat Arrutiren 'Arkeologia haragitan' poema liburuaren azala. BALEA ZURIA
Beñat Arrutiren 'Arkeologia haragitan' poema liburuaren azala. BALEA ZURIA
Irati Majuelo.
2024ko urriaren 27a
05:10
Entzun

'arkeologia haragitan'

Beñat Arruti izan zen Donostia Kutxa Poesia sariaren azken irabazlea, eta hari esker ikusi zuen argia uda aurrean Arkeologia haragitan lanak. Liburuaren nondik norakoetan sartu aurretik, baina, aipatzekoa da, oraingoz ibilbide laburra duen arren, Balea Zuriak bultzatutako sari honen bueltan sortu direla azken urteotako idazle gazte esanguratsuetako zenbait (hala nola Esti Martinez, Elena Olabe edo Lizar Begoña), eta ez dela izan saridunak soilik hauspotu direlako. Hartzen ari da, beraz, uneko errekonozimendu soiletik harago, gazteentzako ibilbidearentzako abiapuntu traza.

Arrutiren lehen lana dugu honakoa; poeta barnerakoi eta gogoetatsua aurkezten digu bertan. Halaxe hasten da, behintzat, liburua, larru zahar bati barnean dituenez galdezka, bilatzen duenari buruz zalantza eginez, zuloan sakondu ahala itaun berriak aurkituz. Memoriara, herrara, minera gerturatzen du bilaketa horrek, eta azkenerako, nolabait azalberritzen. Izan ere, prozesu bat igar daiteke poemetan aurrera egin ahala, eraldaketarako bide bat, ni intimoenetik mundura ateratzeko ibilbide bat.

Hiru ataletan dago bereizia liburua: Hotzikarak, Kilimez, Azkurei kapituluetan banatua. Lehenengoan, zaurien agerpena azaltzen du poetak, eta horien jatorrira jotzen du, erabat nondik datorren ez dakien min bat ulertu nahian. Galduta egotearen, barne piztiak deskubritzearen eta kanpora irekitzeko ezintasunaren artean mugitzen da ahots poetikoa. Hori hala, bere buruaren azterketan zorrotz baina irakurlearentzat lauso gerta daitezkeen poemak gailentzen dira, noizbehinka biluzte argiago baten zantzuak sumatzen badira ere.

Kilimez kapituluan, berriz, argitasuna irabazten dute poemek. Mina maitasunaren ondorio gisa aurkezten da, poeta galerari mintzo zaio, eta, oroimenaren eta irudikatutakoen artean, herrak hartzen du leku. Liburu osoan, baina akaso atal honetan nabarmenago, idazlearen erreferentzia eta aipuak poemaren muinarekin jartzen dira elkarrizketan.

Azkenik, Azkurei kapituluak —hirugarrenak—, poetaren posizioa eta perspektiba aldatzen ditu. Jadanik ez da ari barnera begira, baizik kanpora, ingurura eta ingurukoengana. Ikuspegi aldaketak poema deskribatzaileagoak sortzen ditu, eguneroko bizimoduari lotuagoak. Espazioa eta denbora zehaztera jotzen du, ahots poetiko kokatuago bat eraginez. Hala ere, liburu osoan nabarmentzen den hausnarketa tonua mantentzen du, oraingoan gai sozialagoei buruz ari bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.