Goibel esnatu da gaur eguna. Eta are goibelago jarri nau berriak eguerdian. Telefono dei batek eman dit notizia; bigarren telefono deiak, lana. Bueno, zeregina, enkargua, edo kasu honetan, ohorea, Mañu. Zuri azken agur hau eskaintzeko ohorea.
Ikusi gehiago:Umorea eta txinparta lagun
Orain urtebete egin genizun omenaldia herriko jaietan. Bertso-eskolan bagenekien makal samar zenbiltzala, eta hil osteko maitasun-adierazpenen oso zaleak ez izaki, berandu baino lehen egitea erabaki genuen. Zalantzati deitu nion zure zaintzaileari, Rebekari, ezezkoa jasotzeko aukera hor zegoela jakitun; baina, betiko moduan, baiezkoa jaso nuen. Baiezkoa bertso-eskolari eta baiezkoa herriari. Beti egon izan baitzara prest zeure burua herriaren zerbitzura jartzeko. Zure inguruan genbiltzan gaztetxook hori ere jaso genuen zugandik.
Rebekarekin (zure zaintzaile atzerritarrarekin) berriro hitz egin nuenean hari ere azaldu nion zein zen asmoa. Eta, barre artean esan zidan berari ere abesten zenizkiola bertsoak. Horren dudarik ez neukan; duda zen euskaraz ala erdaraz egingo ote zenuen. Zeren, zu ezagututa, bietara egitea ere izan zitekeen...
Desagertzear dagoen mundu ikuskera baten ordezkari izan zarela esan daiteke. Zeure burua hezi eta jantzi behar izan zenuen. Ez zinen ez bertsolari alfabetatua ez bertso-eskolakoa. Baina, bizitzaz bazenekien. Ez zenituen alferrik eman urte haiek Ameriketan artzain. Eta, zeure erara, egin zenuen transmisioa; kate-begitik kate-begira. Gaztetxoa nintzenean, sarri sentitu nuen zure babesa, saioen aurretik urduri egoten nintzenean, batez ere: «Zuek etorri denok nire kontra, eman egurra niri», esaten zenuen. Egurra hartzen ere bikaina zinelako. Zenbat bider minduko ote zizuten bihotz handi hori, eta zu beti irribarrez, bekain-keinuak egin eta aurrera! Ezagutu zaitugunok zure alde sentibera ere ezagutu dugulako. Stop. Badatoz negar-malkoak. Nork esango zuen Mañu, zuri buruz idazten hasi eta zure txiste eta ateraldien ordez zure sentiberatasuna aterako zitzaidanik! Denok dakizkigu bazkalosteetan kontatzen zenituen txisteak, bai, baina niri beste alde hori geratu zitzaidan; baserritar arlotearen papera egin arren, jendea ondo ezagutzen zuen gizonarena; bertso munduan zer egosten zen askok uste baino hobeto zekien kantukidearena. Gogoan daukat zelan aspaldi Amallon esan zenidan Legazpiko ilehoriak bertsotan ederto egiten zuela; eta, oraintsuago, herriko taberna batean Algortako errubia txikia aipatu zenidan...
Hizketan hasten zinenean ulertzen erraza ez bazen ere, badago detaile bat bertsolari gutxirekin gertatu zaidana: hikan egiten zenidan berba gehienetan. Bertsolari gizonezkoek (eta emakumezkoek ere bai) zukan egin izan didate gehienetan, nahiz eta euren artean hikan egin. Zuk, ostera, hikan egiten zenidan, zeure-zeurean.
Ez daukat gogoan noiz eta non egin nuen zurekin bertsotan lehenengoz, baina azken aldiak ez dauzkat ahazteko. Bata zeure auzoan izan zen, Larruskainen, egun osoko saioa; bestea, herriko jaietan, Uhagonen, iaz omenaldia egin genizun toki berean. Ordurako hankak baldartzen hasiak zenituen, baina burua bere lekuan zegoen. Iaz ere antzera: pausoa baldar, ahotsa ere ahulduta, baina burua ondo. Eta, nire memoriak horrelaxe gordeko zaitu betirako, Mañu, hiztun, umoretsu, maitagarri...