Erromatar inperioa modan dago. Orain dela hilabete batzuk, galdetegi batek erakutsi zuen gizonen kopuru handi batek maiz pentsatzen duela erromatar inperioan, batzuek egunero. Handik gutxira, Elon Muskek eztabaida piztu zuen Trumpen izendapenean, naziaren antz handiegia zuen agurra egin ostean, «agur erromatarra» zela adierazi zuenean. Interneten bilaketa txiki bat egin ostean, ez da zaila Vox alderdiko kideak erromatar armada gisa irudikatzen dituzten irudiak topatzea.
Tamalez, erromatar inperioaren aipamen horiek guztiek historiaren parte txiki bati bakarrik egiten diote so: alderdi beliko eta konkistatzaileari. Badirudi Erromako gizartean armada besterik ez zegoela, biztanle guztiak zirela armaz josiak guda egitera dedikatzen ziren gizon gazte zuriak. Eta, noski, ezin da ukatu konkistak erromatar inperioaren parte garrantzitsua izan zirela, eta gizarte oso patriarkala zela —alde horrek bereziki erakartzen ditu eskuin muturreko gizonak—. Baina ezin da ukatu, era berean, erromatar gizartea askotarikoa, aberatsa, konplexua eta aldakorra ere izan zela, eta utzi dizkigun arrasto askok ez dutela soilik borrokez hitz egiten.
Har dezagun, adibidez, Erromako Eurisazes okinaren hilobia. Ogia egiten aberastu zen esklabo ohi bat, liberto bat zen Eurisazes. Bizitzan lortu zuen arrakasta adierazteko, masa legamiatzeko ontzien itxura zuen hilobi handia eraiki zuen bere familiarentzat. Ogia egiteko pauso guztiak erakusten dira horren erliebeetan, eta argi uzten digu sekula gudaria izan ez zen Eurisazes hiriko pertsonaia garrantzitsua izan zela. Azken finean, ogia zen inperioko biztanle gehienen oinarrizko elikagaia.
Edo har dezagun Tarragonako hilobi batean topatu zen bolizko panpina artikulatua. Bere jabea zen 5 edo 6 urteko umearekin lurperatua izan zen, eta oraindik urrezko hariak zituen gorputzari itsatsita, jolasteko jantzi desberdinez apaintzen zen seinale. Ez zaigu ume horren jolasa imajinatzea kostatzen, ezta umea ehorzteko orduan, tristeziaz beteta, jostailua ondoan jartzen dioten gurasoak ere, doan leku ilunean konpainia izan dezan.
Edo har dezagun Arellanoko musen erromatar villa eta izena ematen dion mosaiko txundigarria. Bertan jakintza eta arteen jainkosak agertzen dira, euren inspirazioa zabaltzen. Musika, poesia, komedia, tragedia dira protagonistak, eta ez Galiako konkista eta estrategia militarra. Etxeko biztanleak ez ziren hemen elkartzen godoen kontra irabazitako azken batailaz hitz egitera, literaturaz aritzera baizik.
Mentalitate belizistaren helburua guda eta konkista gizarte gorenen ezaugarri nagusia dela pentsaraztea da. Baina gizarte garatuen ezaugarri nagusiak kultura eta humanitatea dira, eta, ongi begiratzen jakinez gero, Erromako arteak ere hori erakusten digu.