Marta Garcia
Analisia. Donostiako 85. Musika Hamabostaldia

Handitasuna neurtu beharko balitz

2024ko irailaren 2a
09:00
Entzun

Aurtengo Musika Hamabostaldiak «bidaiak eta exotismoa» hariari jarraituko ziola jakinarazi zuen, musika, dantza eta beste diziplina artistiko batzuk uztartu dituzten hainbat emanalditan. Euskaltzaindiari jarraituz, «urruneko herrialde batekoa; gure zibilizaziokoa ez dena, arrotza» da exotikoa; Gaztelaniaren Hiztegiak beste adiera bat jasotzen du orokorrean, arraroa, harrigarria, bitxia den horri erreferentzia egiteko. Noski, exotikotzat ditugun gauzak sozialki, kulturalki zein historikoki aldakorrak dira. Historian zehar konpositore eta artista askok inspirazioa hartu dute bidaietan eta arrotza den horretan —batzuetan jatorria aipatu gabe bereganatu eta estilo propio ere bihurtu dute—. Azken hilabetean izan ditugu nahikoa eredu.

Bruce Liuren interpretazio finak C. Saint-Saensek Egipton zehar egindako bidaian jasotako paisaiak eta berezitasun kulturalak azaleratu zituen Pianorako 5. kontzertua-n, Luxenburgoko Orkestra Filarmoniko bikainarekin batera. Exotikoa, eta bortitza ere bai, hurrengo egunean eskaini zuten Stefan Razinen exekuzioa, XVII. mendean tsarren nobleziaren eta burokraziaren aurkako altxamendua gidatu zuen kosakoaren azken hatsa taula gainean, Hamabostaldian lehen aldiz entzun ahal izan dena. Bitxiak ziren G. Bizetentzat XIX. mende hasierako Espainian bizi ziren ijituen ohiturak, soldadu nafarrak eta toreatzaileak, Carmen opera-komikoan musikaren bidez haragiztatuak. Ekoizpen berria aurkeztu da aurten, eta publikoak bero hartu du musikarien eta abeslarien jarduna.

Harrigarria Patricia Kopatchinskajak eskainitako B. Bartoken Biolinerako 2. kontzertua eta Ivan Fischerrek gidatutako A. Dvoraken 7. sinfonia distiratsua, Bohemiako atmosfera gurera ekarriz. Eta liluragarria Riccardo Chaillyk zuzendutako P. I. Txaikovskiren 5. sinfonia, energiaz betea. Zer esanik ez, Folia ikuskizunak ekarri duen berebiziko nahasketa, Kursaalean inoiz entzun dudan berehalako txaloaldirik biziena eragin zuena, edo Cappella Marianak eta Constantinoplek Krystof Haranten odisearen bueltan eskaini zuten kontzertu delikatua.

Beharrezkoa da kontuak egitea makina gelditu ez dadin, baina zenbakiek arrakastaz gutxi dute esateko. Zirrarak bai, eta asko egon da. Iritsi dadin, bere bila joan behar dugu: gustuko dituen txokoak miatu, gure aldartea egokitzen ikasi, espazio berriak sortu.

Formatu murritzagoan, Dianto Reed boskoteak duende-aren magia piztu du, eta Pepe Viyuelak eta Sara Aguedak erakutsi dute Gonzalo de Berceoren poesia ez dela hain arrotza, zortziehun urteren ondoren ere. Gainera, Hamabostaldiak ere bidaia egin du Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta baita Lapurdin barrena ere, besteak beste, gure organo ondarea aldarrikatuz, eta ausardiaz tokia egin dio arrotzena izan daitekeen horri: obra berriei, haur-opera bat barne.

Edizio handia izan da auditorioetan zein elizatan, San Telmoko klaustroko plastikozko aulkietan zein besaulkietako patxadan. Handitasuna ez baita kopuru edo arrandian neurtzen. Beharrezkoa da kontuak egitea makina gelditu ez dadin, baina zenbakiek arrakastaz gutxi dute esateko. Zirrarak bai, eta asko egon da. Iritsi dadin, bere bila joan behar dugu: gustuko dituen txokoak miatu, gure aldartea egokitzen ikasi, espazio berriak sortu. Gakoa ez dakit, baina badirudi Hamabostaldiak baduela erregela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.