Mari Karmen Garmendiari txanda hartuz, gelara sartu eta, bere eskola magistrala hasi aurretik beheko solairuan zizka-mizkak ditugula esan digu Larraitz Ariznabarretak, «eta ardo beltza ere bai». «Hain fede gutxi al duzu zure jardunean? Ardoa behar al dugu ez aspertzekotan?» bota diot burrustan, hainbeste urteren ostean unibertsitatera itzultzearen laineza. Barre egin dit. Eta, behera jaitsita, pare bat baxoerdi edan ditugun arren, ez zegoen beharrik. Joria eta apasionatua izan da bere hitzaldia.
«Nor naiz, exiliorik gabe?». Galdera horrekin hasi da irakaslea. Euskaldunok geure buruari itaun hori eginez gero erantzuna etsipenez betea dela esan digu. Exiliatuei esker garelako, eta haiei esker gaudelako gauden lekuan. Exilioari buruz hitz egitera etorri zaigu, beraz, Ariznabarreta. «Kobazulo ilun baten gisara» erakarri zuelako bera euskal exilioak. Eta Martin Ugalderi buruz hitz egitera, «euskal exilioaren sinekdokea»; Bernardo Atxagak esan omen zuen «Ugalde exilioa da». Deslekua sorleku bihurtu zuela ere esan zuen Atxagak Ugalderi buruz.
Gaztetxotatik bizitzea tokatutakoak betiko markatu zuen Ugalde. Gerratik ihesi jaioterria utzi eta familia sakabanatu egin zen: 1940ko udaberrian Gurs-eko kontzentrazio-esparruan sartu zuten, 18 urte zeuzkan eta bakarrik zegoen; anaia gerra hasieran ebakuatu zuten Errusiara, Stalingradora aurrena eta Odessara gero; aita Venezuelan, eta ama Andoainen, koinataren etxean. Gerora elkartu ziren denak Venezuelan. Eta han ekin zion lanari.
Euskararentzat hil ala bizikoa zen egoera, eta exiliatuak kontziente ziren trantze hartan egokitu zitzaien paperaz. Horrek azaltzen du, Ariznabarretaren arabera, haien emankortasuna, lanerako gaitasun nekaezina. Haien obraren larritasunak, eta lan hura garatzeko baldintzez jabetzeak, miresmena sortu ohi du. Eta begirada arbeletik ikaskideengana, norberagana ekarriz gero, zalantza, akaso: haien ondoan negarra jotzen espezialistak ez al gara gu? esne mamitan hazitako kastafaltsuak?
«[Exiliatuak] Kontziente ziren beraiek egiten ez bazuten inork ez zuela egingo». Eta gu kontziente al gara? Denbora asko ez dela kontatu zigun Andoni Egañak, egunkari honetan bertan, beharra izan ohi dela irakaslerik onena. Haiek bazekiten egin egin behar zela nahitaez, nahiz eta sarritan nola jakin ez. Eta hainbeste denbora pasatu ostean ez ote gaude oraindik ere horretan? Egin egin behar dugu derrigor, eta beti ez dugu jakiten nola.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa
Gure paraderoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu